Datu irekien kultura sustatzeko ideia eta aplikazio onenak aitortzeko Open Data sarien edizio berria martxan
egilea: Pegip 2020,
Gobernu Kontseiluak uztailaren 28an onartu zuen "Open data" sarien deialdi berri bat, datu irekiak berrerabiltzearen kultura sustatzea helburu nagusi duena.
Zerbitzua, azterlana, bistaratzea, web-aplikazioa edo gailu mugikorretarako aplikazioa sortzeko ideia deskribatzen duten bi ideiarik onenak sarituko dira, bai eta zerbitzuak, azterlanak, bistaratzeak, web-aplikazioak edo gailu mugikorretarako aplikazioak ematen dituzten bi proiektu onenak ere, horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako datu irekien katalogoetako datu-multzoak erabiltzen dituztenak.
Open data sarien hirugarren edizio honetarako, Eusko Jaurlaritzak hiru foru-aldundien eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako udalen lankidetza dute; izan ere, sarien epaimahaian parte hartzen dute eta hautagaien esku jartzen dituzte beren datu irekien katalogoak.
“Open data” sarien bitartez Gobernuak ezagutzera eman nahi du euskal administrazio publikoen datu irekien katalogoak badaudela, horien ahalmena, datu irekien berrerabilera eta horien ondoriozko zerbitzuen sorrera sustatu nahi du eta irekitzeko ahalegin gehiago egiteko kontsumitzaileek gehien eskatzen dituzten datuak zehaztu nahi ditu. Hala, aberastasun eta balio soziala sortzeko datuak berrerabili eta kontsumituko dituen pertsona-kolektiboa sortzen lagunduko da.
Guztira 26.000 euro banatuko zaizkie lau proposamen irabazleei:
- 5.000 euro Euskadiko datu irekiak berrerabiltzeko ideia deskribatzen duen proiekturik onena
- 3.000 euro Euskadiko datu irekiak berrerabiltzeko ideia deskribatzen duen bigarren proiekturik onena
- 10.000 euro Euskadiko datu irekiak berrerabiltzeko proiekturik onena
- 8.000 euro Euskadiko datu irekiak berrerabiltzeko bigarren proiekturik onena
Bi lehiaketen (Datu Irekiak Berrerabiltzeko Ideien Lehiaketa eta Datu Irekien Aplikazioen Lehiaketa) hirugarren edizioan izena emateko epea 2020ko irailean irekiko dela aurreikusten da, eta 30 egun natural iraungo du, gutxi gorabehera.
Nahi duen edozein pertsona fisiko edo juridikok har dezake parte, Administrazio Publikoak eta beraien sektore publikoaren barruan dauden erakundeak izan ezik.
Horretaz gain, pertsona fisikoak banaka edo taldeka har dezakete parte lehiaketan. Sari bakoitza proiektu bakar bati emango zaio, parte hartu duten pertsonen kopurua kontuan hartu gabe eta pertsona bakoitzeko proiektu bat baino gehiago aurkeztea posible izanik.
Open data sariei buruzko informazio gehiago Open Data Euskadi webgunean.