Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

7. Azkoitiko alde zaharra (AZKOITIA)

1. ETAPA: LOIOLA • ZUMARRAGA

Hiriaren historia gatazkatsua

Azpeitiko lurren ondoan, Iraurgiko “haran” edo jurisdikzio-mugapean, Azkoitiko (Iraurgiko San Martin zen hiribilduaren jatorrizko izena) biztanleak landa-parrokien inguruan kokatutako herrixketan bizi ziren, hala nola Iraurgiko San Martin parrokia eta Baldako Andre Maria parrokia. XII. mendea ezkero burdinaren ekoizpenaren, itsas jardueraren eta merkataritzaren garapenak sortutako hazkunde ekonomikoak (1209ko Getariako hiribilduaren sorrerari esker sendotu zena) eragin zuzena izan zuen biztanleengan. Hasieran, kostaldearen eta penintsularen barnealdearen arteko merkataritza-trafikoaren zati handi bat Urolaren beheko eta erdiko arrotik igarotzen zen, Iraurgiko jurisdikziotik, hain zuzen ere, eta jarduera horiek beharrezko baliabideak sortu zituzten bertako biztanleek hiribilduak sortzeko prozesuak has zitzaten. Hala ere, prozesu hori zailtasun bati aurre egiteko beharrak bultzatu zuen, batez ere 1294an Itziarko hiribildua (gaurko Deba) sortu zenetik; izan ere, Debaren sorrerarekin beste merkataritza-bide bat gailendu zen, barrualdetik, Deba Garaia eta Erdian barrena, Debako porturaino zihoana; aldiz, baztertua geratu zen beste bidea, Urola Erditik eta Behetik igarota Zumaia eta, batez ere, Getariako porturaino iristen zena. Gainera, Azpeitiko hiribildua 1310ean sortu zen, Urola ibaiaren ibilbidean zehar egiten zen merkataritza biltzeko, eta horrek Iraurgiko gainerako biztanleen zailtasunak larriagotu zituen. Horri erantzunez, 1324an Iraurgiko San Martini hiri-gutuna eman zitzaion, Getaria eta Arrasate arteko merkataritza-trafikoa hiribildu berritik igarotzea agintzen zuena.

Zailtasun horiei Leinuen Gerra gehitu zitzaien, Azkoitian indar handia izan baitzuen. Andre Maria eliza Baldako dorrearekin erre zen 1318an, eta haren jauna hil, Ganboatarren bandoaren Balda leinuko buruzagia. Horrek, zalantzarik gabe, eragina izan zuen Iraurgiko San Martinen sorreran, erregeak sortutako hiribildu batek babesa ematen baitzien bertako biztanleei jaunen gehiegikerien aurrean. Leinuen arteko gatazka horren erdian, San Martin hiribilduaren fundazioak porrot egin zuen, eta biztanleek erregearengana jo behar izan zuten berriro, 1331n hiribildua birsortzeko. Orduko hartan, Iraurgiko Miranda izena hartu zuen, eta Baldako Andre Maria elizaren ondoan kokatu zen. Eliza horren patronatua Baldatarrena zen. 1436an Azkoitiko eta 1448an Arrasateko hiribilduak erretzearen ondorioz, Gipuzkoako agintariek Ahaide Nagusien kontrako jarrera hartu zuten. Ahaide horiek elkartu egin ziren 1456an hiribilduei desafio egiteko, eta erronka hori Azkoitiko Idiakez dorretxearen atean jarri zuten. Horren aurrean hiribilduek erregearengana jo zuten, eta haren tropek dorreak eraitsi eta jabeak erbesteratu zituzten.

Ibilaldi bat hiriko historian zehar

Alde zaharrak Erdi Aroko hirigintza mantendu du bi kale nagusiren inguruan antolatuta (Nagusia eta Inazio Iriarte ). Halaber, azken bost mendeetako etxe urbanoaren bilakaera ezagutzeko benetako katalogoa da, izan ere, monumentu garrantzitsuak kontserbatzen ditu, hala nola: Santa Maria la Real parrokia-eliza errenazentista, Etxebeltza izeneko Idiakez jauregi-etxea, gailurreria bikain batez koroatua, eta Baldako dorretxea. Dorrearen nukleo gotikoa kontserbatzen da, eta geroko mendeetako handitzeek gaur egungo jauregi-itxura ematen diote. Eraikinaren goiko solairuak adreiluzkoak dira, eta material hori Azkoitiko hirigintzaren benetako ezaugarria izan zen mendeetan, honako eraikinetan ikus daitekeena: Erdi Aroko etxe urbanoetan (Klara Donea 6, 41, 43) eta jauregietan (Lasao etxea adreiluzko garitoiarekin), Errenazimentuko etxe eta jauregietan (Bastarrika, Idiakez, Markeskoa...), edo barrokoetan (Abaroa etxeak, Altzibar, Nagusia 53, 116...).

Partekatu

Azken aldaketako data: