Liburu osoa (pdf, 13,14 MB)
Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3 >> Bibliografia

eUsKaldUnON ALbiSte - HIstORia 2

Hego Euskal Herrian, aldi berean, karlistek liberalen aurkako guda galtzeak 1876. urtean foruen indargabetzea ekarri zuen. Erresuma Batutik Industria Iraultza etorri zen garaia dugu. Horrek, industrializazioa eragin zuen Bizkaian eta Gipuzkoan, batez ere. Horren ondorioz, azkenik, jende-mugimendu itzelak ezagutu zituzten orduko euskaldunek: landagunetik hirira eta Espainiatik Euskal Herrira. Testuinguru horretan, euskal kontzientzia sortzen hasi zen eta ordena berri horren kontra egitea lehenengo eginkizun izan zuen. Sabino Aranak (pdf, 696,50 kB) bere proiektu politiko berria ezagutzera emateko, hainbat aldizkari sortu zuen: Baserritarra (1893-1897) eta Bizkaitarra (1894-1895), adibidez. Iparraldean, euskaraz abiatutako komunikazio proiektuak nagusi ziren bitartean, Hegoaldean prentsa ekimenak euskaraz eta erdaraz argitaratzen dira. Zergatik? Aldizkari politikoak zirelako. Politikarako euskara aldarrikapena da eta horren berri albait herritar gehienengana heltzea helburua da. Horretarako, gehienen hizkuntza erabiltzen dute: erdara. Euskarazko hedabideek, aldiz, euskara dute eginkizun eta errealitatea. Hortaz, aldizkarion publikoa euskaldunek osatzen dute.

Aranak abiatutako aldizkari politiko horiek bi hizkuntzatan argitaratzen ziren. Euskararen inguruko gaiak, gehienetan, euskaraz lantzen zituzten, herriaren euskalduntasunak abertzaletasunari zilegitasun politikoa ematen ziolako:

“Ihazoten da Bizkaijen erri batzuetara etortie maixu
erdera bakarrik dakijenak [...]. Ezpadago barriz ume
erderaz dakijenik, gogue bete gure badau maixuek,
emon bierko dau eskuez edo bestela berezko agiriren
bat, edo jhun daguen tokire [...]. Aituko dan edonok,
lelengo euskeraz ikasi biar litzekeiala, eta gero sustraijak
artutakoan, nai etsian bada bere, izketa orretan
erderazko ikastegikua ikasiko dabe euskeldunak.”

(Bizkaitarra, 1894ko azaroak 30, 17. zenb., 2. or.)

Bizkaitarra

Resurrección Mª Azkuek (pdf, 772,78 kB) bere ikuspegia islatuko zukeen Hegoaldeko euskara hutsezko aldizkaria bultzatu zuen Bilbon: Euskalzale (1897-1897). Horretan, kultura eta informazioa tartekatu zituen hasierako zenbakietan; Euskal Herriko berriak zein kanpokoak ematen zituen:

“Aste onetako barriak.
EUSKALERRIAN.
Araban.- Bitoriako Gobernadorean kontra, egun
onetan tšakurrenak esan daroez eguneroko albistari
batzuk.
Bizkaian.- […] BERMEOKO zoro-etšea asko
aurreratu eidabe; ta datorren udagoienerako edegiko
eida. ¡Andiegia izango alda! […].
Zuberoan.- Aspaldion eguraldi tsarrak dagoz euskal
errialde onetan. Gitšitan ezautu dabe, zarrenak bere,
eurite ain iraunkorra […].
Gipuzkoan.- […] Errialde onetako Ekauta edo
Diputazinoiak aintzat eta ontzat artu dau, Donostiako
euskalzale batzuk eginiko eskaria; eta da, Gipuzkoako kale
erdalizendunai euskerazko izena ondoan ezartzea […].
Beste errialdeetakoak beste onenbezte egingo balebe,
Euskalerriak eleuke gaur legez erdalerria irudiko […].
ERDALERRIETAN Beljikan.- Bruselas-en emakuma bat, ioan dan ilean,
adierazletzat artua izan eida ango Auzitegian. Orainarte
beti izan dira gizonezkoak, berbeta batetik besterako
biurrerak (traduzinoiak) egiten izan dabezanak […].
Indian.- Bombai deritson urian triskantza andiak egiten
eidauz izurriak […].”

(Euskalzale, 1897ko urtarrilak 3, 7. or.)

Aldizkariaren bitartez, Azkuek euskara eta euskal gizartearen inguruko bere ikuspegi propioaren ekarpena ere zabaldu zuen. Euskalzale euskara hutsez argitaratzen zenez, hizkuntza ez zen goraipatu beharreko gaia, errealitatea baizik. Garai hartan, industria sortu berriak ezarritako ordena berriaren kontra aritu zen, bestetik, nekazal munduak ulertu eta interpretatu ezin zuen bizimodu eta euskalduntasunaren amaiera zekartzalakoan:

“Bizkaian.- […] GERNIKAN… Gernikan ia ia
Pancorbon baino Sanchez gehiago dagoz. Euretariko bat
eidago geure Zugatz maitea ta Batzar-etsea iagon edo
zainduten.”

(Euskalzale, 1897ko urtarrilak 3, 7. or.)

Bizkaitik argitaratuta, Euskal Herri osoa informaziogunetzat hartu zuen. Euskalzalek orduko berriemaileak ugaltzea ekarri zuen. Bitartean, urritasunari barre egiten ere asmatu zuen Azkuek:

“Bizkaian.- […] ARRATIAKO barririk eztaki
oraindino EUSKALZALEK. Tširristek [Azkueren
ezizena] ionalditsu bat egin bear izango dau ara bere.”

(Euskalzale, 1897ko urtarrilak 3, 7. or.)

                                                                                                                                                     Hasiera


Txirristez gainera, Euskalzalen, orduko hainbat euskal idazlek kolaboratu zuen: Felipe Arrese ta Beitiak (pdf, 1,72 MB)eta Arturo Kanpionek, kasu. Horregatik, hasierako berri-emaile eginkizuna alboratu zuen eta aldizkaria kulturara gerturatu zen. Espainiak bizi zuen giro politiko nahasgarrian, euskara hutsez argitaratzen jarraitu ahal izateko giltza ere bazen. Mugimendu abertzale sortu berriarekin, Euskal Herri osoko ikuspegia geureganatu genuen. Euskalzalek, hortaz, Ipar eta Hegoaldeko Euskal Herriko berriak zabaltzen zituen, alde kulturalari erreparatuz. Esaterako, 1897an Eibarren langileek egindako 1. greba ekarri zuen giro nahasia ez zuen aipatu, bai ordea Donibane Lohitzuneko jaiak iragarri:

Euskalzale

“[…] Iñoiz ez lekose iaialdi eder batzuk dagoz aurten
itsaserri polit onetan. Il onetsen 15an, Andra Mariegunean,
azita hurrengo zazpi egunak izango dira
bertako iai edo iolas-egunak.
Ona emen zelanbait iragarrita iai eta iolas onek […].”

(Euskalzale, 1897ko abuztuak 5, 7. or.)

Bizkaiko Gobernadore Zibilak 1899an erdaraz ere argitaratzeko agindu zion Euskalzaleri. Neurria bete ez eta garai hartako ehun pezeta ordaindu behar izan zituen Azkuek (adibidez, Ibaizabal urte batzuk geroagoko aldizkariaren urteko harpidetza-kuota hiru pezetakoa zen!). Horregatik, zenbaki batzuk euskaraz eta erdaraz plazaratu eta gero, diru-zorrek 1899an bertan Euskalzaleren itxiera ekarri zuten.

Euskalzaleri isuna

Aldi berean, Ipar Euskal Herriko Eskualdunan Jean Hiriart-Urruti zuzendari eta Louis Etxeberri sortzailearen arteko haserrealdiak izen aldaketa ekarri zuen. Sortzaileak izena bera erregistratu zuelakoan, ez zion Hiriart-Urrutiri Eskualduna izena erabiltzen utzi. Horregatik, 1903tik 1908ra bitartean Eskualdun Ona izenarekin kaleratu zen Baionako astekaria. Etxeberri hiltzean, haren alargunak Eskualduna izena erabiltzeko baimena eman zion Hiriart-Urrutiri. Tarte horretan, bide batez, zuzendariak bere ukituak eman zizkion astekariari. Hasteko, euskara sendotu zuen. Bigarrenik, informazioari leku handiagoa eskaini zion. Horretarako, berriemaile-sarea osatu zuen eta laborantza, jai eta tokian tokiko albisteak jasotzen hasi zen. Azkenik, zuberotarrak erakartzeko, ortografia bateratua erabiltzeari ekin zion. Horrekin guztiarekin, Eskualduna (eta Eskualdun Ona) Ipar Euskal Herriko gizartean errotu zen. Horren adibidea irakurle-kopurua dugu: 1903an, 1.000 ale zabaltzen zituen bitartean, 1908an 7.000 bezero inguru lortu zituen!

Eskualdun Ona

Ebaristo Bustintza Kirikiño (pdf, 1,39 MB) lagun, Azkuek 1902an Ibaizabal astekariaren proiektua martxan jarri ahal izan zuen, Bilbon. Bertan, euskarazko hedabideen premia azpimarratu zuen eta Eskualduna eredutzat jarri ere:

“[...] Minduteko gauzea da izan be, Europa guztiko
izkuntzetan albistariak ikustea, gueu bakarrik gareala
ainbakoak. Gure anaia Prantzes-Euskaldunak daukee
bat Donibane Lohitzunen (San Juan de Luz) amabost
urte onetan, Eskualduna derichona, erdizka Prantzesez
eta Euskeraz eguiña; beste bat eidaukee Kalifornian, ara
bizi izaten joan direanak sorturikoa [...].”

(Ibaizabal, 1902ko urtarrilak 5, 1. zenb.)

Ibaizabal

Sabino Aranaren heriotzaren berri

Ibaizabal aldizkariari ere Sabino Aranaren heriotzaren berri ematea egokitu zitzaion:

“Sabino Arana ta Goiri.
Eguasten goizaldean il zan Pedernales-en Bizkaiaren
seme zintzo au […].
Sabino Arana jaunak berak esaten eieutsan lengo urte
baten bere ta gure adiskide bati: Jose Mari, azia erein
dogu, ta uste dot lur onean, emongo dau landarea, ta
azkenez ondo zainduten bada alort edo frutua […].”

(Ibaizabal, 1903ko azaroak 29, 2. or.)

Ebaristo Bustintza Kirikiñoren ekarpena aldizkariaren hizkera laua dugu, bizkaieraz eta gipuzkeraz idatzia. Gipuzkoak, oraingoan, Bizkaiak baino pisu handiagoa zuen: Ibaizabalek garatu zuen berriemaile-sareak Gipuzkoako hamabi herri eta Bizkaiko zortzi zituen informaziogunetzat. Ibaizabalen zenbaki bakoitzak hiru mila aleko botaldia zuen. Guztira, ehun zenbaki baino gehiago kaleratu zituen.

Testuinguru politikotik harago, foruzale eta abertzale sortu berrien arteko lehiatik kanpo, hizkuntzaren kontzientzia piztu zen. Horren eredu Euskalduna aldizkaria dugu, 1898an sortua:

“Euskaldun arteko askok dauke alper edo ezer ezetako
gauzatšak euskeraz berba egitia, eta kaltarkizun
arteraiño be [...]. Ama euskalerriaren seme onak diriala
daukenak egiñik euren buruak, egiñ biar leuke egitiarren
berak itz egin eban itzkuntzan. Baña euskalerriak orain
be euskeraz itz egiten dau, eta bere semiak egin biar
dabe beti euskeraz, dakienak, eta eztakienak biar dabe
ikasi [...]. Ez dakite lege zarra ta euskeria egon diriazala
alkarturik beti, ez dabelako auskeriak sartzen itsi geure
mendietan izkune ta gogamen tšarrik.”

(Euskalduna, 1898ko otsailak 13, 76. zenb.)

Euskalduna

Ondoren, hamarkada luzean Hego Euskal Herriak euskarazko artikuluak argitaratzeko zailtasun handiak izan zituen. Iparraldean, ordea, Eskualdunak bere sasoirik onena ezagutu zuen. Espainian, garai hartan, langile mugimendua pil-pilean zegoen eta orduko bizi-baldintzek bultzaturiko hainbat greba aurrera eraman ziren. Hori erantzunez, sarritan, Estatuak aldez aurretiko zentsura ezartzen zuen. Euskal Herrian, Engracio Aranzadi Kizkitzak salatu zuenez, ez zegoen euskaraz zekien zentsorerik; horregatik, sasoian sasoiko zentsore erdaldunek zuzen-zuzenean euskarazko artikuluak debekatzen zituzten.

Giro politikoa baretu zen tarte batean, euskal munduaren norabidea eramango luketen bi erakunde sortu ziren: Eusko Ikaskuntza (1918) eta Euskaltzaindia (1919). Azken horrek Euskera aldizkaria sortu zuen, Resurrección Mª Azkue lehen euskaltzain zuela, hizkuntzaren inguruko gaiak ezagutzera emateko. Sabindarren teoriak, baina, ez zetozen Euskaltzaindiakoekin bat eta euren aldizkari propioetan bizkaiera garbizalea plazaratzeari eutsi zioten: Euzkadin (1931-1937) eta Euzko Deyan (1916), batez ere.


                                                                                                                                                     Hasiera

Euzkadi

Prentsa irakurlea

Euskal hizkuntzaren Akademia sortu berriari aurre egiteko, gainera, Euzkerea izeneko aldizkaria ere bultzatu zuten sabindarrek. Proiektu horretan Azkuerekin Ibaizabal aldizkarian ibilitako bidai lagunak parte hartu zuen: Kirikiñok. Orain, Kirikiñok sabindarren bizkaiera garbizalea hobetsi zuen, euskalkien berezitasunak mantentzeko asmoz.

Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroako euskaldun gehienek euskararen eredu integratzaileagoa nahi zuten:

“Ausarta banindadi, kitzikaño bat nezoke egin bakarrik.
Gogorra da, dorpea, askotan truskila, bizkaitarren
euskara. Garbiago zauku, leunago ere mendiez
hunaindian derabilaguna, nahiz den gutien bat
aberatsago hangoa. Ahopaldia bertzalede luzeago, eta
itzulika geiagorekin, bizkaitarrek. Irakurtzen dugularik,
ezin adituarekin askotan buruan min emaiten dauku.”

(Jean Etxepare, Eskualduna, 1921eko abuztuak 12)

Abertzaleen artean ere, ez zetozen euskara ereduarekin bat. EAJk eredu sabindarrari ekin zion eta ANV-EAE, adibidez, euskalkirik ez bereiztearen alde azaldu zen, euskara batuaren alde alegia. Horregatik, Euzkadiko artikulua bizkaiera garbizalean idatzita zegoen eta Tierra Vascakoa, ordea, euskara baturako bidean. Aldi berean, hainbat kazetari elizgizon zirela eta euskaldungoaren zati nagusiak urteotan erlijioari eutsi ziola kontuan izanda, zenbait aldizkari erlijioso ere plazaratu zen. Ez ziren gutxi izan, gainera: Jaungoiko-Zale, Jesus’en Biotzaren Deya, Zeruko Argia, Aranzazu eta Ekin. Erlijioaz gain, sarritan ezkerreko alderdien aurka ere idazten zuten:

“Arerijuak egin dabena:
1º Abadia eskoletatik urrindu.
2n. Euzkeraz irakastia eragotzi.
3n. Maisuai ez eroan-azo umiak elexara.
4n. Ikaskizun geyegi ipini, ta orregaz dotriñarako astirik
itxi ez.
5n. Maisuak leusindu, alogerak geituta.
6n. Maisu barri askori dotriña gaiztoak irakatsi.
7n. Gurasuen eskubidiak gitxitu.
8n. Geure aldeko legiak auzi.
Guk egin biar doguna:
1º Abadiak ez urrindu eskolatik.
2n. Alegindu euzkeraz irakatsi dagijoen umiai dotriña.
3n. Elexara maisuak eruan dagijezan alegiña egin.
4n. Egunian bein beintzat dotrinia eskolan irakastia
lortu arte ez gelditu.
5n. Au egiten daben maisuak saritu iñundik al bada, edo
goratu ta euren aldez ein.
6n. Maisu-geyak billatu euzkeldunen artian, eta lagundu
ikasi dagijen.
7n. Edegi euzkerazko ikastolak geuk zuzentzeko.
8n. Legiak emoten dauskuzan eskubide guztijak jagon.”

(Jaungoiko Zale, 1914ko urtarrilak 4, 17. zenb.)

Jaungoiko Zale

“Gure erlijioko asko gauza etzaizkigu argi erakutsi
oraindikan euskeraz. Txoko asko arkitzen dira argitu
bearrak. Euskal -etxe batzuetan eztakite dotriña buruz,
ez gazte ta ez zarrak. Beste euskeldun batzuek baldin
ba dakite ere buruz dotriña, eztute iñoiz aditu edo
eztira aditzera jarri; umetan ajola gutxi zitzaiotelako ta
gero sermoi edo itzaldietan arreta aundi-aundirik jarri
eztutelako. ZERUKO ARGIAk bear ditu ba txoko oiek
argiz bete, buru oietako illunak aienatu ta ez-jakiñen
begi aurrean jakin bear guztiak argi -argi jarri.”

(Zeruko Argia, 1919ko urtarrila, 1. zenb.)

                                                                                                                                                                                          
Hasiera

Zeruko Argia 1919an Iruñean kaputxino-talde batek sortutako hilabetekaria izan zen. Geroago, Espainiako Gerra Zibilaren ondorengo errepresioak aldizkaria kaleratzeko debekua jarri zion. Hainbat urteren bueltan, kutsu erlijiosoa utzi, aldizkari informatibo bihurtu eta, 1980an, Joxemi Zumalabek eta Jose Mari Ostolazak kaputxinoei aldizkaria erosi zieten. “Zeruko” izen-erdia kendu eta gaur egun Euskal Herri osoan zabaltzen den Argia astekaria bilakatu zen.

Zeruko Argia

Kuriositatea bada ere, Zeruko Argiak oraingo Argia izateari eutsi orduko, euskaldunok Argia izeneko beste komunikabide baten oihartzuna izan genuen. Euskaltzale-talde batek 1921ean Donostian sortutako Argia astekaria hainbat urteren ametsa izan zen. Hizkuntza eredu bateratua zerabilen, lehenengoz kazetaritza-generoak euskaraz garatu zituen (albisteak, elkarrizketak, erreportajeak, kronikak…), informazio eta berriemaile sarea zabaldu zuen, irudiaren baloreaz ohartu zen… Argia euskarazko kazetaritzaren eredua izan zen:

“Euskaraz guk egiten ez badegu, ¿nork egin bear
du? Guretzako ezpada, ¿norentzako da? Euskera
euskaldunak ondatu dute. Guziok errudunak gera.
Alderdi guzietan aberriko izketa maite izaten da,
Euskalerrian ez. euskera itz egiten lotsa dira euskosemiak.
Erdera maiteago dute, ederragotzat daukate.
¿Lotsagarriya ez al da au? Euskaldunen arpegiya euskera
da. Onek adirazten d u gure izkera.
- Zergatikan zaudete Euskeraren alde?
-Galduak geralako Euskerarik gabe.
Gorputza eta anima bezela daude Euskalerria ta euskera
alkarri lotuta. Euskera gabeko Euskalerria, animagabeko
gorputza bezela da.”

(Argia, 1992ko irailak 10, 73. zenb.)

<i>Argia</i > argitalpenaren lehen zenbakia

Argia euskarazko irakurleak sortu eta trebatzeko ezinbesteko tresna bihurtu zen:

“Euskerarik irakurtzen ez dutenen aoetatik makiñabat
aitzaki entzun ditugu. Au dala eta ura dala...Batez ere,
euskera zalla darabilgula alde guzietan [...].
Bi zailtasun izan ditezke euskera irakurtzean. Bat:
irakurtzeko zailtasuna; bestea: irakurritakoa
ulertzeko, entenditzeko, zailtasuna. Besterik ez. Ta
entzun zazu, setatsu orrek. Bigarren zailtasun au ez
degu emen esango. Nik emen esango detana irakurtzen
badezu, ederki ulertuko dezu [...].
¿Ta beste zailtasuna? ¿Zuk ez dakizula euskeraz
irakurtzen? ¿Nola jakingo dezu, beiñere ez zera ari
ere-ta? Baña entzun berriz: artu zazu asteroko au,
egunero-egunero ogei lerro, ogei ilarra irakurri itzazu (¡a
zer lana, bost minutuko lana!) ta illabete barru errexerrex
irakurri ezin badezu gure euskera, sendagilleari
(medikuari) deitu zaiozu, burutik gaxo zaude-ta [...].”

(Argia’ren Urtekaria, 1922, 49. or.)

1926ko egutegia

Argiaren ibilbidea Ipar Euskal Herrian Eskualdunak egindako lanaren parekotzat har daiteke. Bere eragina handi-handia zen eta gainerako euskal hedabideek ere haren inguruan hitz egiten zuten:

“Zenbat bidar esan eta entzun este da, emen Bizkaian
be euskeraz bakarrik egindako izparringi asteroko
bat bear geunkela, Gipuzkoan Argia dauken lez! [...].
Orra ba, emen olako izparringia atarateko eragozpen
asko ta andiak azpiratu bear dira. Ia-ia ezintzat euki
lei izparringi-atarate ori, ain andiak eta ugariak dira
eragozpenok.”

(Ebaristo Bustintza Kirikiño: Euzkadi, 1928)

Argiak hainbat gai lantzen zuen. Politikaz ere jardun zuen. Albisteak eman, kronikak idatzi eta egoera politikoa aztertzeko, euskara bidelagun zuen. Hona hemen, esaterako, foruen indargabetzearen urteurrenean idatzitakoa:

“Aurten betetzen dira larogei ta iru urte Madrid’ko
Gobernuak gure lege-zarraren kontrako lege berri bat
argitaldu zuen egunetik. Lege berri orrek autsi zuen
gure bizikera, gure eusko-bizitza, gure lege-arauzko
izakera.Euskaldunak: ¡gogoratu! Gogoratu gure
antziñako izakera berezia, gogoratu zer giñan eta zer
geran. ¿Gure lege-zar garbia maite ez duan euskaldunik
bai alda? ez: alderdi guzietako euskaldunak lege-zar
zaleak dira, maite dute. Bildu bada guzion maitasun
orren inguruan, ta legez ta bidezko zaizkigun eskubideai
eutsi gogor, indarrez ta maltzurkeriz kendu ziguten gure
lege zarra zutik jarri arte.”

(Argia, 1922ko maiatzak 7, 55. or.)

Sutondoan

Hortaz, garai hartako prentsaren antzera, Euskal Herriko sistema politikoaren beharrizanez mintzatu zen Argia. XX. mendearen hasierako Espainiako gobernuak zenbait gorabehera izan zituen, orduko bizi-baldintza latzek eta goseteak eraginda. Azkenik, 1931ko hauteskundeek Errepublika ezarri zuten. Erregimen politiko berri horrek Hego Euskal Herrirako estatutua aurreikusi zuen, Eusko Jaurlaritzaren sorrera ekarriko zukeena, azken horrek autogobernurako zenbait eskumen kudeatzeko. Lehenengo zirriborroak Hegoaldeko lau herrialderentzako estatutua zekarren. Orduko prentsak horretaz eztabaidatu zuen. Hona hemen Argiak, Euzko aldizkari jeltzaleak eta ANV/EAEren Tierra Vascak horretaz azaldutakoa:

“Erdaldunari etzaio egoki euskaldunari ‘estatutoa’
ematea, ta alegin guzietan dabil, gogorrean eta itz
leunka, euskalduna atzipetu nairik. Eta Euskalerrin
baditugu erdalzale batzuk ta oiek ere bide batez jo dute
‘Estatutoa’ren aurka [...].”

(Argia, 1933ko urriak 15)

“Catalunya’k lortu dauan Araudija naikua ete litzake
Euzkadi’n jagitten dan abertzaletasunaren egarrija
asetuteko? Catalunya’tarr askorentzako, geyenentzako,
lortu daben Araudija, naikua dala-ta gagoz [...].
Catalunya’ko katalanistakattik sarri entzun dogu
emengo ‘euzkalerriakoen’ antzekoak direla. Euzkerea
goxian eta zezenak arratsaldian; erdija euzkottarra ta
beste erdija españa’tarra [...]. Emen Euzkadi’n be,
‘euzkalerriakuen’ onduan bai-dagoz orretariko batzuek,
eta Euzko Araudija lortuten bada, orduantxe ezautuko
doguz nortzuk eta zenbatzuek diran ordalleko abertzaleeuzkotarrak,
Araudija gauza on-ona ixango litzake
gustijoen bijotzian euzkotasuna sartzeko berori egitteko
erreztasun geyago eukiko genduke ta. Baña ezta ori
Euzko Alderdi Jeltzalia’ren egarrijak asetzen dauzan
iturrija. Ezta Euzko Araudija Euzkadi’ren eskubidiak
ornituko dauzan neurkiña [...]. Au eta besterik ixango
EUZKADI AZKATUTEA baño.”

(Euzko, 1932ko irailak 18, 8. zenb.)

“Gure abertzaletasuna ezta ‘racista’ edo abenda aidekoa
gura daunentzat baño da alan da be guztiok ontzat artu
dituguz usteak elburu bardiñak batu dauzalako [...].
Orregatik sortzen dira aberriak izkuntz berezi duen
errietan, elerrti edo literatura berekorra, ta jakintza
berekorra edo bere ‘kultura’ daben errietan, baña, onek,
gauza guztiok, izkuntzatik sorturiko gauzak dira, da,
orregaitik, izkuntza da aberriaren zuztarra ta ez bere
odolaren izakera.”

(Tierra Vasca, 1933ko martxoak 13, 95. zenb.)

Argiak aurrean zituen erronkei ondotxo heldu zien. Euskaraz normaltasunez idazteko lehen pausuak emanak baziren ere, euskarazko kazetaritzak beharrezko zuen hizkera teknikoa garatu barik zegoen. Euskal mundutik ez zetozen hainbat kirolen berri eman behar izaten zuen: futbola, boxeoa… Horiek euskarara gerturatzeko lana Argiak egin zuen, neurri handi batean. Esaterako, boxeoak futbolak baino jarraitzaile gehiago zituen Euskal Herrian, Paulino Uzkudun gipuzkoarrak ibilbide ospetsua egin zuen-eta kirol horretan. Hari egindako elkarrizketa bakarra Bittor Garitaonandiak (pdf, 3,03 MB) Argian plazaratu zen:

“[…]-Firpo’kin ere jokatzeko zerala entzun degu.
-Baliteke bai; Londres’en ikusi nai gaituzte. Beste toki
askotatik ere aske daude, bañan oraindikan ez det batere
itz-emandakorik; beraz, izperringiak (periodikuak)
dioten guzia, esanak besterik ez dira; erabakirik ez dute.
Lenbizi Spalla azpiratu ta gero...
-Gero Ipar-Amerikara.
-Bai; Amerika ortan ni ikusteko gogo aundia daikate
noski; alde guzietatik deizka dauzkat. Nere aldez
lenbailen obe; aspaldi ontan oyetako ukabilkari gogor
batzuen aurrean jartzeko gogoz, irrikitzen nago.
-Peseta asko irabazteko ere ez omen da biderik txarrena.
-Ala diote.
-Tira ba: gertu ukabillok, eman muturreko zuzen
ta onuratsuak, bete sakelak dolarrez ta itzuli zure
Euskalerriko txoko atsegin ontara munduko txapel
nagusizburua estalirik. Irriparrez bere esku sendoa
luzaturik agurtzen gaitu Uzkudun’ek. Agur adizkide ta...
jokatu beti.”

(Argia, 1925eko martxoak 15, 1. or.)

Futbol partiduen berri emateko ere, hizkera berria osatu behar izan zuen Argiak, Futbolaren izena bere aldatzeraino: “ostiketa” esaten zion-eta. “Ostikolariak”, hortaz, futbolariak ziren; arbitroak “epaile” ez ezik, “txistulari” izena ere jaso zuen; partida erabakiko luketen golak “guenak” bihurtu ziren eta partida bera, “ostiketaldia”. Hona hemen Real Sociedad-Osasuna 1924ko euskal derbiaren kronika (3-0):

“Jende asko bildu zan igandean Atotxan donostiar eta
naparren ostiketaldia ikusteko. Torre jauna bizkaitar
epailea txistulari zutela, bitakoak gogatsu asi ziran
jokatzen: bañan laister erakutsi zuten donostiarrak,
iruñarrak bañon askoz geiago zirela. Bost miñutu
baño len Urbina’k bikain ta garbi lenbiziko guena
(goal) sartu zuen [...]. Donostiarrak bizkortu ziran
berriz eta Juantegi’k berak bakarrik bestên tartetik
pelota eramanaz, zuzen sartu zuen ate-barrenera.
Poztu ziran donostiarrak, ainbanatzeko (enpatatzeko)
arrixkoa aldendu zutelako. Beriala bukatu zen lenengo
ekiñaldia. Bigarren ekiñaldian ez genuen gauza
aundirik ikusi. Ez batzuek eta ez besteak etziguten
erakutsi jolasketaren edertasun gutxienik ere. –Ura bai
zala naste-borraste! [...].
Donostiar batzuei ere zerbait esan bearra badegu. Oyu
ta deiadar egiñaz jokalariak ez dute ezer irabazten,
ikusleak gutxiago. Iskanbila -zalên kontra gera beti; es
(sic) jarraitu bada beren ikasbideari. Ongi da jokalariai
txaloz ta aupaz adorogarriak ematea; zalaparta eta
iskanbilez ez ordea [...]. Torre txistulariak noiz txistu
egin badaki, alde bitakoai berdin begiratuaz. Bukatu da
lenbiziko ekinaldia, Real Sociedad gain gelditurik.”

(Argia, 1924ko azaroak 2, 185. zenb.)

Euskal komunitate zabalera heltzeko, publiko guztientzako argitalpenak beharrezko jo zituen Argiak. Hortaz, 1927an ume euskaldunengana Txistu komiki-aldizkariarekin gerturatu zen.

Urte osorako harpidetza

Irakurri zazu

Azkenean, Argia euskarazko lehenengo egunkaria bihurtzekotan egon zen, Jose Mª Agirre Lizardik (pdf, 915,54 kB) bultzatuta.

“Nere aburua zan astekari-egunkariak BAT egitea.
Artara, egunkaria besterik elitzake izango, ta onek,
astean bein, ale berezi bat ateratze’aal-luke. Astearen
egunetarik bostean, beraz, egunkaria eskuan
dezutenaren aundiko litzake. Igandeetan, berriz, ale
berezia, ale aundia: au da, egunari dagokion egunerokoa
ta, erdian sartuta, beste ainbesteko astekaria. Ale
aundi ori egunkari naiz ‘Argia’-irakurle guziei elduko
litzaioke: bere lanik aundiena egunkaria zabaldu ta
bazterretarañotzea litzake. Egunkariak, esateko, aste
gorrian egunero iru milla ta bosteun ale salduko lituke,
ta igandean zazpi, zortzi, agian amar milla ale, berezi
oietarik, orrela bere bideak gerorako urratuz. Badirudi,
gañera, biak bat ez egiñenean, elitzakela ain erreza
astekari-arpideduna egunkari-arpidedun egiten.”

(Argia, 1929.eko ekainak 16)

Asmoa ez ezik, proiektuaren lehen urratsak emateari ere ekin zion Lizardik:

“Egunkaria badator!!!...
Bai, jauna! Egunkaria ber-bera ezpa-dator ere, ori
etorbidean jarri bearra, zirt edo zart egin bearra, bai,
badator. “Euskaltzaleak” lan aundia egin du bi illabete
auetan, ixillik egon bada ere. Batez ere, arren eta arren
itzaldi bi oietara etortzea eskatzen diegu Euskaltzale-
Batz edo Federación de Euskeristas delakoaren
Bazkun guziei, ordezkari bitartez: EUSKALTZAINDI,
JAUNGOIKO-ZALE, EUSKERAREN ADISKIDEAK,
ESKUALTZALE BILTZARRA, BARAIBAR TALDEA,
eta abar.Ordezkari bana bialtzea ORDAINDU
EGINGO ZAIE. Azkenik, lengoak gutxi badituzu,
irakurle, entzun belarriertzera esan bear dizugun zertxo
bat: itzaldi oietara bazatoz, gauz jakingarriak irakatsi
ezezik, esku sari bat, ‘erregalo’ bikain bat emango
dizugu. Ez iñori esan, baña...EGUNKARIA ESKUAN
IPIÑIKO DIZUGU.

(Argia, 1929.eko ekainak 16)

                                                                                                                                                                                         
Hasiera

Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3 >> Bibliografia