Kulturaren Euskal Behatokiak kulturaren egoerari buruzko txosten bat egin nahi du aldian behin, Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin.
Honako honekin ekingo diogu, bada, serieari. Lehen emanaldi honek kulturak aro digitalean zer arazo dituen azaltzen du, eta bi ardatz ditu: batetik, balio-katea eta, bestetik, kulturari eta komunikazioari buruzko ikuspegi estrategikoa indartuko duten gomendioak ematea.
Behatokiak egiten duen lana —dela estatistikak, dela txosten kualitatiboak— kontuan hartuta, txosten honek lan hori aberastu nahi du, euskal errealitateari buruzko analisi kritiko, independente eta baloratiboa eginez. Halaber bildu ditu kultura-politikarako hainbat proposamen, iritzi libretik eginak Kulturaren Euskal Kontseiluaren gogoetari bidea erraztearren edukiek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako saila konprometitu gabe, zeinak bere proposamenak egingo baititu, noski. Proposamenetan ez da ez lehengo ez egungo kultura-politikarik juzgatzen, aitzitik, horietatik abiatuta estrategikoki kudeatzeko arretagune berriak iradokitzen ditu.
Ez da ez egindako jardueren inbentarioa, ez dagoeneko dakigunaren deskribapen zehatz hutsa; aitzitik, analisi diferentzial batek emango du aukera zenbait alderdiren diagnostikoa egiteko. Alderdi horiei lotutako ekimenak bultzatu beharko dira, bada, defizitak zuzentzeko eta potentzialtasunak garatzeko. Hori dela eta, hemen ez ditugu aipatuko, ez bada oharren bat edo egiteko, Sailaren “Kultura Auzolanean 2014-2015” programaren 20 proiektuetan bildutako eta dagoeneko exekutatuta dauden neurriak, hemen proposatzen direnekiko koherentzia baitute.