36. Askizuko herrixka (Getaria)
3. ETAPA: ZARAUTZ • DEBA
Gipuzkoako kristau-komunitate zaharrena
Askizu Getariako landa-auzo handiena da, eta San Martin parrokia du gune espiritual eta erreferentziazkoa, Getariako San Salbador parrokiaren jurisdikziopekoa. Gaur egungo auzoa Goi Erdi Aroan zehar (V-XI mendeak) eratu zen herrixkaren oinordekoa da. Garai luze hartan zehar, euskal lurraldeko paisaia honako itxura hau hartuz joan zen: parrokia-funtzioa betetzen zuten elizen inguruan herrixka sare sarria sortu zen, eta horietako batzuk Erromatar Garaiko landa-kokaguneen oinordeko zuzenak izan ziren. Erdi Aroko tenplu horiek zeregin espirituala izateaz gain, politika egituratzeko guneak ziren.
Askizun egindako arkeologia-indusketek kokagunearen erromatar jatorria erakutsi dute, eta horrez gain, gaur-gaurkoz Gipuzkoako kristau-komunitate zaharrena dela ere agerian utzi dute. Izan ere, gaurko San Martin parrokiaren lur azpian VI. mendean datatutako tenplu kristau baten aztarnak aurkitu dira. Mende urrun hartatik ia gaurdaino, eremu sakratu hori Askizu herrixkako erdigunea eta erreferentziazko gunea izan da. Hasierako tenplu hori mendeetan zehar handitua izan zen, gaur egungo eraikina izatera iritsi arte.
Askizu kokagunearen antolaketa goiztiarrak argi erakusten du zer-nolako baldintza bikainak eskaintzen dituen inguru horrek nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak aurrera eramateko. Itsas gainean zintzilik dagoen bailara bat da, eguraldi txarretik ondo babestua, eta haren magal leunak eguzki aldera begira egonik, zereal eta mahastiak lantzeko oso egokiak dira. Gaur egun, txakolin ekoizpena da eremu horretako jarduera nagusietako bat.
Gotikoaren hastapena Gipuzkoan
Askizuko San Martin tenplua Erdi Aro bukaerako landa-parrokia txiki baten adibide polita da. Gaur egungo eraikina XV-XVI mendeetakoa da. Oinplano karratua du eta harlanduzkoa da. Trazeria gotikodun bi ganga-atal ditu, eta oinaldekoa adreiluzkoa da. Sarrera nagusia, hegoaldeko fatxadan kokatua, portada gotiko soila da: arkibolta biluziak ditu apaingarri gisa, landare-motibodun kapitelak dituzten kolometan eusten direnak.
Hala ere, tenpluko arkitektura-elementu garrantzitsuena abside karratuan kokaturik dago, non XIII. mendeko zatiak zutik baitirau: bi leiho estu eta soil ditu, eta Gipuzkoako estilo honen adibide zaharrena da. Soilik arkitektura-elementu puruez (kolomak, kapitelak eta baoen inguruko arkiboltak) osatutako gotikoa da, bestelako apaingarririk gabea.
Barnean Erdi Aroko beste bitxi bat nabarmentzen da, absideko kalbario gotiko bikaina: Kristo gurutziltzatuak eta haren alboetako Ama Birjinak eta San Joan apostoluak osatzen dute.