Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Eusko Jaurlaritzak Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoa onartu du

PEGIP 2020

egilea: Javier Bikandi, 

Gobernu Kontseiluak gaur, abenduak 12, “Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoa (PEGIP2020) onartu du, eta aste honetan bertan bidaliko du Jaurlaritzak Legebiltzarrera.

Eusko Jaurlaritzak Euskadi gobernantza publikoaren arloan ere Europako eskualde berritzaile gisa kokatzeko garatutako zeharkako estrategia gisa sortu da.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkorekak Eusko Legebiltzarrean agertuko da asmo handiko plan estrategiko horren xehetasunak azaltzeko. Plan horretan, herritarrak izango dira lanaren antolamenduan, forman eta kulturan gertatuko den aldaketaren protagonistak. Izan ere, lana gobernantza publikoaren balio zorrotzei jarraikiz egingo da aurrerantzean.

PEGIP2020 planak 4 helburu nagusi ditu bere formulazio estrategikoan – administrazio irekia, eraginkorra, efizientea eta berritzailea lortzea-, eta 6 ardatzetan banatzen da:

  1.  Gardentasuna eta parte-hartzea: ardatz honetan Legebiltzarrean, euskal sektore publikorako gardentasunari, herritarren parte-hartzeari eta gobernu onari buruzko legearen proposamena garatzen laguntzea sartzen da.
  2. Zentzuzko plangintza estrategikoa: plangintzaren eta ebaluazioaren kultura sustatzea ezinbestekoa da; izan ere, herritarren parte-hartzearen bidez diagnostiko partekatu bat adosteko eta, horren ondorioz, lehentasunezko helburuak finkatzeko eta helburu horiek lortzeko estrategia komun bat sortzeko aukera ematen duen kudeaketa-metodologia bat da.
  3. Herritarrekiko harremanak: herritarrekiko interakzioaren egungo eredua hobetzea da erronka nagusia (Zuzenean arreta zerbitzua eta zerbitzu elektronikoen eskaintza osotzea, hobetzea eta erabilera sustatzea).
  4. Erakunde-integritatea: Eusko Jaurlaritzak ikuspuntu integral batean oinarrituta garatuko du ardatz hau, euskal erakunde publikoen, Euskadi markaren, konfiantza publikoaren eta euskal erakundeen irudiaren sinesgarritasuna sendotzeko politika baten euskarri gisa. Proiektu zehatzen artean, Eusko Jaurlaritzak Kode Etikoa eta Jokabide Onekoa zabalduko du eta Langileen Erregistro Zerbitzua bultzatuko du, langileen betebeharrak kontrolatzeko.
  5. Berrikuntza: berrikuntza irekia bultzatu nahi da ardatz honetan, eta, horretarako, herritarrak eta kargu publikoak betetzen dituzten pertsonak politika eta zerbitzu publikoen diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan inplikatu behar dira. Planak, gainera, kudeaketa publikoaren eremuan ideia eta jardunbide berriak aplikatzeko aukera bultzatuko du, gizarte-balioa sortzeko, hau da, gizarte-berrikuntza bultzatzeko.
  6. Kudeaketa aurreratua: administrazioa eraldatzea du helburu, kudeaketa eraginkorragoa, efizienteagoa eta bidezkoagoa eskain dezan. Administrazioen arteko lankidetza, pertsonek enplegu publikoaren antolamenduan eta modernizazioan bete beharreko zeregina, antolamenduaren egokitzea eta eraldaketa digitala sartezen dira ardatz honetan.

Herritarren partehartzeak jarraitzen du

Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoak” gardentasunaren, parte-hartzearen eta lankidetzaren balioak sustatzen ditu, eta, horregatik, gainerako erakundeen, administrazio publikoen eta herritarren laguntzarekin landu da. Era berean, Eusko Jaurlaritzak herritarrei arreta eskaintzeko eta entzuteko kanal guztiak ditu zabalik:

“Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoa” esteka honetan eskuragarri daukazue:

PEGIP2020 DOKUMENTUA (PDF, 4 MB)