Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Artxibo Nagusiaren historia

Uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuak, EAEko Herri Administrazioaren artxibo-sistemaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak, 1980ko hamarkadaren hasieratik martxan zegoen sistema bati lege-estaldura eman zion, lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu zenean.

Artxibo Nagusiak, Liburutegi Nagusiarekin eta Argitalpen Zerbitzu Nagusiarekin partekatzen ditu egoitza eta giza baliabideak eta baliabide materialak, Herri Administrazioan eskumena duen Saileko Baliabide Orokorren Zuzendaritzari atxikita daudenak.

1982. urteaz geroztik, orduan hasi baitziren lehen dokumentazio-transferentziak, Artxibo Nagusia beti egon da bere erabiltzaile nagusitik – Euskal Administraziotik – hurbil, eta hazten joan da, harekin batera. Hasiera batean, Gasteizko Wellingtongo Dukearen kaleko beheko solairuan eta sotoan egon zen instalatuta.

1997tik aurrera, Donostia kaleko eraikin berrira lekualdatu zen, beheko solairuaren zati bat, lehen eta bigarren sotoa hartuz. Hala ere, 2010. urtera arte, 1992an hasitako kanpo-zaintzako zerbitzu baten kontratazioari eutsi zitzaion.

2010ean, artxiboa gordetzeko eraikin berria eraikitzearekin batera, egoera horri amaiera eman zitzaion, eta Artxibo Nagusiak badu nahikoa azpiegitura zaintza-, kontserbazio- eta kontsulta-zerbitzu osoa emateko.

Artxiboaren gordetegiaren eraikin berria Iñaki Aspiazu (1954-2014) arkitektoak egin zuen eta hura ere Gasteizen kokatu zen, 9.582 m2-ko lurzatia hartuta, 6.011 m2-ko azalera eraikigarriarekin.

Zerbitzu osoa automatizatua duen logistika-gune handia da, eta, bertan, bi robot korridoreetan zehar gidatzen dituen programa informatiko batek ibilbideak optimizatu eta dokumentu-kaxen kokalekua kudeatzen du.

Eraikinaren ezaugarriak ezagutzeko bisitaldi birtuala gomendatzen da:

Dokumentu Kudeaketa Integralari eta Dokumentu Ondareari buruzko ekainaren 23ko 5/2023 Legeak sistemaren izena aldatu zuen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Artxibo Sistema izena hartu zuen.