Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

133. Bizkaiko Zubia (Portugalete)

8. ETAPA: PORTUGALETE • KOBARON

Gizateriaren mugarria Done Jakue Bidean

Puntu honetan, Europako industria-iraultzaren eraikuntza-mugarri garrantzitsuenetako baten aurrean gaude. Antzina, Portugalete eta Areeta arteko komunikazioa txalupa bidezko sistema tradizionalean egiten zen, gaur egun ere jarraitzen duena. Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren bokalean dagoen pasabide honetan, 160 metroko distantzia gainditu behar zen. Salgai-trafiko handiko eta oraindik denboraleen eraginpean zegoen eremu batean, irtenbide teknikoa ez zen erraza, baina Alberto de Palacio (Sara 1856-Getxo 1939) arkitekto-ingeniariak, txikitatik Portugaleteko kaian bizi izan zenak, zubi eseki transbordadore bat eraikitzea erabaki zuen. Beste edozein motako azpiegiturek ez zuten arazo tekniko hau gainditzen: distantzia handiak lotzea nabigazio askea mantenduz.

1890ean Alberto de Palaciok merkataritza-sozietate bat eratu zuen bere proiektua gauzatzeko, eta obra egiteko enkargua Fernando Arnodini eman zion, zubi esekiak ustiatzen eta eraikitzen aditua zen ingeniari frantziarrari, Gustave Eiffelek gomendatua. Obra 1890eko ekainaren 1ean hasi zen, baina Palacio arkitektoaren eta Arnodin kontratistaren arteko desadostasunak agerian geratu ziren, bai eraikuntza prozesuan, bai ondoren egiletza norena izango zen aitortzeko orduan. Bizkaiko zubia 1893ko uztailaren 28an inauguratu zen, beharrezko erresistentzia probak egin ondoren, 40 tonako pisuarekin kargatuta. Lehenengo bidaiak orduko burgesiako pertsona ospetsuek egin zituzten bere ontzitxo esekian; izan ere, garai hartan oso modan zeuden bi bainuetxe-estazio elkartzen zituen zubiak, eta XIX. mendearen amaieran turismo dotorea jasotzen zen bertan. Adibidez, inaugurazioa egin eta egun gutxira, Isabel infantak zubia bisitatu zuen, eta hainbeste gustatu zitzaion, ezen, dirudienez, zazpi bidaia egin baitzituen.

Zubiak eraso bat jasan zuen Espainiako gerra zibilean. 1937ko ekainaren 17an, Iparraldeko Armada Errepublikanoaren ingeniariek zama leherkarien bidez eraitsi zuten pasabidea, tropa nazionalak igaro ez zitezen, baina 1941eko ekainaren 19rako berreraiki zen. Ordutik gaur egunera arte, zubiaren erabilerak ez du etenik izan.

2006an UNESCOren Munduko Ondarearen Batzordeak Bizkaiko Zubia inskribatu zuen bere zerrendan. Horrela, Euskal Herriko Gizateriaren Ondareko lehen monumentua bihurtu zen, eta Estatuko industria-ondare izaera duen lehena, Industria Iraultzako burdinaren arkitektura-lanik aipagarrienekotzat hartuz eta altzairu arin txirikordatuzko kableen erabilera berritzailea nabarmenduz.

Ezaugarri teknikoak eta irismena

Asmo handiko proiektua hau zen: lehendabizi 62 metroko altuera zuten lau dorre metaliko eraikitzea, bi itsasadarraren ertz bakoitzean, 45 metroko altueran zintzilik zegoen 8 metroko zabalerako pasabide bati eusten ziotenak. Pasabidearen azpian bi errail zeuden, eta handik arrabol-tren bat mugitzen zen. Horrek batetik bestera mugitzen zuen transbordadorearen ontzitxoa, 18 kable zehiarretik zintzilik zegoena.

Bizkaiko zubiak funtzionaltasuna eta edertasuna batzen ditu, munduko zubi eseki transbordadorerik zaharrena da eta oraindik mantentzen diren zortzi zubi esekietako bat. Urteko 365 egunetan 24 orduz funtzionatzen duen mundiko zubi eseki bakarra izateraren balioa du (Frantziako Rochefort zubiak ere funtzionatzen du apiriletik azarora). Oraingoz, bere edertasunaz eta ondare-balioaz gain, bere funtzionaltasuna bermatuta dago; izan ere, gaur egun ere, ibaian gora 20 kilometroko joan-etorria aurrezten jarraitzen du, itsasadarra zeharkatzeko.

Partekatu

unesco