31. Beroikiako multzoa gurutzea eta Guano-Berokia zubia (ZALDUONDO)
3. ETAPA: ARANTZAZU • ARAIA
Postaren Errege Bidea
Arabako Lautada, probintziaren ipar-ekialdean kokatuta dagoenez, historian zehar komunikabide garrantzitsuek zeharkatu dute. Antzinarotik hasita, garrantzi estrategikoko ibilbideak garatu ziren bertan, hala nola Iter XXXIV zeritzon antzinako galtzada erromatarra, eta ondoren etorri ziren Errege Bidea eta Donejakue Bidea, besteak beste. Beharbada, horien artean Postaren Errege Bidea da gaur egun ahanztuena, nahiz eta XV., XVI. eta XVII. mendeetan oso garrantzitsua izan, joan-etorri askoko bidea baitzen. Izenak dioen bezala, posta garraiatzeko bidea zen, Madrilgo gortetik Frantziako erresumako hiribururaino zihoana. Arabatik igarotzean antzinako galtzada erromatarrarekin bat egiten zuen Gasteizeraino, eta handik Elorriagara zihoan, Arabako Lautadaren bihotzean barneratuz, San Adrianera bidean (Araba Gipuzkoarekin lotzen duen pasabide natural estrategikoa). XV. mendearen amaieran garatzen hasi zen, Leinu gerrak amaitu ondoren, eta oso aktibo egon zen 1765. urtera arte, Karlos III.aren gobernuak Errege Bidea Arlabango portura lekualdatu zuen arte. Leku aldaketa horren ondorioz, Postaren Bidea erabiltzeari utzi zioten.
Komunikabide garrantzitsuetan, bidearen mantenurako eta handik igarotzen diren pertsonei zerbitzua emateko hainbat elemetu sortu ohi da, eta Postaren Errege Bidean ere hala izan zen. Horietako asko gaur egunera iritsi dira eta ondare garrantzitsua osatzen dute: horren adibide da Berokian ikus daitekeen multzoa, Guano-Berokia zubiak eta izen bereko gurutzeak osatua.
Toponimoaren izenak adierazten duen bezala, berokia hitzak babesa esan nahi du euskaraz. Toki babestua da, mendiaren hegalaren hegoaldeko isurialdean kokatua, eta neguko denboraldi hotzetan baldintza onuragarriagoak ditu nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerak garatzeko. Horren erakusle dira bertan kokatutako historiaurreko aurkikuntza arkeologikoak, gizakiaren presentzia goiztiarra adierazten digutenak. Berokia izeneko borda bat ere badago, agian abeltzaintza praktikatzen zutelako aztarna izan daitekeena.
Postaren Errege Bidearen mugarriak Berokian
Berokiara Postaren Errege Bidetik iristen da, Malpaso herritik abiatuta, Guano ibaia zeharkatzeko Guano-Berokia zubia igarota. Zubia bi isurkiko biaduktu txikia da, erdi-puntuko arku sendo batez osatua. Oso estetika sinplea du eta hareharrizko harlanduz egina dago. XVIII. mendean berritua izan zen eta duela gutxi ere zaharberritu egin dute, zubiraino iristen den galtzadaren hondakinekin batera.
Berokiako gurutzeari dagokionez, bidearen mugarrietako bat da, eta Santa Apolonia eta Marisoro ermiten artean kokatuta dago. Ez dakigu gauza askorik bere jatorriari eta jatorrizko kokapenari buruz: ez dakigu bere jatorri kronologikoa zein den, baina hipotesi batzuen arabera kristau aurreko hilarri bat izan daiteke, gurutzearen sinboloa txertatuz kristautu zena. Gurutze lobulatuaren formako harrizko bloke batean egina da, eta erdian zirkulu batean inskribatutako beste gurutze bat du. Gaur egun (2022) Zalduondon ikusgai dagoena erreplika bat da, jatorrizkoa zaharberritzeko prozesuan baitago Arabako Arkeologia Museoan.
Azken aldaketako data: