Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Elkarreragingarritasun-hitzarmena sinatu dute herritarrei izapideak sinplifikatzeko
egilea: Pegip 2020,
Gobernu Kontseiluak lankidetza-hitzarmena onetsi du, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artekoa, elkarri administrazio elektronikoko oinarrizko soluzioen prestazioa emateko. Honen bitartez, bi administrazioek on line zerbitzuak emango dituzte elkarreragingarritasuna errazteko (informazio-trukea, datuak eta zerbitzu elektronikoak).
Akordioak dakar jauzi kualitatiboa ematea erakundeen arteko lankidetzan, eta herritarrek administrazioen esku dauden datu eta dokumentuak ez aurkezteko duten eskubidea gauzatzea.
Erabiliko den elkarreragingarritasun-sistemaren bidez, ziurtagiriak edo paperezko beste egiaztagiri batzuk ordezkatuko dira, eta, haien ordez, datuen transmisio elektronikoak egingo dira, eta horrek ziurtatu egingo ditu trukatutako informazioaren benekotasun-, osotasun-, isilpekotasun-, disponibilidade- eta kontserbazio-baldintzak.
Onetsitako akordioaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak datuak partekatzen dituen plataformen sarearekin bat egingo du. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak honako oinarrizko aplikazio hauek partekatuko dituzte, besteak beste:
- Euskal Sarea, euskal administrazio publikoen komunikazio-sarea.
- IZENPE, sinadura elektroniko aurreratuko zerbitzuak, besteak beste euskal agentziaren identifikazioko, autentifikazioko eta sinadura elektronikoko baliabideak.
- NISAE, Euskadiko administrazioen segurtasunerako eta elkarreragingarritasunerako nodoa (NISAE).
- Ordainketa Pasabidea, edozein izapide mota segurtasunez eta erraz ordaintzeko.
- Euskadiko herritarren karpeta, euskal administrazio publikoen herritarren informazio- eta tramitazio-zerbitzuen elkarreragingarritasuna).
- Euskal administrazio publikoen Kontratazio Elektronikoko Plataforma.
Akordio horrek onura nabarmenak dakarzkie herritarrei:
- Herritarrentzako zerbitzua hobetzen du: administrazioen arteko lankidetzaren ondorioz.
- Administrazioen sistemen artean informazioa trukatzea. Helburua da herritarrek erakundeen artean noraezean ibili behar ez izatea, dela batek emandako dokumentuak beste batean aurkeztu behar izateko, dela administrazio desberdinetan eskabideak eta idatziak izapidetu behar dituztelako.
- Izapideak eta administrazio-prozedurak sinplifikatzea. Murriztu egiten da administrazioekiko izapideetarako edo ziurtagiriak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.
- Gardentasuna eta erraztasuna: herritarrek ez dute administrazioek ematen dituzten zerbitzuen atzean dagoen barne-izapidetzea ezagutu behar izango; orain arte, batzuetan, beharrezkoa izan da, zenbait izapide egiteko orduan
Gainera, onura hauek ere lortuko dira Administrazioarentzat:
- Eraginkortasuna hobetzea: areagotu egiten da administrazio-jarduketaren eraginkortasuna, elkarlanaren eta lankidetzaren bidez.
- Kostu eta espazioak aurreztea: paperezko dokumentuen ordez elektronikoak erabiltzeak aukera emango du paperezko dokumentuak emateak eragiten dituen kostuak murrizteko, bai eta haiek biltzeko espazioa murrizteko ere; hala, ingurumena zaintzen laguntzen da.
- Lan-karga murriztea: truke elektronikoa izanez gero, arindu egiten da data-karga kudeaketa-sistema hartzaileetan.
- Informazioaren kalitatea hobetzea: kudeaketa-sistema hartzaileetan informazioa kargatzean, egon daitezkeen erroreak ezabatzen dira; izan ere, karga hori automatizatu ahalko da.
Euskadi estatuan administrazio publikoen arteko online informazioaren trukean buru da; posizio horren ondorioz, baliabide publikoen aurrezpen handiak egiten ditu. 2019an, euskal administrazioek 11.950.131 online transmisio egin zituzten, NISAE nodoaren bidez.
Administrazio publikoek elkarren artean gehien trukatzen dituzten izapideak honako arlo hauekin zerikusia duten dokumentazioa eta informazioa dira, hurrenkera honetan:
- Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE).
- Proba libreak hizkuntza-eskola ofizialetan.
- Unibertsitateaz kanpoko eta unibertsitateko ikasketak eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko bekak.
- Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko laguntzak.
- Etxebizitzako prestazio osagarria (EPO).
- Aitortutako sinadura elektronikoaren ziurtagiria eskuratzea.
- Zentro publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzea.
- Gizarte-larrialdiko laguntzak.
- Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako onarpena eta matrikulazioa.
- Seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoak.
Administrazioen arteko lankidetza PEGIP2020 Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko Plan Estrategikoaren 6. ardatzaren (Kudeaketa aurreratua) barruan dago, eta aurrerantzean jarraitu beharreko bidea da zerbitzu publikoen kalitatea eta horien kudeaketaren eraginkortasuna hobetzen jarraitu ahal izateko.