72. Artzubi zubia (Mendata)
5. ETAPA: MARKINA-XEMEIN • GERNIKA-LUMO
Ibaia: bi aurpegiko baliabidea
Gola ibaia, Euskal Herriko beste asko bezala, aliatu baliotsua izan da inguruko biztanleentzat. Eskaintzen dituen baliabide naturalez gain (ura bera, ibai-fauna eta ibaiertzeko landaredia), energia-iturri gisa balio izan du, eta burdinolak eta errotak egiteko aukera eman du, aspalditik. Bere ibilgutik igarotzen den ur bolumena nahiko erregularra da, klima ozeanikoko lurralde batean ohikoa den bezala, eta ur horrek zerealak ehotzeko eta burdina ekoizteko instalazioak mugitzen zituzten gurpilak eragiten zituen.
Hala ere, zenbait unetan eguraldiak okerrera egin zezakeen, lehorteetan makinak gelditu eta jarduerak eteten baitziren. Bestalde, ondoriorik okerrenak ibaien goraldietatik zetozen, azpiegitura horiek kaltetu baitzitzaketen, eta hori sarri samar gertatzen zen.
Gainera, ibaiek ez dute beti ibi ibilgarririk, eta, beraz, igarobideak jarri behar ziren zeharkatzeko, zubiak, esaterako. Oro har, egurrezkoak edo harrizkoak (guri dagokigun kasuan bezala) izaten ziren, eta ur goraldien eragina jasaten zuten.
Artzubi: harrizko zubia
Izenak berak dioen bezala, Gola ibaiaren gaineko zubi hau harriz eraiki zen, eta badirudi ezaugarri horrek inguruko beste batzuetatik bereizten zuela. XVI. mendean eraiki zen, eta kareharrizko harlanduz egindako arku bakarra du, zubiaren gainerako gorputza harlangaitzezkoa delarik. Zeharkatzen duen bidea bi isurkikoa da, eta altuagoa da erdialdean sarbideetan baino. Errekarriz egindako enkatxozko zoladura du, Mendata eta Arratzu lotzen dituen galtzada zaharraren jarraipena besterik ez dena.