Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

16. Azpikoetxea paper-errota (LEGAZPI)

2. ETAPA: ZUMARRAGA • ARANTZAZU

Papergintza, tradizio luzekoa Gipuzkoan

Papergintza Gipuzkoako industriaren ikono handienetako bat izan da: kontsumo-ondasunak ekoizten zituzten enpresa txiki eta ertainak lurraldearen zati handi batean sakabanatuta egon ziren, komunikazio-bide nagusien ondoan (errepideak, trenbideak eta portuak). Gipuzkoako industria-jarduera garrantzitsuenak siderurgia eta metalurgia, ehungintza, papergintza eta zementu-fabrika izan dira. Mendeetan zehar, siderometalurgia Gipuzkoako ekonomiaren nerbio nagusietako bat izan zen, burdinolak protagonista zituela. XVIII. mendearen amaieratik aurrera burdinolek zailtasun larriak izan zituzten, XIX. mendean zehar areagotuz joan zirenak. Egoera horren aurrean burdinoletako olagizon eta jabeek erroten instalazioak birmoldatzea erabaki zuten (azpiegitura hidraulikoak batik-bat) fabrika berri bihurtzeko. Horrela, XIX. mendearen hasieran hainbat paper-errota sortu ziren, batez ere Oria ibaiaren erdiko eta goiko arroan, baina baita Urolan ere, Azpikoetxeako paper-errota dagoen tokian, Legazpin. 1842tik aurrera, paper-errota zaharren ordez paper jarraituko fabrika modernoak egiten hasi ziren, eta urte horretan sortu zen lehen fabrika, Tolosan. Euskal paper-fabrikek bilakaera positiboa izan zuten aurrerantzean; izan ere, lehengaiak itsasoz iristen ziren (hasieran trapu zaharrak eta ondoren Europa iparraldetik zetorren zurezko orea), eta horrek lehiakortasuna areagotzen zuen Penintsularen barnealdean edo Mediterraneoan kokatutako fabriken aldean. Hain zuzen ere, Gerra Zibila hasi bezperan (1936-1939), Euskadi zen paper-ekoizle nagusia Espainian.

Legazpin, Azpikoetxeako errota zaharra izan zen paper-ekoizpenera bihurtu zen lehena. 1805ean Antonio Cassou frantziarrak errota errentan hartu zion Villalegre eta San Millango markesari, paper-errota edo fabrika jartzeko. Gurpil hidraulikoz eta harraskaz hornituta zegoen, paper fina, erdi-fina eta estraza egiteko erabiltzen ziren trapu zaharrak birrintzeko. 1809-1822 artean geldirik egon ondoren, hainbat erreforma egin eta berriro aktibo egon zen. 1864an, Miguel Ignazio Etxeberriak errentan hartu zuenean, urtean 2.920 arroba paper ekoizten zituen. 1899tik aurrera, Patrizio Elorza bere zuzendaritzaz arduratu zenean, kartoizko fabrika bihurtu zuen eta modernizatu, garai hartako aurrerapenen arabera. Harraska zirkularretan (harraska holandarretan) biratzen ziren ehotzeko gurpilak zituen, eta ateratzen zen orea kartoia egiteko makina jarraitu batera pasatzen zen. Errotaren inguruan, 1920-1930eko hamarkadetan eraikin berriak eraiki zituzten. Lantegia 2001ean itxi zuten.

Monumentu bakarra Euskal Herrian

Euskadiko paper-errota bakarra da, papergintzaren sorrera-unekoa, eta jatorrizko ekoizpen-sistema eta antzinako makineria mantentzen ditu. Ondare-balio berezi hori dela-eta 2009an Monumentu izendatu zuten. Errotaren jatorrizko eraikina harlangaitzezkoa eta oinplano angeluzuzenekoa da, eta bi isurkiko estalkia du. Beheko solairua eta bi solairu gehiago ditu, eta zati batean sotoa ere bai. Hala ere, barrualdea aldatu egin zuten XX. mendean, hormigoi armatuzko lauza eta habeak jarri baitzituzten eta estalkian egitura metalikoa. Fatxada nagusiak harlanduz inguratutako baoak eta Elorzatarren armarria ditu. Beheko solairuan jatorrizko azpiegitura hidraulikoaren zati bat kontserbatzen da, eta lehen solairuan makineria garrantzitsua, adibidez: harrizko lau errota hormigoi armatuzko upelarekin eta bi harrirekin, baita fintzeko bi upel ere, etab.

Partekatu

Azken aldaketako data: