Lehendakariak adierazi du Euskadik "gero eta protagonistagoa" izan nahi duela nazioartean

Argitalpen-data: 

  • Iñigo Urkulluk Gasteizko Nazioarteko Zuzenbideko eta Nazioarteko Harremanetako Ikastaroetako ikasleak eta arduradunak hartu ditu

Lehendakaria “munduan leku gailena mantentzen jarraitzearen” alde agertu da, “horrek berezi egiten baikaitu”, esan du. Iñigo Urkulluk egun hauetan Gasteizko Nazioarteko Zuzenbideko eta Nazioarteko Harremanetako Ikastaroetan parte hartzen ari diren ikasleak eta ikastaroaren arduradunak hartu ditu gaur eguerdian Lehendakaritzan egin den ekitaldian.

Foro horren aurrean, lehendakariak adierazi du Euskadik “gero eta protagonistagoa” izan nahi duela nazioartean; “hori bai, gure herriak berezko dituen printzipioak eta balioak mantenduz: ahaleginaren kultura, prestakuntza, gure tradizioak, euskara, auzo-elkartasuna, etengabeko hobekuntza, ekintzailetza edo mundura zabaltzea”.

Adibide moduan, bikaintasun zientifikoa euskaldunon ezaugarrietako bat dela esan du, eta Europar Batasunaren azkeneko RIS 2023’ Txostena aipatu du, Euskadi “berrikuntza handiko” Europako eskualdeen artean kokatzen duena eta “bikaintasun-polo” gisa mantentzen duena. “Inbertsio sendoa egiten dugu hain garrantzitsua den gai horretan, eta Europak aitortu egiten ditu politika horien emaitzak” –adierazi du.

Esku-hartzearen beste une batean, Iñigo Urkulluk Makroeskualde Atlantikoa aipatu du –Euskadik Arku Atlantikoko Batzordeko Lehendakaritzatik sustatzen duena– “herrialde-helburu” gisa, eta isurialde atlantikoko lurraldeei eta Europako erakundeei proiektuarekin bat egiteko deia egin die.

Hazkunde inklusiboa, jasangarria eta adimenduna

Bestalde, aipatu du Euskadiko eredua Giza Garapen Jasangarria dela eta “hazkunde inklusiboa, jasangarria eta adimenduna” sustatzen duela, eta horren kudeaketa publikoa Nazio Batuen 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokaturik dagoela bost jarduera-esparrutan: Pertsonak, Oparotasuna, Planeta, Bakea eta Garapenerako Lankidetza.

Amaitzeko, lehendakariak euskal autogobernuari ere egin dio aipamena, eta, bereziki, etorkizuneko ereduari, eta adierazi du oinarrizko adostasunak eta legezkotasuna errespetatuko dituen esparru juridiko politiko berria eskatzen duela.  

“Orain garai berri bat bizi dugu Euskadin, eta etorkizun berri bat argitzeko aukera dugu.  Guri dagokigu adostasuna aplikatzea eta adostasunean ahalegintzea.

Estatuari ere garai berri hau behar bezala interpretatzea, dibertsitatea eta gehiengoan dauden borondate sozial bereiziak onartzea eta nazio anitzeko errealitatea onartuko duen Estatu-eredu berri bat planteatzea dagokio”, esanez amaitu du.

Informazio gehigarria