Aurkezpena
Iragana ezagutu eta aitortu beharra dago, pertsona eta herrialde gisa hazteko
Iñigo Urkullu Lehendakaria —2013eko uztailak 18
2013-2016ko Bake eta Bizikidetza Planean jasotako aginduetako bati jarraituz, 2014ko azaroaren 4an, Iñigo Urkullu lehendakariak "Memoria Historikoaren arloko Lehentasunen Oinarri Programa 2015-2016" aurkeztu zuen. Programa horretan, gai honen inguruan Eusko Jaurlaritzak datozen urteetan bultzatuko dituen ekimenak ezartzen dira.
Garrantzitsua da azpimarratzea, hala ere, ez garela hutsetik abiatu. Eskumen eta diru-baliabide mugatuak eduki arren, EAEko instituzioak bideak garbitzen joan gara Diktaduraren injustizia historiko larria konpentsatze aldera, bai frankismoaren biktimei dagokienez, bai euskal gizarte osoari dagokionez. Prozesu hori aitzindaria izan da askotan, eta, ezinbestean, ez da behar bezala egituratu eta antolatu bere jarduketa-multzoa.
Horregatik, hau da Programaren helburu nagusia: giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen esparrutik abiatuta, Memoria Historikoaren arloan datozen urteetan lehentasunez egingo diren jarduketen mapa zehazten, ordenatzen eta lehenesten laguntzea.
Horretarako, 12 proiektutan antolatu da programa: 3 proiektu biktimen 4 oinarrizko eskubide bakoitzeko. Hori gauzatzeko, erabakigarria izango da instituzioen eta gizarte-eragileen ahaleginak batzea eta koordinatzea. Horren haritik, funtsezkoa da toki-erakundeak egin duten lana eta egiten ari direna. Eta elkarteen zeregina ere funtsezkoa da; izan ere, elkarteek aspalditik dihardute lanean gure memoria, gure herriaren memoria, gure herrien memoria, gal ez dadin. Eta biok, hots, instituzioek eta elkarteek, arreta berezia eskaini behar diegu biktimek egiten dituzten eskaerei.
Lan-proposamen osatugabe eta burutugabe gisa aurkezten da programa, eta, beraz, irekita dago ekarpenak jasotzeko, proposamena hobetu eta osatu ahal izateko.