Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

76. Auzokoa baserria (Ajangiz)

5. ETAPA: MARKINA-XEMEIN • GERNIKA-LUMO

Jauregi-landetxea

Auzokoa baserria 1820 inguruan eraikitako baserri bikaina da. Eskura dagoen dokumentazioaren arabera, herriko bizilagun batek, Felix Pertikak, Auzokoa etxearen jabeak, funtsezko parte hartzea izan zuen auzo-elkartea parrokia-eliza eraikitzeko egiten ari zen gestioetan. Esker onez, denen artean ordaindu zuten haren etxearen berreraikitzea. Horretarako, bi eraikinetan erabilitako baliabide teknikoengatik, parrokiaren proiektua enkargatu zitzaion arkitekto bera izan zutela uste dugu: Juan Bautista Belauntzaran andoaindarra. Emaitza baserri neoklasiko bikain bat izan zen, fase bakar batean egina eta emango zitzaion erabilerarako egindako proiektu baten barruan. Tipologikoki, Bizkaian hedatu zen Barrokoaren amaierako baserri tradizionalaren ereduari jarraitzen dio.

Oinplano angeluzuzeneko hormak harlangaitzezkoak dira. Gaur egun luzituta daude, eta hori euskal baserrietan ohiko baliabidea da (karea isolatzaile gisa erabiltzen zuten). Hala ere, baoak eta ertzetako kateak hareharrizko harlanduzkoak dira. Teilatua bi isurkikoa da.

Atari bat irekitzen da beheko solairuan. Zentratuta dago, eta kanpoalderantz zertxobait egiten du, pilastra atxiki eta kapitelak gauzatuz. Horiek dira portadan nabarmentzen den arku karpanelari eusten diotenak. Gorputz aurreratu horren gainean, lehen solairuan, balkoi jarraitua dago, erdiko gorputzeko hiru leiho-ate hartzen dituena. Alboetan, bi leiho-ate daude alde banatan, eta bakoitzak bere baranda du. Teilatupeko solairuko fatxadan hiru leiho txiki daude.

Alboetako hormetan, leihoak eta balkoiak modu ordenatuan daude. Eraikineko bao guztiak, atariko atea izan ezik, zuzenak dira, eta beheko solairukoek eraikina egin zen unean jarritako burdinsareak dituzte. Barandek izkinetan pinaburuak dituzte, apaingarri gisa.

Etxearen barruko egitura perimetroko karga-hormetan eta zeharkako beste barruko batean bermatzen da, bai eta harrizko zutikoen gaineko zutabeetan ere. Baserriaren atzeko herenean ukuilua dago, eta beste bi herenetan, berriz, etxebizitza.

Partekatu

unesco