Bizi Berri Plana
Bizi Berri Plana Eusko Jaurlaritzaren lan-tresna izan da pandemiaren bilakaeraren deskribapena eta jarraipena egiteko, baita gizarte osoari eragiten dioten prebentzio-neurriak prestatzeko ere, eta LABIren (Larrialdiari aurre egiteko bidea, Euskadiko Babes Zibileko Plana) Aholku Batzordearen jarduera-esparru gisa balio izan du. Bizi Berri Planaren lau edizioek eta seigarren olatuan ezarritako Aginte Taularen jarraipenak kontuan hartu dituzte OMEren eta ECDCren gomendioak eta jarraibideak, bai eta eskura dauden ebidentzia zientifikoak eta dokumentatutako jardunbide onenak ere.
Hiruhileko bakoitzean modu aldakor eta aurreikustezinean agertu den bi urteko pandemia-esperientziak agerian utzi du jarraipen epidemiologikoko tresnak aldizka eguneratzea egokia izan dela, birusaren bilakaerari eta olatuetan sortu diren beharrei erantzuteko modua eman duelako.
‘Euskadin pandemiaren gobernantza eta kudeaketa bi urtetan. Etorkizunerako ikasitakoak’ dokumentuaren lehen helburua kudeaketa-memoria eta bi urteko denbora pandemikoaren hasieraren balorazioa eskaintzea izan da, Lehendakariak gidatutako gobernantzaren ikuspegitik, LABIren bidez eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan hartu behar izan dituen erabakien bidez, bai eta kudeaketa-esperientzia horrek ekarri duenaren balorazio irekia ere, krisi honi erantzuteko zuzendaritzaren erantzukizunaren ikuspuntutik.
Bigarren helburua, lehenengoari lotua, inguruabar historiko horretatik irakaspenak ateratzera bideratuta dago, etorkizuneko gogoetak eta iradokizunak formulatzeko. Batetik, pandemiaren kudeaketari berari buruzko ikaskuntzak; eta, bestetik, gizarte gisa gure bizimoduei eta harremanei buruz atera ditzakegun ikasgaiak. Ziurrenik, erronkarik garrantzitsuena: bizipen horretatik zer ikasi dugun gizakion eta gizartearen hobekuntzarako.
Nolanahi ere, memoria hau ez da behin betiko balorazioa, besteak beste, pandemiak oraindik ere irauten duelako. Ebaluazio integralaren zati bat da, barrutik kanporako eta kanpotik barruranzko begiradak batuko dituena, eta osasun-krisi honen beste eremu batzuen azterketa ere barne hartuko dituena, eta, gainera, denbora beharko duena perspektiba hartzeko.
Azken aldaketako data: