Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

253. Boinas La Encartada (Peñueco, Balmaseda)

7B. ETAPA: BILBAO • BALMASEDA

Industrializazioa Balmasedara iristea

XIX. mendeak eta industria-iraultzak aro berri bat ekarri zuten Balmasedara. Urduñatik igarotzen zen merkataritza-bide berria irekitzearen ondorioz, XVIII. mendeaz gero hiribildua gainbeheran zegoen, Erdi Arotik aurrera eskualdean merkataritza-gune gisa izandako garrantzia galdu baitzuen. Horrez gain, XVIII. mendearen amaieraz gero eta XIX. mendean zehar izandako gerrek kalte egin zioten (Konbentzioko Gerra, Gerra Napoleonikoak eta Karlistaldiak). Mende horren amaieran, ordea, 1888an, eskualdeko meatze-ustiapena errazteko helburuarekin Zorrotza eta Balmaseda herriak lotzen zituen Kadaguako trenbidea sortu zen, eta bultzada handia izan zen Balmasedarentzat. Bizkaian gertatzen ari zen industrializazio-prozesu garrantzitsuaren baitan sartzean herriaren berpiztea gertatu zen: hainbat industria garrantzitsu ezarri ziren bertan, hala nola Boinas La Encartada txapel-fabrika eta Mariano Murga Tamayo altzari-fabrika.

Boinas La Encartada fabrika-multzoa

Boinas La Encartada ehun-fabrika 1892. urtean sortu zen Marcos Arenas indianoaren eta beste lau merkatariren ekimenari esker: Bilbon elkarte anonimo bat eratu zuten artilezko haria eta artilez egindako mota guztietako produktuak egitea helburu zuena; jarduera nagusia txapelen manufaktura izan zen. Lantegia Balmasedako herrigunetik kanpo eraiki zuten, Peñueco auzoan, sozietateak hiribildutik 2 km ingurura erosi zituen lursail batzuetan. Urteek aurrera egin ahala fabrika handitzen joan zen eta ekoizpen-lerro berriak ireki zituzten, hala nola mantak eta oihalak; gero, eskularruak, bufandak, bisera eta buru-berokiak ekoitzi zituzten, gaur egun ezagutzen dugun multzoa osatu arte.

Fabrikak 1910. eta 1936. urteen artean izan zuen bere goren aldia, ekoizpen-hedadura handiena lortu zuen garaia izan baitzen, eta 1992an itxi zuten arte funtzionatzen jarraitu zuen, sortu zenetik ehun urtera. Itxi zutenean, fundatzaileek hasieran emandako itxura eta teknologia ia berberak zituen.

Fabrikak hiru gorputz erantsi ditu. Zaharrena (1892) erdiko atala da eta bertan batzen da ekoizpen-prozesuaren muina: ardatz eragile nagusiak eta lan-espazio handiak han kokatzen dira. Oinplano angeluzuzena du eta lau nabe berdinez osatuta dago; bi isurkiko estalkia du, hamabost atalez eta egurrezko zertxaz osatua. Lehenengo solairuan irute- eta ehungintza-atala dago eta bi altuera ditu. Mendebaldeko fatxadak, makinen funtzionamendurako energia lortzeko eraikinari atxikita doan ur-ubidera ematen duenak, altuera txikiagoa du. Kanal hori Kadagua ibaiaren gaineko presatik dator.

Fabrikaren erdiko atalari ekialdetik atxikita alboko eraikin altuago bat dago, behe solairua eta beste bi solairu dituena. 1908an eraikitako eraikin hori bi horma-artez osatuta dago eta egurrezko zertxen bidez eusten den estalkia du.

Azkenik, multzoa ixteko, hirugarren eraikin bat dago, aurreko biei iparraldetik zeharka atxikita. 1892 eta 1900 urteen artean eraikia izan zen, eta fabrikaren fatxada nagusia izanik sarrera bertan dago. Oinplano angeluzuzenekoa da, hiru altuera eta lau isurkiko estalkia ditu. Lehenengo solairuan bulegoak zeuden eta bigarrena etxebizitza zen. Azken horretan eraikinaren ekialdean dagoen terraza estali bat nabarmentzen da. Ondoan nabe txiki bat du, non turbina bat eta erreguladore bat gordetzen diren. Bloke horren fatxadek eta eranskinak ezaugarri berdinak dituzte: zuriz margotuta daude eta baoak arku beheratuekin inguratuta daude, moldura lau eta urdinekin.

Fabrika-multzoa ez zen soilik ekoizpen-eraikinera mugatzen, fabrikako langileentzako etxeak ere bazituen. Kolonia txiki bat zen, eta Guadalupeko Ama Birjinari eskainitako kapera-eskola bat izatera iritsi zen. Etxe horiek erosotasun garrantzitsu eta modernoak zituzten, hala nola su zuzeneko txapadun sukaldeak, ur-korrontearen hornidura eta komuna. Zeharkako eraikinaren ondoan La Plazuela etxea dago(1892-1894), non hamabi etxebizitza eta fabrikako jantokiak zeuden.

Azkenik, aipatzekoa da La Encartadak gordetzen duen balio handieneko elementua makineria dela, ia osorik kontserbatu dena. Jatorriz ingelesa da gehienbat, XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasierakoa. Makina horien bidez ekoizpen-prozesu osoa ezagut daiteke, lehengaiak fabrikara iristen zirenetik produktua paketatu eta ateratzen zen arte. Oso egoera onean kontserbatutako multzo teknologikoa izanik, bere balioa bakarra da.

Partekatu

unesco