Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

247. Bolunburuko multzoa (Bolunburu, Zalla)

7B. ETAPA: BILBAO • BALMASEDA

Behe Erdi Aroko jauregi-multzoak

XIV. mendetik aurrera oinaztar eta ganboatarren euskal leinuak banatu zituzten bando-liskarrak orokortu egin ziren. Borroka krudela izan zen, non ondasunen gaineko eztabaidak, leinuaren ohorearen defentsa eta iraganeko irainen mendekuak nahastu ziren. Leinuek dorreak zituzten: babesa emateaz gain, familiaren handitasunaren adierazgarri ziren, propaganda-funtzioa betetzen baitzuten. Erabilera horrek bandokideen arteko gatazkatik haratago iraun zuen; izan ere, gatazka XV. mendearen erdialdean amaitu ondoren, leinu handiek dorreak eraikitzen jarraitu zuten lehengoak imitatuz, beren boterea erakusten jarraitzeko. Salcedo bailara ere gatazka horien eszenatoki izan zen. Dorreak nonahi sortu ziren, eskualdeko beste edozein tokitan baino gehiago: Zallan 22 dorre eraiki ziren. Horietatik oso gutxi iritsi dira gaur egunera.

Inguruak kontrolatu ahal izateko, leinuek beren dorreak leku garrantzitsuetan kokatzen saiatu ziren: askotan jarduera handiko komunikabide garrantzitsuetatik gertu egoten ziren eta horrek lurraldearen gaineko kontrola errazten zuen. Horrez gain, ingurunea ustiatzeko industriaurreko azpiegiturak ezarri zituzten: burdinolak eta errotak, adibidez. Leinuentzat azpiegitura horiek diru-iturri ziren, bai heurek zuzenean ustiatzen zituztenean, bai hirugarrenei errentan ematen zizkietenean. Enkarterrietako eskualdean, Kadagua ibaiak mota horretako instalazioak eraikitzea erraztu zuen, haren emari ugariak instalazioetako makineriaren funtzionamendurako behar adina energia ematen baitzuen. Hala, dorre bati lotutako jauregi-multzoak eratu ziren: dorreak eta haren kontrolpean zeuden industriek osatzen zuten, bai eta kapera gisa erabiltzen ziren ermitek ere.

Bolunburuko jauregi-multzoa

Bolunburuko multzoa jauregi-multzoen adibide garbia da: dorreak, ermitak, errotak eta burdinola handi batek osatzen dute. Kadagua ibaiaren meandro batean kokatua dago eta dorrearen azpian Errege Bidea igarotzen zen; kokapen horri esker dorretik multzoko elementu guztiak kontrolatu zitezkeen.

Bolunburuko dorrearen lehen dokumentu-aipamena 1610ekoa da, baina eraikinaren ezaugarriak XVI. mendekoak dira: oinplano handia, oso zorrotzak ez diren baoak eta nazela markatuak. Gotiko-errenazentista estiloko eraikina da, aretoko dorrearen tipologiarekin bat datorrena. Oinplano angeluzuzena eta lau altuera ditu: behean ukuilua, bizitzarako bi solairu eta ganbara bat goialdean. Hareharrizko harlangaitzez egina dago, eta izkinetan harlanduzko kateak ditu. XVII. mendean eraberritu zutenean jatorrizko itxura oso aldatuta geratu zen. Eraberritze horretan interes handiko hainbat elementu gehitu zitzaizkion: hala nola eskalinata, ezkaratzaren zabaltzea eta patinaren (lehen solairura igotzeko eskailerak) inguruan egindako eraikuntza.

Bestalde, dorrearen azpian eta bidearen ondoan Santa Ana ermita dago, 1610. urtean dorreko jaun-andre ziren Iñigo Hurtado Salcedo eta Mariakakoak eta Maria Murga eta Eskoriatzakoak sortua. Leinu hori izan zen bertako patrono, eta ermita familiaren oratorio pribatua izan zen. Harlangaitzez egina, oinplano angeluzuzena eta hiru isurkiko estalkia dituen tenplu txiki bat da. Fatxada nagusian tenplurako sarrera bakarra dago, dobeladun erdi-puntuko arku batez errematatua. Sarrera babesteko arkupe bat dago, harrizko harroinetan bermatuta dauden egurrezko lau zutikoz eusten dena. Fatxadaren gainean kanpai bakarreko kanpai-horma bat ageri da.

Bolunburu dorreari lotutako industria-azpiegituren aztarnak bidearen eta Kadagua ibaiaren artean ikus daitezke: burdinola, XVIII. mendeko industria siderurgiko tradizionala dena, eta gurpil hidraulikodun irin-errota. Aztarnen handitasunak erakusten du tamaina handiko multzoa zela. Gaur egun kontserbatzen diren elementu batzuk dira: Kadaguako ura instalazioetara eramaten zuen ubidea, biltegia eta estoldak. Zutik dirauten hormak harlangaitzezkoak dira.

Partekatu

unesco