124. Barakaldoko udal hiltegia (Barakaldo)
7. ETAPA: BILBAO • PORTUGALETE
Bizkaiko bigarren hiriaren beharrizan berriak
Barakaldoko udal hiltegiaren garrantzia ulertzeko, hiriaren garapena kontuan izan behar dugu. Barakaldo landa eremuko herri bat zen, eta XIX. mendearen erdialdean ingurune hartan izan zen siderurgia- eta metalurgia-jarduera itzelaren ondorioz berebiziko hiri- eta demografia-hazkundea jasan ondoren, auzo txiki eta baserriz osaturiko udalerria izatetik Bizkaiko hiri populatuenetariko bat izatera pasa zen.
Bultzada handiena 1877 (Bigarren Karlistaldia amaitu ostean) eta 1885 artean izan zuen, izan ere, bitarte horretan hainbat gertaera izan ziren. Batetik, Nuestra Señora del Carmen siderurgia-enpresa, 1854an sortua eta lehenengo euskal industrializazioaren erantzuleetako bat, Altos Hornos de Bilbao konpainian bihurtu zen; bestetik, Sestaon zenbait industria sortu ziren, La Vizcaya eta San Francisco de Mudela, esaterako. Barakaldo elizateak 4.360 biztanle zituen 1877an, eta 22.000 1900 urtean: euskaldunak, galiziarrak, Gaztela eta Leongoak, aragoarrak, Extremadurakoak, etab. ziren, eskulan beharra zegoen lantegi horietara lan egitera etorriak, eta eskualdearen erabateko eraldaketa eta botere ekonomikoa ahalbidetu zutenak.
Egoera horrek elizatearen garapen urbanistikoa baldintzatu zuen, hiri industriala izatera pasa baitzen, hainbat beharrizan zituena: bizitegi-gune berriak, hezkuntza-, gizarte-, osasun- eta erlijio-zerbitzuak, eta biztanleak hornitzea. Azoka eta alondegi berriak eraiki ziren, eta, jakina, hiltegi berria; izan ere, La Puntako hiltegi zaharra, berriki berritua izan arren zaharkitua zegoen jada. Aurrekoaren ekoizpena bikoiztuko zuen hiltegi berria behar zen, eta udalak Zaballa auzoan egitea erabaki zuen. XX. mendean zehar hiriak izan zuen hazkundeak “irentsi” egin zuen eraikina erabat: hiriguneko Juan Garai kalea da orain.
Arkitektura
Alfredo Acebal izan zen egilea, udal arkitektoa, eta besteak beste Casto Zabala eta Ismael Gorostiza arkitektoekin batera, gaur egungo hiri-egituraren arduraduna izan zen. Arkitekto horri Barakaldoko beste lan batzuk ere egozten zaizkio: San Bartolome eliza Alonsotegin (orain udalerri independientea), Zamaia mendiko San Martin eliza, Arnabal auzoko alondegia, Errontegiko ospitalea, etab., bai eta beste lan ospetsu batzuk ere hiritik kanpo: Bilboko Campos antzokia, 1902koa, art nouveau estilokoa eta Jean-Baptiste Darroquy-rekin batera egina; Aretxaga txaleta Ubidean, ingeles estilokoa eta 1910ean arkitektura sari nazionala irabazi zuena.
Hiltegiak estilo eklektikoa du. Garai hartan, estilo hori eraikin publikoak duintzeko modu bat zen. Lanak 1917an hasi eta hurrengo urtean amaitu ziren. Hainbat eraikinez osatzen zen, bakoitzak bere sarrera zuen eta erabilerak ere desberdinak ziren: administrazioa, hilketa eta barrukiak. Barruan, garaiko teknologia modernoena ipini zuten arlo hauek kudeatzeko: osasuna, langileen kontrola eta piezen aireko manipulazioa.
Gurutze formako oinplano simetrikoa du, erdigunean patio estalia duena. 4 sarbide ditu: fatxada nagusiko zamatze-tuneletik, eta 3 nabeen burualdeko atetik. Fatxadek motibo geometrikodun apaindura ugari dituzte, Basurton prentsatutako adreiluz eginak: frisoak eta inposta lerroak zerra-hortz motiboekin, frontoitxo mailakatuak, eta pilastrak erretikula bidez berdindutako baoetan.
Hiltegia 1985ean itxi zuten. Konponketa lanen ostean, 1993an berriro zabaldu zuten Hizkuntza Eskola Ofizial gisa.