Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

19. Artzanburuko trikuharria (OŅATI)

2. ETAPA: ZUMARRAGA • ARANTZAZU

Artzanburuko trikuharri arkaikoa bakarti ageri da Artzanburuzabaleko goi-lautadako arrasean, Urbiako belardi zoragarriak menderatuz, eta larre artean duen zuritasunagatik nabarmentzen da.

Taldeko panteoi hori duela 5.000 urte eraiki zuten ehiztari-biltzaile taldeek. Abeltzaintzan ere aritzen ziren, eta urtaroen arabera mendi-inguru bikain horretako baliabide naturalak aprobetxatzen zituzten. Hildako batzuk eremu horretan lurperatu zituzten, hil ondoko bidaiarako objektu zenbaitekin batera, bai erabilera arruntekoak bai eskaintzak.

Hilobia 1917an aurkitu, eta hurrengo urtean indusketa arkeologikoa egin zuten. Nahasita egon arren, erdian hil-ganbera agertu zen, oinplano angeluzuzenekoa, 5 lauza bertikalez osatua eta luzetarako ardatza ipar-hego norantzan zuela. Ganbarako zorua beste lauza batekin hornituta dago, eta estalkia desmuntatuta eta apurtuta, panteoiak jasandako bortxaketaren ondorioz. Multzoa osatzeko, lurrez eta hainbat tamainatako harriz osatutako tumulu baten hondarrak geratzen dira, ganbera eta haren perimetro hurbilena estaltzen dituztela. Esku-hartzeari esker ikusi zen inguruko materialak erabili zirela eraikitzeko, hala nola ganbera eta tumulua osatzeko kareharriak eta hareharriak. Gutxienez heldu baten gorpuzkiak ere identifikatu ziren, itxuraz ostilamendurik gabe.

Esan bezala, halako eraikuntza megalitikoei trikuharri esaten zaie, bretoieraz "harrizko mahai handi". Trikuharriek tumulurik gabe, ganbera hutsarekin izango luketen itxuragatik ematen zaie izen hori.

Bestalde, monumentuak jasandako aldaketa, historiako zein unetan gertatu zen ez dakigun arren, seguruenik azken mendean dokumentatutako kondairarekin lotuta dago, hau da, monumentu megalitiko horiek jentilen hilobiak zirela dioen kondairarekin. Dokumentatu diren kondairen arabera, pertsonaia mitologiko pagano horiek, indar izugarriz hornituak eta kristauei galarazitako ezagutzak zituztenak, zintzarriekin lurperatzen zituzten, baita urrez betetako idi-zahagiekin ere. Horregatik, beharbada, gaur egungo egoera negargarria iraganeko altxor imajinario horien bilaketaren emaitza da.

Kondairarekin eta trikuharriek pertsonaia mitologiko horiekin zuten harremanarekin jarraituz, duela urte gutxi arte, Artzanburuko trikuharria hilobia izan ordez, bi jentilen arteko haitz-jaurtiketaren ondorioa zela uste zuten: bata Aitzabal parajean kokatu omen zen, Arantzazuko Santutegiaren aurrean, eta bestea Pagobakoitzan, Urbiako zelaietan dagoen antzeko panteoi megalitiko bikain batean.

Azkenik, Amabirjinak atseden hartzeko eserlekua ere izan omen zen, Arantzazuko bizilekutik (ustez XV. mendearen erdialdean artzain bati bertan agertu zitzaion) Artzanburuko inguruetatik barrena Urbia alderantz egindako ibilaldi zoragarrietan erabilitakoa.

Partekatu

Azken aldaketako data: