Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

118. Arraitz mendiko gaztelua (Bilbao)

7. ETAPA: BILBAO • PORTUGALETE

Gerraren aztarnak Bilboko inguru menditsuan

XIX. eta XX. mendeetan, Bilboko hiribilduan eragina izan zuten hainbat gerra izan ziren. Lehen Karlistaldian (1833-1839), liberalek hiria kontrolpean zutela, don Carlos erregegaiak hiriaren setioari ekin zion 1835ean, hiri garrantzitsu bat menpean hartu eta nazioartean ospea irabazteko asmoz. Faktore hori erabakigarria zen bere kausarako laguntzak (tartean, maileguak) eskuratu nahi bazituen. Bilbok eutsi egin zion, eta etsaiaren tropetan hainbat eta hainbat hildako eragin zituen: garrantzitsuena, Tomas Zumalakarregi bera, hanka batean bala batek zauritu ondoren, zauri haren ondorioz hil baitzen. 1836 bukaera aldera, berriz ezarri zuten setioa, baina helburua lortu gabe. Halaber, 1876an, Azken Karlistaldian (1872-1876), berriz setiatu zuten hiribildua, baina garaipenik gabe: horregatik irabazi zuen hiriak “muy noble muy leal e invicta” titulua (oso noblea, oso leiala eta garaitu gabea).

Testuinguru horretan, zenbait ondare-elementu agertu ziren: gerraren aztarnak. Hiri inguruan dauden fortifikazioek osatutako multzo bat da. Bilbo inguratzen duten gotorleku militar horien hondarrek multzo ordenatu bat osatzen zuten, eta haien helburua bikoitza izan zen: erasotzaileen kasuan, hiria setiatzea; liberalek eskuratu zituztenean, hiria babestea.

Gerra-azpiegitura multzo hori 8 elementuk osatzen dute; Bilboko arkeologia-ondarearen zati garrantzitsu dira eta hiriaren duela gutxiko historian oso sinbolismo handia dute. Arraiz mendiko gaztelua esaten zaion gotorlekua da mota honetako adibiderik onenetakoa, eta Bilboko Inguruko Berdegunean kokaturik dago. Gaur egun, haren hondakinak sendoturik daude, eta jolas-gune bat egin dute inguruan, Bilboko Arraiz auzotik gertu.

Arraizeko gotorlekua Azken Karlistadaren amaieran

Karlisten esku egon zen 1876ko urtarrilaren azkenetaraino, eta honela deskribatu zuten handik alde egiteko unean La Época egunkarian:

“[...] bikainki eraikia, kanoi-zuloak Bilbora eta itsasadarrera begira dituela; artearen arau guztiak dituen lana da, hain ondo zuzendua eta pentsatua, bilbotarrek Triano mendiko meategietako zainek eman dezaketen burdin guztia hara jaurtita ere, ez lukete lortuko gotorlekuari inolako kalterik egitea, ez eta granada bat bera barruan sartzea ere. Lubanarroak zenbait metroko zabalera du, hormaren altuera 30 metrokoa gutxi gorabehera (pikatxoiz harrian egina) eta hiru bat metro lodi, eta kuartel bereiziak nagusi eta soldaduentzat, beste belar-horma batek ere babesten du, bolbora biltegia du, etab., etab., guztia oso egoera onean. Erdian plaza handi bat dago zubi altxagarria duena Kastrexana aldera begira”.

Funtsean, honelakoa da bere itxura: erdiko gorputza du eta hegal bana alboetan; hormak harlangaitzezkoak dira eta inguru guztian lubanarroa du.

Partekatu

unesco