Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

5. Arkolla landa-auzoa (Hondarribia)

ETAPA 1: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN

Marinel-herriko landa-eremua

Erdi Aroan eta Aro Modernoaren zati handi batean, Hondarribiko hiribilduaren jurisdikzioak hedadura nabarmena izan zuen, inguruko zenbait herri hartzen baitzituen: Lezo, Pasaiako zati garrantzitsu bat (Donibane) eta Irun. Herriaren jarduera nagusiak itsasoarekin zerikusia izan zuen arren, landa eremua ez zen garrantzi gutxiagokoa izan. Hala, hiri-eremuan bizi ziren leinu gehienek etxea edo baserria zuten landa eremuan. Ez dezagun ahaztu nekazaritza eta abeltzaintzak itsas-jardueran zuten garrantzia: sagardoaren ekoizpena da horren adibide garbia. Sagardoa funtsezkoa zen arrantzontziek egiten zituzten bidaietan: Ternuara, balea ehizatzeko eta bakailaoa arrantzatzeko; Irlandako edo Mauritaniako arrantza-tokietara, bestelako arrainak harrapatzeko; bai eta Europako iparraldearen eta Mediterraneoaren arteko espedizio komertzialetarako edota Amerikarekiko trafiko kolonialerako ere.

Landa-eremuaren garrantziaren adierazletzat har dezakegu 1521 eta 1524 artean, Hondarribiaren okupazio franko-nafarrak iraun zuen bitartean gertatutakoa: hiribilduaren inguruko lurretako uzta mozteko politika aktiboa egon zen, eta Lezon errefuxiatuta zeuden zenbait bizilagunek erantzun egin zuten, beren landa-baliabideak defendatzeko.

Sakabanatuak baina elkartuak

Arkolla auzoko landa-inguruneko etxeak eta instalazioak (errotak, esaterako) Jaizkibel mendiaren magalean sakabanatuta daude. Horien artean, arkitektura jauregikoaren adibide interesgarriak ditugu, hala nola Zuloaga Aundi (XVIII. mendeko jauregi barrokoa). Jauregi horrek beste bat ordeztu zuen, XVI. mendean ezaguna zena. Hiri harresituaren barruan eta kanpoan etxe nobleak izan zituzten leinuen artean, Zuloagatarrena da adibiderik onena. Landa-eremuko etxeak fatxada nagusi handia du, oinplano karratuko bi dorre handik mugatua eta hareharrizko harlanduz egina. Bien artean fatxada sinpleagoa dago, baoen banaketa ordenatua eta lehenengo solairuan balkoi jarraitua duena. Nabarmentzekoa da lursailera sartzeko atea, estilo barrokokoa.

Hala ere, eraikin gehienek garai moderno eta garaikideko euskal baserrien estiloa dute. Azpimarratzekoak dira Txendunebe eta Txendunea Goia, Etxeberri, Larragain, Arotzenea… Auzoan zeuden erroten artean, Goikoerrota nabarmendu behar dugu, ekoizpen-egituraren aztarnak baititu oraindik, eta Bekoerrota, kanalaren zati bat eta ur-biltegia mantentzen baititu.

Landa-etxeen antolaketa sakabanatuak, bakoitza bere baratze, fruta-arbola, larre eta soroez inguratuta, bizimodu bakartua dakarrela pentsa dezakegu, baina esan behar dugu Euskal Herriko mundu tradizionalak biztanleen sozializaziorako eta kohesiorako bitartekoak izan dituela. Hala, Arkolla auzoan Santiagori eskainitako ermita dago, bidegurutze batean eraikia, gutxi gorabehera lurraldearen erdian. Herri-arkitekturako tenplu xumea da, eta landa-munduko jaiak ospatzen dira bertan. Gainera, auzoak aisialdirako azpiegiturak izan zituen: ermitaren inguruko frontoitxoa, adibidez.

Partekatu

unesco