Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

116. Basurtuko ospitalea (Bilbao)

7. ETAPA: BILBAO • PORTUGALETE

Gaixoen arreta

Antzinako Erregimenean, medikuntzaren garapena oso mugatua zen garai batean, ospitaleek babes-etxe eta erromesen ostatuari lotutako jarduera bat zuten, osasun arloarena berarena baino gehiago. Euskal hiribilduek laguntza-erakunde horietako asko izan zituzten Erdi Aroaren amaieratik, askotan ermitei ea beste erlijio-erakunde batzuei lotuta. Kontzejuak horietako askoren kargu egin ziren arren, eraikuntza ordaintzeko euren ondasunak uzten zituzten pertsona partikularrek sortu ohi zituzten.

XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, egoera hori aldatuz joan zen, eta ospitaleak egokitu egin ziren aldaketa sozial, demografiko eta medikoek eragindako beharrizan berrietara. Gainera, osasun arloa, interes publikoko gai bihurtua, erakunde publikoen ardura izaten hasi zen.

Bilbon, Joan Santuen Erdi Aroko ospitalea eraikin funtzionalago eta modernoagoa bihurtu zen 1818 eta 1835 bitartean. Hala ere, eraikin neoklasiko hori 40 urtean ere zaharkituta geratu zen, bai ohe-kopuruari dagokionez, bai instalazioen narriaduragatik. Hala, 1895ean ospitale-gune berri bat eraikitzeari ekin zitzaion serioski, eta 1899an Enrique Epalzak egindako diseinua onartu zen. Lanak 1908. urtera arte luzatu ziren, urte horretan amaitu baitzen.

Historizismo ingelesaren eragina

Pabilioi ezberdinez osatuta dago eta ingeles edo eskandinaviar inspirazio nabarmeneko estilo eklektikoa du. Adreilua aukeratzen da fatxaden estaldurarako, Ingalaterrako arkitektura historizistak berezkoa duena. Hala ere, diseinu monokromo eta lauaren alde egin beharrean, kontraste-joko bat aukeratzen da: pilastra, inposta eta inguruen harri faltsuaren zuria eta fatxadak apaintzeko diseinu ugariko azulejoen urdina. Dekorazioa estalkiraino luzatzen da, non kolore ezberdineko teilak ikus daitezkeen motibo deigarriak osatuz.

Pabilioietan hainbat elementu apaingarri eta funtzional daude, hala nola mantsardak, xapitelak, teilatutxoak, etab. Erabilitako baliabide apaingarrien adibide gisa, pabilioiaren eta fatxadan duten kokapenaren arabera modulaje eta diseinu desberdinekoak diren leihoak aipatuko ditugu. Konstante bakarra arku eskartzanoaren erabilera da, baina bere konfigurazioan aldaera desberdinak agertzen dira. Hiru ardatzetan kokatutako 6 hutsartetan banatutako leiho handiak (sarrerako gorputzetarako), modulu desberdineko bi hutsarte gainjarritako baoak eta bao bakarreko leiho sinpleak aurki ditzakegu.

Partekatu

unesco