Itsaski-bilketa profesionalarako baimena

Deskribapena


Iragarkia, Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan lanpernak (Pollicipes pollicipes) biltzeko itsaski-biltzaileen erroldan inskribatzeko aukera zabaltzekoa, apirilaren 12ko 122/1988 Dekretuaren bidez araututakoa.

Itsaski-biltzaileen erroldan sartzeko eskakizunak arautzen dituen apirilaren 12ko 122/1988 Dekretuak ezarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-jarduera itsaski-bilketa modalitatean gauzatu ahal izateko, ezinbesteko baldintza dela dekretu horren bidez sortutako itsaski-biltzaileen erroldan izena ematea.

Euskal Autonomia Erkidegoan oinezko itsaski-bilketan era profesionalean jarduteko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Oinezko Itsaski-biltzaileen Erroldan izena ematea. Errolda horretan izena ematearen ondorioz baimena ematen da, pertsonala eta banakakoa, itsas eremuan itsaski-bilketan aritzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko oinezko itsaski-biltzaileen errolda, bertan izena emanda dauden pertsonei esleitutako arrantza-eskubideekin, banku naturalak behar bezala kudeatzeko eta baliabide biologikoak errespetatzeko helburu nagusiarekin ezarri zen.

Baliabide horietako bat lanperna da (Pollicipes pollicipes). Lanperna ustiatzeko bi plan daude indarrean, bata Donostiako Igeldoko itsasargiaren eta Orio udalerriko Anarri Puntaren artean, eta bestea Billano lurmuturraren eta Bakioko Birjilandaperen artean. Bi plan horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindu bidez onartu ziren: 2019ko maiatzaren 7ko Agindua eta 2020ko ekainaren 10eko Agindua. Horietan berariaz debekatzen da lanpernak biltzea, bai aisialdiko arrantzaleentzat, bai berariaz baimenduta ez dauden arrantzale profesionalentzat.

Bestalde, eta 122/1988 Dekretuaren bidez sortutako oinezko itsaski-biltzaileen erroldari dagokionez, aipatzekoa da errolda hori jarduerarik gabe dagoela, eta hala ere, itsaski-biltzaile batzuk lanperna-bilketan aritzen ziren soilik, eta askotan pertsona horiek haien oinezko itsaski-biltzaile lizentzia berritzea eskatu dute. Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan lanperna (Pollicipes pollicipes) biltzeko itsaski-biltzaileen errolda aktibatzen da, lehen aipatutako bi ustiapen planetatik kanpo.

Baldintzak

1. Erauzi daitekeen espeziea: lanperna (Pollicipes pollicipes) Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan, eta ezarrita eta araututa dauden ustiapen-planetatik kanpo.

2. Baimenaren indarraldia: 5 urte.

3. Errolda honetan inskribatzeko beharrezkoa izango da (inskribatzeko Eranskina erantsi da):

- Administrazio-auzotasuna EAEn izatea.

- 16 urtetik gorakoa izatea.

- Itsaski-bilketa era profesionalean egitea eta bildutako produktutik diru-sarrerak jasotzea.

- IGIn autonomo edo soldatapeko gisa alta emanda egotea.

- Ontzia erabiliz gero, 3. zerrendakoa izango da. 4. zerrendako ontziak arrantza-eremuetara joateko eta harrapakinak garraiatzeko soilik baimentzen dira.

4. Gehieneko bilketa-kuota: eguneko 5 kg-ko gehieneko bilketa-kuota ezartzen da erroldako pertsona bakoitzeko, betiere errespetatzen badira debekualdiei buruzko arauak eta legez ezarritako gutxieneko neurriak, eta kontrako xedapenik ez badago espeziearentzat. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak kuota hori berrikusi ahal izango du, baliabidearen ebaluazio biologikoen arabera.

5. Bilketa-aldia: urteko debekualdi bat ezartzen da maiatzaren 1etik irailaren 30era; beraz, debekatuta ez dauden gainerako hilabeteetan bildu ahal izango da.

6. Gutxieneko neurria: 40 mm-ko gutxieneko neurria ezartzen da ale solteentzat; horretarako, luzatu gabeko piezen luzera osoa neurtuko da, kapituluaren muturretik pedunkuluaren oinarriraino, honako grafiko honen arabera:

"Pinaburu" moduan erauziz gero, gutxieneko neurria eduki beharko dute, behintzat, bakoitzean pisuaren %60 osatzen duten aleek.

7. Biltzeko metodoak eta baldintzak: Astean 48 orduko atsedenaldi jarraitua errespetatu beharko da, larunbatetako 00:00etatik igandeetako 24:00etara, bai eta jaiegunetan ere. Salbuespen gisa, atseden hori ez da hartuko arrazoi objektiboengatik (meteorologikoak, itsasoaren egoera txarra, matxurak, etab.) jarduera astean zehar garatu ezin izan denean. Salbuespen horietarako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren baimena beharko da. Lanperna egun argiz baino ezin izango da bildu, eta garai osoan debekatuta dago gauez arrantzatzea.

Debekatuta dago urpekaritza-ekipamendu edo –sistema autonomoak erabiltzea edo edukitzea; oinezko itsaski-bilketa bakarrik onartuko da, eta arraspak baino ezingo dira erabili bilketa egiteko. Marearteko eremuan baino ez da egingo.

8. Salmenta-oharra: Arrantza-politika bateratuaren kontrolari buruzko Kontseiluaren azaroaren 20ko 1224/2009 Erregelamenduan eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoaren arabera, “salmenta-oharra” agiria formalizatu eta erakunde ofizialei helarazi beharko zaie, ohiko bideak erabiliz. Baldintza hori ez betetzeak erroldako inskripzioa baliogabetzea ekarriko du.

9. Harrapaketen jarraipena: Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako Zuzendaritzako Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzura bidaliko da, hil bakoitzaren 1etik 5era bitartean, aurreko hilean egindako harrapaketei buruzko informazioa jasotzen duen dokumentua. Agiri horretan adieraziko da zenbat kg harrapatu diren, lanpernen bataz besteko neurria, eta egun bakoitzean harrapaketak egin diren guneen zerrenda.

Baimen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, baimena kautelaz eten ahal izango da. Etena berretsi edo errebokatu beharko du arau-haustea zehatzeko eskumena duen organoak, dagokion zehapen-prozedura hasteko ekintzan.

Zehapen-espedientearen ebazpenean, zehatzeko eskumena duen organoak, dagokion zehapena ezartzeaz gain, baimena errebokatzea edo aldi batez etetea erabaki ahal izango du.

Erakundeak


Kudeatzen duen erakundea

  • Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza / Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza > Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza

Ebazten duen erakundea

  • Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza / Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza > Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza

Kontaktu-informazioa


Harremanetarako datuak

Aitor Arrate

Tfnoa: 94 403 14 63

E-maila: a-arrateirureta@euskadi.eus

Kodea(k)

BAIMENA


  1. Sartu online inprimaki honetara eta bete (ez da beharrezkoa identifikazio elektronikorako bitartekorik izatea).
  2. Inprimatu bete duzun eskabidea, eta eskuz sinatu. Ez duzu inprimagailurik?
  3. Aurkeztu eskabidea eta beharrezko dokumentazioa prozeduran ezarritako epean eta lekuetan.
Lanpernak biltzeko oinezko itsaski-biltzailearen lizentzia eskaera