Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

64. Artako herrixka (Bolibar)

5. ETAPA: MARKINA-XEMEIN • GERNIKA-LUMO

Goi Erdi Aroko herrixka bat

Azken hamarkadetan egindako ikerketei esker, badakigu Mendebaldeko Europan Inperio Erromatarra desagertu ondorengo mendeetan biztanleria landa-eremuetan kokatzen zela eta herrixka txikiak osatu zituztela. Bizkaian ere gauza bera gertatu zen. Oro har, eta batez ere mendialdean, badirudi kokaleku txikiak izan zirela, familia gutxiz osatuak. Ondorioz, etxe gutxi zeuden, material pobrez eginak. Haien inguruan aurkitzen ziren: soroak, larreak, fruta-arboladiak eta basoak, bai eta ukuiluak, errementeria txikiak, lurreko produktuak gordetzeko garaiak, bazkalekuak eta abar ere.

Kokaleku horietan, VIII. mendetik aurrera landa-eliza txikiak eraikitzen hasi ziren. Nahiz eta gehienak ez ziren bizilagunen etxeak baino askoz monumentalagoak izango, garai erromanikoaren aurreko elementu apaingarrien adibide asko aurkitzen ditugu BIzkaian, ziur asko XI-XII. mendeak baino lehenagokoak.

Tenplu horiek, gainera, hileta-espazioa antolatzeko balio zuten, hau da, komunitateko kideak lurperatzeko. Hilobiak elizaren inguruan elkarren ondoan kokatzen ziren, hori zen nekropoli horien konfigurazio arruntena.

Erdi Aroaren amaieran, XII. mendetik aurrera, herri horietako asko, lehen beren autonomiari eusten ziotenak, herri handiagoekin batzen hasi ziren, biztanle gehiago zituztelako eta indartsuagoak zirelako. Horren ondorioak desberdinak izan dira: kasu batzuetan, kokaleku zaharra erabat desagertu da paisaian; beste batzuetan, ermita bakarti bat dago, antzinako parrokia-elizaren aztarna gisa; azkenik, kokapen batzuk landa-gune txiki gisa mantendu dira, eta Aro Modernoan etxe eta baserri berriak eraiki dira.

Artako multzoa

Artako auzoa baserri-multzo batek, laborantza-soroek eta, bereziki, landa-eliza xume batek osatzen dute. Eliza hori etxe-multzoaren erdigunetik 150 m-ra dagoen gain txiki batean dago. Interes handieneko baserrien artean Arespekoa dago. Arta-arexpe ere esaten zaio, eta ezagutzen erraza da, fatxada nagusian egurrezko egitura agerian baitu. Beheko solairua hareharrizko harlangaitzezko hormen gainean finkatzen da. Eraikinaren egitura sostengatzaile nagusia zurezko pilareen bidez ezartzen da, eta horien gainean pieza osagarrien egitura bat dago (gapirioak eta jabaloiak), solairuei eta teilatuari eusten diena. Aurrealdean, zurezko oholen arteko hutsuneak luzituta ageri dira gaur egun, hori dela eta, ez da ikusten nola osatuak dauden; edonola ere, halako hormak lurrez eta karez, harlangaitzez edo adreiluz osatu ohi dira, eta garai batean oholez ixten ziren.

Hala ere, Artako elementurik nabarmenena Artako San Pedro tenplua da. Eraikuntza sinplea da. Aipagarria du ojiba-arkuzko ate gotikoa, soila, eta, bereziki, tenpluaren burualdeko leiho prerromaniko txikia (X. mendea), harri monolitiko batez osatua. Tenpluaren inguruan ehorzketak aurkitu dira, beraz, badakigu tenplua antzinakoa dela.

Partekatu

unesco