Lehendakaritza

Brexitaren eraginak enpresetan

Gaur egun, Euskadiko 500 enpresa inguruk esportatzen dute britainiar merkatura, eta 60 enpresa inguruk badituzte ordezkaritza komertzialak eta/edo produktiboak bertan. Erresuma Batua helmugako laugarren merkatua da, eta euskal esportazio guztien %6 jasotzen du. Gainera, azpimarratzekoa da Erresuma Batuarekiko merkataritzak Bilboko Portuaren jardun osoan duen pisu handia. 

Behin transizio-aldia amaituta, eta aldeek 2020ko abenduaren 24an lortutako merkataritzari eta lankidetzari buruzko Akordioa oinarri hartuta, merkataritza askeko arlo handinahi bat sortu da, aurrekaririk ez duena. Ezaugarrietako batzuk:

  • Lehia desleiala eta distortsioa saihesteko printzipio zehatzak ditu
  • Gatazkak aplikatzeko eta konpontzeko mekanismo nazionalak ezartzen dira, EBko eta Erresuma Batuko enpresek baldintza berdinetan lehiatzen direla bermatzeko
  • Akordioak zeroko tarifak eta kuotak ezartzen ditu ondasun guztientzat.
  • Akordioak aurreikusten dituen salbuespenezko merkataritza-baldintzen onuradun izateko, enpresek frogatu behar dute beren produktuek "jatorrizko arau”en beharrezko baldintza guztiak betetzen dituztela. Betetzea errazteko eta burokrazia murrizteko, akordioak aukera ematen die operadoreei merkantzien jatorria ziurtatzeko, eta "erabateko metaketa" aurreikusten du
  • Aduana-prozedurak Hitzarmenaren esparruan sinplifikatzen dira. Hala ere, Erresuma Batuak Aduana Batasuna uztea erabaki duenez, merkaturatutako merkantzia guztiei kontrolak ezarriko dizkiete.
  • Merkataritzarako beharrezkoak ez diren oztopo teknikoak saihestuko dira. Hala ere, EBn sartzen diren Erresuma Batuko produktu guztiek EBko estandar arautzaile zorrotzak bete beharko dituzte, elikagaien segurtasunari (arau sanitarioak eta fitosanitarioak) eta produktuen segurtasunari buruzkoak barne.
  • Zerbitzuen merkataritzari dagokionez, Merkataritzaren munduko erakundea (MMA)-tik haragoko irekiera-maila bat adostu da, baina horrek adierazten du Erresuma Batuak ez duela onurarik izango EB osoan zerbitzuak emateko askatasunean.

Hornidura-katean inplikatuta dauden alderdi guztiek jakitun egon behar dute formalitate guztiak betetzearen inguruan dituzten ardurez, eta bermatu behar dute dokumentazioa eta ziurtagiriak behar den bezala eginda daudela.

Horregatik guztiagatik, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak zenbait neurri hartu ditu enpresaren munduari sostengua emateko.

Webgune bat sortu da. Enpresa-ehunari informazioa eta aholkularitza emateko eta berarekin harremanetan egoteko tresna bat da. Webgune horren bitartez, ETEek Euskadiko Nazioartekotzeko Agentziaren Londresko bulegoarekin kontaktatu ahal izango dute.

Beste alde batetik, webguneak azaltzen du zer-nolako urratsak egin beharko dituzten enpresek euren kontingentzia-planak prestatzeko, horri buruzko informazioa, gomendioak eta alertak eskainiz.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak –Finantzen Euskal Institutuaren eta Elkargi SGRren bitartez- 25 milioi euroko finantzazio-lerro bat sortu zuen otsailean, Brexitaren eraginez euren jardunean arazoak epe labur eta ertainera izango dituzten euskal enpresei laguntzeko (arazo horiek likidezia-tentsioengatik sortuko lirateke gehienbat).

Azkenik, Londresko bulegotik koordinatzen den Brexit Trade Helpdesk martxan jarri berri da. Bere helburua euskal enpresei berehalako irteeraren aurrean erantzun arin bat ematea da. Horretarako, dagoeneko badiren zerbitzuei Department for International Trade (Erresuma Batuko Merkataritza Ministerioa Bilbon) erakundearen lankidetza gehitu zaio, formularioen, telefono bidezko arretaren eta FAQen bidez ahalik eta erantzun onena emateko.

Jarraian hainbat dokumentu lagungarri:

Azken aldaketako data: