Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

54. Barbakanako urmael zeltiberiarra (GUARDIA)

6. ETAPA: SANTA CRUZ DE CAMPEZO • LAGUARDIA

Guardiako herri zeltiberiarra hornitzeko urmaela

K. a. III. mendean La Hoya herrixkak jasandako eraso bortitz baten ondorioz herrixkaren zati handi bat desegin ondoren, krisi sakon bat gertatu zen, eta bertako biztanleek handik joan eta muinoaren goialdera mugitzea erabaki zuten. Kokapen berria kilometro gutxira zegoen, eta altuerak segurtasun handiagoa eskaintzen zien. Arkeologiak berretsi egin du muinoaren goialdean, gaur egun Guardiako herrigunea dagoen lekuan, erromanizazio aurreko eta ezaugarri zeltiberiarreko herrixka bat egon zela. Horren lekuko dira Santa Maria de los Reyes elizaren ondoko plazan aurkitutako grafia zeltiberiarreko txanponak, eta hiriguneko birgaitze-lan bat egin behar zela-eta egindako premiazko indusketetan aurkitutako eraikuntza-elementuak. Aurkikuntza horiek iparraldetik hegoaldera 400 m-ko luzera duen eremu batean banatzen dira hirigune historikoan, eta horrek agerian uzten du herrixkak garai horretan izan zuen garrantzia.

Garai horretako elementu deigarrienetako bat Barbacanako urmael zeltiberiarra da, hirigunearen hegoaldean dagoena, Erdi Aroko harresi zaharraren ondoan (hortik datorkio izena). K. a. III. eta II. mendeetan errendimendu betean egon zen, baina geroago ere erabilia izan zen. Urmaelak iturburu batetik zetorren ura jasotzen zuen. Iturburua muinoan bertan sortzen da, 80 metroko altitudean, eta gaur egun ere ura ematen du. Erdi Aroan ibilgua desbideratu zuten, eta kanalizazio bat eraikita ura muinoaren magalera eraman zuten. Bere eginkizun nagusia pertsonen kontsumorako ura biltzea zen, ganaduari emateko ura muinoaren oinean dauden hezeguneetan baitzuten. 303.000 litroko edukiera zuen, eta beraz, erromanizazio aurreko biztanleentzat ur-hornidura ez zen izan arazo bat. Badaude urmaelaren erabilerarekin zerikusia duten beste hipotesi batzuk. Haien artean bada bat zalantzak sortzen dituena baina aurkitutako aztarna arkeologikoak ikusita kontuan hartzea komeni dena: litekeena da urmaelak funtzio erritualak ere izatea. Teoria hori berresten duten ebidentzien artean urmaelaren inguruan Matresi eskainitako aldarea dago, erromatarren garaikoa baina sustrai zeltiberiar argia duena. Halako elementuak iturburu medizinalei edo termalei lotuta agertu ohi ziren.

Urmael zeltiberiarra

Obra hidrauliko hau Europako aro zeltiberiarrean eraikitako urmael handienetakoa da, eta eraldatu gabe dagoen bakanetakoa, antzeko beste depositu batzuek ez bezala erromanizazio garaian ez baitzen aldatu.

Eraikitzeko, oinarrian naturalki dagoen haitza baliatu zen, eta gainean bertako hareharrizko silarrixkako hormak eraiki ziren, inolako kare-masarik gabe. Forma irregularra izan arren angeluzuzena izateko joera du, batez ere erdialdean. Horma desberdinak gainjarrita ikus daitezke, hainbat lanen emaitza: erdikoa, zaharrena, 0.85 m-raino altxatzen da; 3,10 m-rainoko hormak, aldiz, ondorengo handitze bati dagozkio. Azpiegiturak 218 m2-ko azalera du guztira. Mendebaldeko aldean kokatutako hareharrizko lau bloke handiz eraikitako harmailadi batetik sar zitekeen uretara, non erritu-funtzioekin lotuta egon daitezkeen ebakidura batzuk ageri diren.

Partekatu

Azken aldaketako data: