Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ARTIS+. Gizarteratzeko artea

Zer da ARTIS+?

ARTIS+ Euskadiren, Kataluniaren eta Frantzia hegoaldearen arteko lankidetza-proiektu bat da. Kataluniako Generalitateko Kultura Sailak bultzatzen du, Interreg POCTEFA 2021-2027 lurralde-lankidetzako Europako programaren barruan. 

Helburuak

  • ARTIS+ ekimenaren helburu nagusia mugaz gaindiko kultura-ekipamenduen inklusio- eta irisgarritasun-erronkei erantzutea da, desgaitasun-arrazoiengatik (ikusmena, entzumena, kognizioa edo mugimendua) edo gizarte-arrazoiengatik baztertuta geratzeko arrisku handiena duten kolektiboei zuzendutako programa espezifikoak sortuz.
  • ARTIS+ek gizarte-kohesiorako tresna izan nahi du, kultura-jardueretan ahulenak diren kolektiboen parte-hartzea areagotzeko.

Nor da ARTIS+eko partaide?

Proiektua osatzen duten bazkideak hauek dira:

  • Kataluniako Generalitateko Kultura Saila
  • Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Région Occitanie Pyrénées Méditerranée Kultura Ondarearen Zuzendaritza
  • Euskadiko Orkestra
  • OPPB-El Camino (Paueko Orkestra)
  • Consorci de L'Auditori i l'Orquesta partzuergoa (OBC)
  • Orchestre national du Capitole de Toulouse                                                                 

ARTIS+. POCTEFA 2021-2027 programa

POCTEFA 2021-2027 programaren ardatz eta helburu hauen barruan dago ARTIS+:

  • Kulturaren eta turismo jasangarriaren zeregina indartzea garapen ekonomikoan, gizarte-inklusioan eta gizarte-berrikuntzan.
  • Mugaz gaindiko lurraldea helmuga turistiko jasangarri gisa bultzatzea, kultura eta ondare erkideak garatzea eta bertako eragileen jarduera eta gaitasuna sustatzea.
  • Europa sozialago eta inklusiboago bat.

ARTIS+ proiektuaren finantzaketa

  • ARTIS+ proiektuaren aurrekontua, guztira, 1.988.980 €-koa da.
  • Europar Batasuneko Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programak (POCTEFA 2021-207) FEDER funtsak darabiltza eta aurrekontu osoaren % 65 finantzatzen du:  ‎‎1.292.837 €‎. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko eremuaren integrazio ekonomiko eta soziala sendotzea da.

Gauzatze-epea

  • 2024ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra

ARTIS+ ekintzak eta programak

  1. Herritarren kultura-eskubideak arautzen dituzten esparru estrategikoak eta araudiak bateratzea eta garatzea

Ekintza honen helburua herritarren kultura-eskubideak bermatzeko praktika onak trukatzea da. Bazkide guztiek parte hartzen dute eta hiru fasek osatzen dute:

  • Garatutako lurralde-estrategien analisia.
  • Kultura-ekipamenduen gizarteratzeko erronkei eta horiei aurre egiteko identifikatutako praktikei buruzko mugaz haraindiko hartu-emana, jardunaldietan jorratua, eta zeinetara interes-taldeak ere gonbidatuta dauden.
  • Kultura-jardueretan herritarren parte-hartzea hobetzeko gidak eta arauen egokitzapenak diseinatzea eta garatzea.
  1. Kultura-irisgarritasunari buruzko azterketa eta trebakuntza

Ekintzaren ardatza, alde batetik, kultura-ekipamenduen irisgarritasun-maila aztertzeko metodologien hartu-emanean eta dagozkion irisgarritasun-planak prestatzea da. Bestetik, gizarte-bazterketa arriskuan dauden taldeekin lan egiten duten museo eta arte bisualen sektoreko profesionalei zuzendutako prestakuntza eta sentsibilizazio ekintzak egitea.

  1. Eszena- eta musika-ekipamenduetan kultura-eskubideak ezartzeko programa integralak sortzeko ekintza pilotuak

Ekintza honen bidez, parte hartzen duten kultura-ekipamenduek beste ekintzetan garatutako atal teorikoa – araudietan, esparru estrategikoetan eta inplementazio-gidetan bideratua – frogatzen dute. Proba pilotuak hiru jarduera nagusik osatzen dituzte, kolektiboaren arabera:

  • Eskolako publikoari zuzendutako musika-jarduerak, ingurune sozioekonomiko konplexuetatik datozen haurrengan arreta berezia jarriz. L'Auditori-k, Cantania proiektuarekin, OPPB-El Camino-k eta Euskadiko Orkestrak, Kantata proiektuarekin eta Musika Gela zikloarekin parte hartzen dute.
  • Desgaitasun fisikoa edo intelektuala duten pertsonei eta mendekotasun edo narriadura kognitibo nabarmena duten adinekoei zuzendutako musika-jarduerak. L 'Auditori-k, La Banda ens Apropa eta Cantània + Accesible proiektuekin, eta Euskadiko Orkestrak, tailer eta kontzertu inklusiboekin eta Matinéeak hurbiltzen proiektuarekin parte hartzen dute.
  • Landaratzea dela-eta lurralde-arrazoiengatik bazterketa arriskuan dauden herritarrei zuzendutako musika-jarduerak. Orchestre National du Capitole de Toulouse-k, L’Auditori-k, Canta amb l’OBC proiektuarekin, eta Euskadiko Orkestrak, Abestu Euskadiko Orkestrarekin eta Euskadiko Orkestra Herrietan proiektuekin parte hartzen dute.

Proiektua kapitalizatzeko azken jardunaldi bat antolatzea ere aurreikusten da, proiektuan zehar egindako praktikak eta lortutako emaitzak kultura-komunitateari helarazteko asmoz.

Sustatzailea: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Museoak eta Alzheimerra programaren helburu nagusia da artea eta kultura hurbiltzea Alzheimer gaixotasunaren lehen graduak pairatzen dituzten pertsonei eta baita zaintzaileei eta senideei, bisita egokituak eskainiz Euskadiko museoetan. Ibilbidean zehar, zaintzaileak lagunduta, arteaz eta kultura-ondareaz gozatu ahal izango dute, eta museoko gidariarekin batera bildumako piezak eta obrak ikusi ahal izango dituzte. Horretarako, slow art teknika erabiltzen da: elkarrekin behatzea, elkarrekin partekatzea. Ibilbidean zehar elkarrekintza eta elkarrizketa funtsezkoak dira.

Artea, kultura-ondarea eta museo-espazioa tresna garrantzitsuak izan daitezke dementzia duten pertsonen sentimenduekin, ideiekin eta pentsamenduekin konektatzeko (agerpen goiztiarra), eta behaketara eta elkarrizketara gonbidatzeko.

Programa ikerketa pilotu batekin hasi gara, museoetako gidariei prestakuntza emanez. Azterketa hori positiboki ebaluatu ondoren, aldizka erabiliko da museo bakoitzaren programazioaren barruan, etorkizunean banaka eskaintzeko asmoz.

Museoen eta Alzheimerren programak jarraipena ematen die Kultura Sailak azken urteetan irisgarritasunaren inguruan burututako ekimenei, zeinetan hogei bat museo eta kultura erakundek hartu duten parte.

Kultura eta komunitatea jardunaldiak

Hautatu gabeko bakardadearen aurka

2024ko azaroaren 20 eta 21ean, San Telmo Museoan (Donostia).

Bakarrik egotea eta bakarrik sentitzea ez dira gauza bera. Pertsona bat bakarrik egon daiteke eta bakardade horretaz goza dezake, eta, aldi berean, pertsona batzuk bakarrik senti daitezke, nahiz eta jendez inguraturik egon. Bakardadeak ez du adinik, eta gaur egungo mundu global eta digitalizatu honetan zeharkako gizarte-erronka bihurtu da.

Era berean, kultura funtsezkoa da loturak eta harremanak sortzeko, eta lotura zuzena du pertsonen gizarteratzearekin, ongizatearekin eta bizi-kalitatearekin.

Jardunaldia kultura-, gizarte-, hezkuntza- eta osasun-arloko profesionalen arteko harremana errazteko topagune eta lanerako gunea da, eta aukera eskaintzen du  gaiaren inguruan hausnartzeko; aukera eta lehentasun berriak sortzeko; eta konpromiso iraunkorrak eraikitzeko.

Jardunaldiak Gertu Kultura Gipuzkoak diseinatu eta antolatu ditu, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, “La Caixa” Fundazioa, San Telmo Museoa eta Donostia Kulturaren babesarekin.

Ekimen hau Europako EFA130/01 ARTIS+ proiektuaren barruan dago. Proiektu horren % 65 Europar Batasunak finantzatzen du Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da.

Izena emateko: 2024ko azaroaren 12ra arte, gipuzkoa@gertukultura.org