Juan José Ibarretxe
Laudio, 1957ko martxoaren 15a
Juan José Ibarretxe Markuartu 1957ko martxoaren 15ean jaio zen Laudion, Arabako herri baten, euskal baserritarren jakinduria Euskadik hainbat hamarkadatan bizi izan duen industrializazio nekezarekin partekatzen jakin duen herri baten. Haurtzaroan eta gaztaroan, beraz, etenik gabe ikasi zuen egungo Euskal Autonomia Erkidegoaren berri: euskaldunen eta inmigranteen arteko elkarbizitzak ekarri dizkio eta ekartzen dizkio herri honi garapena eta aberastasuna.
Negoziatzaile saiatua eta langile nekaezina, Ibarretxe demokraziako hirugarren lehendakaria da eta Euskadiren historiako bosgarrena. Ibilaldi bikaina izan du Administrazioan. Laudioko alkate lau urtean eta Arabako Batzar Nagusietako prokuradore 1983tik 1994ra bitartean Arabako batzar horietako lehendakari ere izan zen bost urtean , Eusko Legebiltzarreko kide hautatu zuten 1984an Ibarretxe. Geroago, Ogasun eta Herri Administrazio sailburua eta lehendakariordea izan ondoren, lehendakari izan izendatu zuten lehen aldiz VI. Legegintzaldiaren (1999/2001) hasieran; eta berriro ere lehendakari izendatu zuten VII. Legegintzaldirako (2001/2005) eta, 2005eko ekainaren 24tik aurrera, VIII. Legegintzaldirako.
Curriculum vitae
Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean berehala egin zuen bat Legebiltzarreko Ekonomia eta Aurrekontu Batzordearekin eta batzorde horren buru izan zen 1986tik 1994ra. Urtebete beranduago Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren buru izendatu zuen Jose Antonio Ardanza lehendakariak 1998an V. legegintzaldia bukatu arte. Urte horretan bertan ez zuen zalantzarik izan erantzukizun handi bat bere gain hartzeko: gobernu autonomoko lehendakaritzan Ardanza ordezkatzea, hain zuzen.
Harrez gero, Juan José Ibarretxe lehendakariak ahalegina egin du Euskadiren garapen maila jasotzen eta gizartearen egonkortasuna lortzen biztanle guztientzat Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari aukeratu duten bi legegintzaldietan. Aldi berean, gogotik saiatu da Euskadin bakea lortzen; bere hitzetan “euskaldun guztion artean, inor baztertu gabe” lortuko da bakea.
Gizon zuhur eta apala da eta bi zaletasun handi ditu: alde batetik, txirrindularitza –izan ere, maiz ibiltzen da bizikletan ; eta bestetik, familia. Lehendakaria ezkonduta dago; bi alaba ditu, kutun-kutunak biak; eta mendian ibilaldi luzeak emanez eta nobela historikoak irakurriz igarotzen ditu asteburuak.
Metodikoa eta txukuna da; eta elkarrizketak jakin-min handia eragiten dio. Lehendakaria ondo ezagutzen dutenek diotenez, hitz egin baino lehen entzun egiten du beti eta inoiz ez du atea ixten arrazoizko duda baten aurrean; bere ustez, gauzak ez baitira ematen duten bezalakoak izaten beti. “Pertsonekiko harremana hobea edo okerragoa izan daiteke, baino ezin da inoiz errespetua galdu”; bere aitari ikasitako esaldietako bat da, lehendakariak sarrien errepikatzen duena. Errespetua eta hitza. Horra hor bi balore funtsezko Juan José Ibarretxe Markuarturentzat.
Honoris causa doktore izendatu zuten Tbilisiko Unibertsitateak (Georgia), Córdoba, Rosario eta La Platakoek (Argetina), eta Santo Domingokoak (Dominikar Errepublika)
Informazio gehiago: Juan José Ibarretxeren biografia Wikipedian