Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea

Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea

Aurkezpena  |  Ibilbidea:

Bermeo Busturia Gernika Maume Durango Urkiola Otxandio
Vitoria-Gasteiz Laño Laguardia Assa Oyon Zenarruza Aulesti
Gizaburuaga Lekeitio Markina Barroeta Berriatua Ondarroa

Aurkezpena

Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideak Urdaibaiko Biosfera Erreserba zeharkatzen du, Bizkaian bertan Lea-Artibai eskualdearekin bat egiten du, eta Arabarantz jotzen du. Ardoa eta arrainak kostaldearen eta barrualdearen artean elkartrukatzeko erabiltzen zen. Baina bestelako merkatu-gairik ere garraiatzen zen: garia, Bizkaiko burdina eta Gaztelako artilea, batez ere.

Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideak oso eginkizun garrantzitsua bete du Euskal Herriaren historian. Urte askotan bi elikagai horien garraiobide ez ezik, merkataritzaren banaketarako eta gizarte harremanetarako bidea ere izan zen.

Arraina batik bat neguan esportatzen zen. Urte-sasoi horretan mandazainek Bermeoko arrantzale-kofradietara jotzen zuten arrain freskoa erosteko. Negu hotzeko tenperatura baxuei esker eta bideetako elurra erabiliz egiten zituzten aldaketei esker, karga hainbestean iristen zen azken helbideraino.

Arrain eta zerealen trukearen itzalpean, luxuzko produktu bat hasi zen bideetan barrena zabaltzen: ardoa. Garrantzia handia hartu zuen berehala, eta luze gabe ordeztu zuen ohiko txakolin bizkaitarra. Eta txakolina babesteko, alferrik eragotzi nahi izan zen ardo errioxarrak sartzea, zeren euskaldunak izan baitziren Errioxako ardogintza ugariaren hartzaile nagusiak.

Mandazainek korritu zituzten bideetan barrena, hainbat monumentuz gainera (dorretxeak, baserriak, jauregiak, elizak eta ermitak) eraikin txiki ugari aurkitzen dira (iturriak, garbitokiak, elurzuloak, karobiak, saroiak), eta han eta hemen sakabanatuta baita ere burdingintzari eta zerealen transformazioari loturiko hainbat eraikin protoindustrial (burdinolak eta errotak, batez ere).

Kultura Ondarearen zati diren elementu horiek guziek, batera hartuta, Euskal Herriko eremu guztiz ezberdinetako biztanleen seiehun urtetik gorako bizimodua ulertzen laguntzen dute, Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideak denak lotzen baititu Iparretik Hegorako zeharbide horretan.

Lehenengo eta behin, itsasoaren mugakide den Bizkaiko lur-zerrenda berezi bat: Urdaibai eskualdea (Bermeo, Busturia, Gernika).

Gero, barrualdeko mendi-inguruak (Muxika, Durango, Urkiola, Otxandio).

Ondoren, Lautada (Vitoria-Gasteiz) eta malkar harritsuak (Laño), bidea Arabako Errioxan amaitzeko (Laguardia, Assa y Oyon).

Eta paraleloki, Bermeo-Oion bide nagusiarekin Durangon bat egiten zuten arteria biren moduan –bidaldiari bizitasun handiagoa emateko–, oraingo Lea-Artibai eskualdeko adar bikoitz bat (mendia eta Bizkaiko ekialdeko kostaldea), hau da: batetik,: Ziortza, Aulesti, Gizaburuaga eta Lekeitio,; eta bestetik Markina-Xemein, Barroeta, Berriatua eta Ondarroa

Laburbilduta, Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideak paisaia historiko eta herritarren multzo interesgarri bat bertatik bertara ezagutzeko parada eskaintzen digu. Kultura bidaia bat Bizkaia eta Araba zeharkatuz, edo, bestela esanda, mendi garaiak, haitzuloak, bizirik dauden antzinako ohiturak, haran berdeak eta ordeka zabalak, baso liluragarriak, itsaso-kala gordeak eta hondartza hedatsuak, kaiak, arrain-ontziak, mendiko goroldioa eta itsasoko kresala.

Horiek denek osatzen dute –toki gutxitan bezala– naturaren ondarea eta tokian tokiko arkitektura-ondasunak (elizak, ermitak, baserriak, dorreak, jauregiak, eraikin txikiak, errotak eta burdinolak) modu bikainean txertatutik erakusten dituen ibilbidea.

Bermeo

Bizkaiko kostaldeko beste herri batzuek bezala, Bermeok antzina-antzinakoa du arrantzale-tradizioa. Arraina, hasieran, etxerako harrapatzen bazen ere, laster hasi ziren soberakina kanpoan saltzen, zeren Gaztelatik eta Bizkaiko barrualdetik zetorren eskaera gora baitzihoan etengabe. Hara zer dioen horren gainean XIV. mendeko agiri batek:

Aipatu hiltegiaren parean –Barrenkale, Durangon– arrandegi bat dago toki zabal eta ordoki batean, lauzazko zoladura duena, zeinean Bermeo, Lekeitio eta Ondarroatik egunean bertan harrapatutako arrain mota guztiak saltzen diren.

Ardoaren eta Arrainaren ibilbideak Bermeon (garai bateko zin-herria eta Bizkaiko burua) kulturan murgiltzeko toki aparta du, zeren arrantzale-herria izateaz gainera, ondare baliotsuak gordetzen baititu bere baitan:

  • Katillotxuko trikuharria. Herriaren mendi-mugetako bat da. Katillotxu mendiko tontorretik 20 metro mendebalera dago, itsaso-mailatik 336 metrora. Hileta-eraikuntza baten aztarnak ikusten dira: 14 metroko diametroa eta 0,95 metroko garaiera duen tutu-erako harritzarra, erdian sakonune txiki bat duena. Erdi Kretazeoko substratu litologikoan dago.
  • Tribizko Errota. Hasieran burdinola izan zen, baina burdingintza artisanalak XIX. mendean bizi izandako gainbehera dela-eta geroago errota bihurtu zen. Geroago, askaldegi moduan erabili izan da, eta bertan taloa (arto-irinez egindako opil ezaguna) eta txakolina zerbitzatzen ziren. Inguru honetan, Artika ibaiaren ondoan, antzina burdinola-errota batzuen batzuk ziren. Hain zen horrela, non bermeotarrek “errotak” baitzeritzoten bazterrari.
  • Bermeoko kontserba-industria. Erdi Aroa baino lehenagokoa da; gaur egun, udalerriko ekonomiaren muina. Bermeoko kontserba-fabrika batzuk bisita daitezke, eta bertatik bertara ikusi milaka tona hegaluzek eta antxoak izaten duten prozesu industriala.
  • Fabrikarik nabarmenetakoa "Conservas Ormaza".
  • “Lamera” parkea. Artika ibaiaren bokalean dago, harrizko eta hareazko ingurune batean; gehiena itsasoari irabazitako terrenoa. XIX. mendearen bukaera aldean parkeko harresia altxatu zen, pasealeku ondoko etxe-atarietan ura sartzea eragozteko.
  • Portu zaharra. Urte askotan, Bermeo Bizkaiko Golkoko baxurako portu garrantzitsuena izan zen.
    Portu zaharra hasierako dartsenan zegoen, baina ontzi modernoentzako sakonera eskasegia zuenez, baztertu egin zen, salbu eta hurbileko uretan aparailua botatzen duten txalupa eta ontzi arinentzat.
    Kantauriko arrantzaleen ohiko etxe estu eta elkarri erantsiek inguratzen dute portu zaharra. Lehengo lonjen ordez, gaur egun tabernak eta itsasontzi-gaiak saltzen dituzten dendak daude. Ondoko gunean esku-hartze urbanistiko handi bati ekin zaio: kai zahar hauen xarmari eta ondare interesgarriari kalte egin gabe, aisialdirako ekipamendu berriak jarri nahi dira, eta puntako pantalanak izango dituen kirol-portua.
  • Portuzarreko iturria edo “iturribiak”. Portu zaharraren erdi-erdian dago. Bermeoko enblematikoenetakoa da, horrelako iturrietan Bizkaiko zaharrena, eta itsasontziak ur gezaz hornitzeko erabiltzen zen. Karlos V.aren garaiko uraska errenazentista bat dauka, XVI. mendekoa beraz.
  • Arrantzalearen museoa. Portu Zaharraren gainean, Ercillatarren oinetxe zaharrean (“hiribilduaren aurreko oinetxea”, Bermeoko urte-liburuek diotenez), dorretxe hau altxatu zuten, eta bertan museoa dago.
    Erdi Aroko jaun feudalak Lurralde Irekietan nagusi ziren, haien agindupeko eremuak baitziren. Hiribilduak jaio eta indartu ahala, ordea, leinu nagusietako batzuek euren boterea industria-gune berrien hasikin hauetara zabaldu nahi izan zuten. Esate baterako, hiribildu baten barruan bakan ikus daitekeen dorretxeetako bat altxatu zuten Ercilllatarrek. Horien ondorengoa izan zen Alonso de Ercilla y Zúñiga, kapare oso ezaguna, gaztetan Karlos V.aren morroi izandakoa, eta XVI: mendean Txile kolonizatu eta La Araucana poema epikoa idatzi zuena.
    Arrantzalearen museoa bisitatzeko orduak
    Asteartetik larunbatera:: 10:00 – 13.30 / 16:00 – 19.30
    Igandeak: 10:00 – 13.30
    Gidaturiko bisitak telefonoz hitzartu behar dira, zenbaki honetan: 94 688 11 71
  • Sanjuanportale. Talaia aldera (“tala” bertakoen euskaran) jotzen duen bidean gora, Talako eta Lamerako parkeen bide erdian, herrigune historikoa inguratzen zuen Erdi Aroko harresia zeharkatzen zuten zazpi sarbideetako bat gelditzen da. Gainontzekoa arian-arian eraitsi zen, gehiena XIX. mendean.
    Harresia hiribilduen elementu bereizgarriak izaten zen, lurralde irekietako herrietan ez bezala, eta defentsarako zeregin garrantzitsua betetzen zuten. Alfontso XI.ak, 1334. urtean, Bermeo gotortzea agindu zuen, eta horretarako 7 ateko harresia eraikiarazi zuen. Lan hori eta harresia mantentzekoak oso nekezak suertatu ziren herritarrentzat denbora luzean, suteak behin eta berriz errepikatzen zirelako.
    Horrenbestez, 1827. urtean, artean herrigune historikoaren zati bat babesten zuen harresitzarra behin betiko bertan behera bota zuten. Ate hau baino ez da gelditzen, eta etxebizitza berriak altxatzeko herritarrek baliatu zituzten harresi-puskak.
    Talaira bidean dagoen zumardirantz (Tonpoi bidea), San Juan portaletik hurrean, Ospitale Psikiatrikoa dago (aldats hasieran, eskuinera) eta herritarren artean “Casa del Niño” ezaguna dena (malda amaieran, ezkerretara jo eta bukaeran, eraikin berrien gune baten ostean gordeta). Nahiz eta bi arkitektura-lan hauek zerikusirik ez izan Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideak duen ingurumari historikoarekin (bi-biak baitira XX. mende hasierakoak), ibiltari jakingurak bidean aurkituko ditu eta, dudarik gabe, merezi dute iruzkin bana, euren itxura ederraz gozatzeko.
    Bermeoko Ospitale Psikiatrikoa hainbat moduluz osaturiko osasun zentroa da, burdin hesiaz inguratutako lorategi bat duena. Pabilioi nagusiak hiru eraikin-gorputz ditu, elkarren artean lotuta beste gune galeriadunen bitartez.
    Seberino Atxukarrok eraiki zuen XX. mende hasieran (1900. urtean). Estilo eklektikoa du, han-hemenka elementu gotizistak baditu bere. Aipatzekoa da adreiluaren funtzio apaintzailea: baoak inguratu eta kutsu flandestarra duten erlaitzak errematatzen ditu.
    También de estilo ecléctico y levantada hacia el primer tercio del siglo XX es la “Casa del Niño”, un edificio con función de guardería y centro de puericultura para acoger a los retoños de las “lateras”: obreras de la naciente industria conservera bermeana y, en muchísimas ocasiones, esposas de los marineros del pueblo.
    Casa del Niño” delakoa ere eklektikoa da eta XX. mendearen lehenengo herenean altxatu zen. Bere eginkizuna zen haurtzaindegia eta puerikultura zentroa izatea, “latera” izenekoen haurrak hartzeko (hau da, Bermeoko kontserbagintzan ziharduten langile emakumeen –eta, sarri, herriko marinelen emazteen– haurrak).
    Etxe hau aitzindaria izan zen emakume langilearen asistentzia-zerbitzuak emateko bidean, aldi hartan Bizkaiko oso toki bakanetan baino ez baitziren horrelako ekipamendurik eskaintzen industriguneetan. Arkitektura aldetik konplexua da: aurrez aurre dauden moduluak lotzen dituen eraikina da, lorategi batez inguratua. Fatxada nagusiak bi gorputz angeluzuzen ditu, kanpora irteten direnak, eta sarreraren albo bietan bi gorputz poligonal ditu, eta ibiltarte bikoitzeko eskailera bat, erdian fuste leuneko zutoinekin elkartzen dena.
  • Matxitxako lurmuturra. Itsasoan gehien sartzen den euskal kostaldeko gunea. Bermeoko mendebaldeko mugan dago, Bakiorantz, eta Urdaibaiko mugarrietako bat. Inguru hauetan daude, batetik Matxitxakoko itsasargi zaharraren dorrea, eta bestetik itsasargi berriarena, aspaldiko urteetan itsaso-gaina gauez argiztatzen duena.
    Lurmuturreko natur inguruetatik itsas ekosisteman sar gaitezke lehorra ezertarako utzi gabe. Behatoki aparta da itsaso-hegaztiak eta zetazeoak ikusteko: martin arrunta, lanperna-musua, zanga, gabai iluna, izurde arrunta, izurde muturmotza, zere txikia, eta Armeria euscadiensis izeneko landarearen populazio handienetako bat.
  • San Juan Gaztelugatxekoa. Gaztelugatxe penintsulako ermita ospetsua. Ondoan Akatx uhartetxoa dago. Bion artean biotopo babestua osatzen dute. San Juanen ermita 74 metroko garaieran dago; bertara iristeko, lehenengo, bi begiko zubi bat igaro behar da, eta gero 231 eskailera-maila igo goialderaino heldu aurretik. Jatorria Goiko Erdi Aroan du, eta, diotenez, bertan tenplarioen monasterio bat egon zen.

Galeria fotografikoa

Portua
Portua
Casas del Puerto
Portu zaharreko etxeak
Sanjuanportale
Sanjuanportale

Busturia

  • San Migel ermita. Altamira auzoan dago, eta eraikuntza moldearen aldetik, gehiago dirudi eliza ermita baino.
    1952. urtetik hona Altamirako parrokia da. Auzoko erdigunean dago. Hormak harlangaitzezkoak ditu, harlanduzko ertzekin. Hiru isuriko teilatua du, elizdorrea eta atari bat. Irailaren 29an, San Migel egunarekin batera, jaia ospatzen da. Antzina, jendea Busturiko parrokiatik bertatik joaten zen bertaraino erreguteak eginez, parrokia horren alberria baitzen.
  • Txirapozu jauregia. Altamira auzoan dago. XVIII. mende bukaerako egoitza neoklasikoa da. Fatxadaren goialdean Txirapozutarren armarria agertzen da. Familia ospetsu hori jauregian bizi izan zen uste askotan, baita haien ondorengo Jose Mari Uzelai margolari famatua ere. Fatxadaren erdialdean Sortzez Garbiaren irudia dago, eta horren behealdeko inskripzioan jauregia altxatu zeneko data irakur daiteke. Etxeak eguzki-erloju bi ditu.
  • Alarbin Goikoa. Altamira eta Paresi artean dagoen eraikina.
    Oso ondo argitzen du burdinolek XVIII. mendetik aurrera gainbehera joan ahala zer nolako aldaketak izan zituzten. Lehendabizi burdinola izan zen, eta gero errota. Alegia, hasieran burdina-totxoak galdatzen zituen; gero inguruko soroetako zereala eho zuen; geroago Busturiko zeramika fabrikarako kaolina xehatu eta auzoa argindarraz hornitu zuen, lehengo ur-jauzi zaharrean turbina bat egokituz. Gaur egun egoitzarako erabiltzen da.
  • Txarapiolako burdinola zaharra. Alarbin Goikoa bezalaxe, burdingintza artisanalak XIX. mendean bizi izandako gainbehera dela eta, Txarapiolako burdinola denboraren joanean errota bihurtu zen. Erreka-bazter batean dago, baina hondakin batzuk baino ez dira gelditzen.
  • Seletako burdinola zaharra eta Erle Tokia (erleak eta eztia gogora dakartzan toki-izena). Harrigarria bada ere, burdinola zaharraren barruan eztia egiteko instalazio bat dago. Modu artisanalean ateratako jaki hori Bilbon bertan saldu zen garai batean. Ez dira asko gaur egunera arte iraun duten horrelako instalazioak. Mape ibaiaren alboan dago, natura aldetik oso interes handia duen ingurune batean: galeria-basoa, hareharri-geruzen erabide geologikoa…
  • Arriatara monolitoa. Hareharrizko harritzar puntazorrotz honek 2,70 m luze du. Arritara baserriaren atzealdean dago, Sorbituaga-Arriatara monolitoak betetzen duen zelaigunean etzanda
  • Sorbituaga-Arriatara monolitoa. Enrique Arzubiagak aurkitu zuen 1983. urtean Añetu mendiaren hego-mazelan, Arriatara eta Sorbituaga baserrien artean. 2,12 m-ko garaiera eta 0,25 m-ko lodiera duen hareharrizko bloke bat da. Lehenago giza itxurako “menhir” bat zela uste zen (larre-tokiak mugarritzeko monumentu megalitikoa); duela gutxi, ordea, “harrespil” bat dela ondorioztatu da (zati batean lurpean jarrita dauden harriek egiten duten zirkulua, erdian gorpu erraustu baten errautsak gordetzen dituena). Euskal Herrian “baratz” izena ere ematen zaie, eta Burdin Aroaren hasiera aldean edo Brontze Aroaren bukaeran kokatzen da.
  • Larragoko karobia. Kare-labe hau ongi kontserbatzen da. Oin zirkularra du, lau metroko diametroa eta beste lau garaiera. Arrokan egindako zulo bat da, harlangaitzezko horma batek estalia. Oraindik kontserbatzen ditu sarrerako atea eta alboko horma-hobia. Ondarearen zatia da, Bizkaiko Foru Aldundiak zabortegiak berreskuratzeko sustatutako programari esker.
  • Eperlanda ingurua (Eperreko landa). Ahozko tradizioaren esanetan, larre hauetan sorgin-zeremonia alberdaniazkoak ospatzen ziren, herritarren artean “akelarre” izenarekin ezagutuak (akerraren larreak). Antza denez, batzar hauetan, nekromantzia eta lizunkeria nahasian, parte hartzaileek dantzari lotu eta hainbat erlijio-dogma ukatzen zituzten, aker handi baten itxurapean deabrua bera gidari zutela. Toki batzuetan “eperlanda” horixe da, “akelarre” hitzaren sinomimoa: sorginen gau-bilera. Baina herri-sineskeriak alde batera utzita, ezin ukatuzkoa da interes biziko naturgunea dela: zelai belar-finak, fruta-arbolak eta urki-unada txikiak.
  • Larragoko iturria. Iturri-aska moduan egokitutako iturburua. Oin angeluzuzeneko eraikina, hareharrizko harritzarrez egina, oso ondo kontserbatzen da. Urte-sasoi batzuetan ur-jarioa oraindik ikusten da.
  • Larrazabaleko karobia. Karea egiteko labea. Hala-moduzko egoeran dago. Karobi gehienak bezalaxe, arrokan egindako zuloa da, harlangaitzezko horma batek estalia. Zati batean kontserbatzen ditu sarrerako atea eta alboko horma-hobia.
  • Kortazarrako teileria. Teilak eta adreiluak egiteko labe zaharra. Nahiko ondo kontserbatzen dira beheko sutegia eta goiko erretokia. Protoindustriaren instalazio hauek ez dira oso ugariak Urdaibai inguruan.

Galeria fotografikoa

San Migel ermita
San Migel ermita
Alarbin Goikoa
Alarbin Goikoa
Larragoko iturria
Larragoko iturria

Gernika-Lumo

Oiz mendia eta inguruak

  • Astogana. Oiz menditik hurbil dago, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako gailur garaiena da (809 m). Bertako belardi bukolikoetan inguruko herrietako abereak bazkatzen dira.
  • Gertu samar, Munitibarren udalerrian eta Oiz mendiaren hegaletan, San Kristobal izeneko ermita txiki bat dugu. Herrigune guztietatik aparte, abereei estalpea emateko erabiltzen zen, bai eta artzainek gorputzari atseden eta arimari kontsolamendu emateko ere.
    Honelako ermitak bi zatitan banatuta daude: alde batean elizkizunetarako tokia dago, eta bestean abereak gordetzeko estalpea. Aurreneko zati horretan bertan, burdin hesi batek aldarea isolatzen du gainerako espaziotik. Antzina meza San Gregorio egunean egiten zen, maiatzaren 9an, baina aspaldi handian San Kristobal egunean egiten da. Tradizioak agintzen zuen egun horretako elizkizunean olioa bedeinkatu egin behar zela, eta gero belarriko mina zuen gaixoari eman, San Kristobal oso estimatua baitzen min horiek sendatzeko bitarteko gisa.
  • Oiz deiadar-mendia. Mila metroak doi bat gainditzen dituen arren (1.026 m), Bizkaiko sinklinorioko tontor garaienetako bat da (alegia, Getxoko Punta Galeatik Ermuko Urko mendiraino luzatzen den 50 km-ko tolesdura-lerroa, 2-6 km zabal dena). Urdaibaiko Biosfera Erreserbatik kanpo dago eta Bizkaiko bost deiadar-mendietako bat da (besteak Sollube, Ganekokorta, Kolitza eta Gorbeia dira).
    Tontor horietatik bertatik Batzar Nagusietarako deia egiten zen (batzarrotan Bizkaiko ahaldunak biltzen ziren), eta horretarako su handiak pizten ziren gailurretan, txalaparta edo zezen-adarrak joz.
  • Oiz-eko iturria. Bizkaiko Begiratokia Oizeko gainarekin lotzen duen pistatik behera uraska bat dago, Oizera bidean gora doazen mendizaleen nahitaezko atsedenlekua.

Munitibar

  • Ambre baserria 1780. urtean eraiki zen eta gaur egun landa-turismorako erabiltzen da.
    Bestelakoa izan zen garai batean, hain zuzen “Ambre” izena jarri zitzaion garaian. Bertako herritarrek diotenez, urte askotan pasatako gose gorriak sortarazi zuen, antza, deitura hori. Eskas-aldiei buruzko usteak eta ustekizunak albo batera, egia da baserriko arkuen gainean “ambre” inskripzioa dagoela idatzita. Bi bizitzako etxea da, handia, Ganbe auzoan dagoena, Zugastieta Munitibarrekin lotzen duen errepidearen albo batean. Oin angeluzuzen handi bat dauka, eta bi isuriko estalkia. Harlangaitzezko hormak ditu, harlanduzko izkina, bao eta arkuez hornitua. Sarbidea arku bikoitz bat da, harlanduzko zutabe batean bermaturik.
  • San Lorenzo ermita. Ganbe auzoko gain batean dago, pinu eta nekosta artean. Herritarren artean “San Lontzo” deitu ohi zaio.
    Bi isuriko estalkia du, eta atari itxi txiki bat. Berri samarra da eta inguruko baserri baten jabetzako lurretan altxatzen da. San Lorenzo egunean meza egiten da barruan.
  • Ganbeko elurzuloa. Izen bereko baserriaren jabetzakoa. Ambre baserritik 200 bat metrora dago, Leizarraga baserriraino doan auzo-bide zahar baten ondoan. 9 m-ko sakonera du, eta 5,8 m-ko diametroa.
    Bizkaiko elurzuloak ehunka urtetan erabili izan dira, baina haien goren aldia XVII. eta XVIII. mendeetan izan zen. Bertako elurra jakiak kontserbatzeko erabiltzen zen, bai eta sendabide moduan ere, hainbat gaixotasunen aurka. Elurzulo naturalak eta artifizialak ditugu, estaliak zein estaligabeak. Ganbekoa hasiera estalita bazegoen ere, gaur egun urki batzuek baino ez dute estaltzen. Ondorioz, ingurukoen artean hain etekin onuragarria eman duen zulo artifiziala, tamalez, kontrolik gabeko zabortegi bilakatu da.
    Antzina elur-bola handiak jaurtitzen ziren zulora, bertan ondo zanpatu eta orbel-geruzen bitartez banatu. Izotz industriala etortzearekin batera, ordea, elurra ustiatzeko era artisanala galdu zen. Elurzulo gehienak bertan behera abandonatu ziren, baina, harrigarria bada ere, Ganbe baserriko biztanleek jarraitu zuten elurra Gernikan saltzen 1915. urtera arte, XX. mendean sartuxe beraz.

Mendata

  • Ikeriya errota. Bai burdinolak bai errotak oso baliagarriak izan ziren garai batean eskualdeko garapenari begira.
    Denbora aurrera joan ahala, berriz, haien garrantzia ahulduz joan zen, bitarteko berrien eraginez beste aberasbide batzuk jaio baitziren. Horrenbestez, industriagintza haren elementu gutxi iritsi dira gaurdaino. Hala eta guztiz ere, esan beharra dago errotek denboraren joanari eutsi ahal izan diotela, urte hauetan guztietan etxebizitza moduan erabili direlako; ez ordea burdinolek, garaiko ustiategi petoa izan arren.
    Ikeriya errota orain arte azaldutako guztiaren erakusgarri bikaina da. Golako errekaren goi-aldean kokatua, Albiz auzoan, oraintsu eraberritu da. Eta, gainera, ehotze mekanismoa bikain kontserbatzen da oraindik.
  • Golako erreka.Oka ibaiaren adarra da, Astoaburu gainean jaiotzen dena. Ibilbidean zehar han-hemenka sakabanaturiko burdinola eta errota askoren energia-iturri izan da mendeetan zehar, nahiz eta horiek dagoeneko desagertuta dauden. Golako erreka Zarra auzo parera iristen denean, halako mendiarte batean estutzen da eta sigi-saga doa bihurgunez bihurgune. Tarte hau oso ongi kontserbatuta dago, eta bertan irudika dezakegu zer nolako indarra sortzen zuten meandro hauek.
  • Zarra inguruan, Golako errekaren ibilbidea ikusten den muino batean, Goikoetxe baserria dago, eguteran, hegoaldera begira.
    Bi isuriko estalkia duen familia bakarreko etxe hau nekazarientzako sortu zen. Bertan bizi eta lan egiten zuten, eta jakiak eta lanabesak gorde, animaliak eta abereak hazi eta zaindu. Gaur egun eraberrituta dago eta bi familiako etxebizitza da.
    Goikoetxe Bizkaiko XVI. eta XVII. mende hasierako baserri-eredu bikaina da, bilbadura errenazentistaren eta barrokoaren arteko trantsizioa gauzatu zutenen prototipoa. 25 zutoin handiez osaturiko armazoi batek eusten dio, harlangaitzezko hormez itxiak. Oraindik jatorrizko armazoia du. Beste elementu aipagarri bat atariko erdiko zutabea da.
  • Zarraren erdigunean garbitokia dago. Benetako harribitxia da arkitektura txikiko elementuen artean, oso gutxi baitira gaurdaino iraun dutenak, are gutxiago honena bezalako egoeran. Uraska bat du, eta iturri bat askaduna. Garbitokia lau isuriko teilape batek estaltzen du, lau zutaberen gainean bermatua.
  • Albiz auzoa Mendatako udalerria osatzen duten lau auzoetako bat da. Bizkaiko Kofradiaren hasierako guneetako bat izan zen. Albiztarren dorretxea izan zuen sorleku –hortik haren izena–, eta ondare arkitektoniko interesgarria gordetzen du.
  • Albizeko Magdalena eliza. Diotenez, hasieran ermita bat izan zen.
    Gaur egungo eliza XVI. mendekoa da, baina oraintsu eraberritu da, eta eliza inguratzen duen atarian batzar-mahai bat du. Horrelako mahaiak ohikoak ziren herri txikietako elizetan, eta euren zeregina izaten zen batzarleku bat egotea elizaurreetan, elizateetako biztanleak batzartu eta erabakiak hartzeko. Batzar hauetan du jatorria, hain zuzen, gaurko “elizate” hitzak. Elizak inguruetako herri-erloju zaharrenetariko bat du: Juan Miguel Hormaetxegoitiak egin zuen 1828. urtean, eta esfera mekaniko bakarra du.
  • Albiz jauregia. XVIII. mendekoa, aurrealdean bi armarri erakusten ditu: Albiztarrena eta Allende-Salazartarrena. Handik gertu, familia horietako baten dorretxe zaharkitu baten hondakinak daude, Albiztarrena. Familia hori eskualdeko antzinako leinu zaharrenetakoa da.
  • Albiz dorretxea leinu horren oinetxea da, eta zutik irauten du, nahiz eta behin eta berriro erre izan den.
    Gaur ikus daitekeen etxe hondatua XVI. mendeko eraberrikuntza da, gotiko-errenazentista. Fatxada bakoitza 13 metro zabal eta 12 metro garai da, eta metro bateko lodierako hormak ditu. Argazki zaharrek erakusten dutenez, bi isuriko teilatua zuen. Horrek, eta etxeak oro har duen garaiera eskasak, pentsarazten dute dorrea moztua izan zela. Gezileiho batzuk ikus daitezke oraindik, bertatik etsaiari geziak jaurtitzeko egindako leiho estuak. Lehen ere adierazi dugunez, Albiztarren genealogia aspaldikoa da, Urdaibain aipatzen den lehen leinuetako bat baita.
  • Albiz auzoan gindax bat ikus daiteke, hau da, txirrika eta uhalez egindako garabi txikia, abereak altxatu eta ferratzeko. “Albizeko gindaxa” gelditzen diren bakanetakoa da.
  • Berrekondo ibaia. Oka ibaiaren adarra da, Albiz auzoko goi-aldean jaiotzen dena. Mendata igaro eta gero Ajangizeko Kanpantxu auzora jotzen du, urak Oka ibaian isuri baino lehen. Ibaia estu-estu baitoa bere ubidean, ez da herrigunerik ertzetan, ezpada ere urrutiagoko muinoetan.
  • Mendatako San Migel eliza (Elexalde).
    Elexalde auzoan dago eta gotiko-errenazentista da, XVI. mendekoa.
    Portada errenazentista-manierista da, oso ederra. Eliza inguratzen duen ataritik gertu harrizko mahai bat du, auzotarrak batzartu eta erabaki garrantzitsuak hartzeko.
    Mendatako jatorrizko parrokia-elizak X. mendekoa behar zuen, oraingoa dagoen muino berean eraikia.
  • Kalbario mendia. Mendixka hau Elexalde ondoan dago. Goiko aldean kalbario bat dago, nahiko hondatuta: hiru gurutze, gurutziltzatzearen oroigarri. Orain urte batzuk, mendatarrek Gurutze Bidea egiten zuten honaino Aste Santuan, eta tradizio horri zor dio mendiak izena.
  • Mendatako “Baserriaren Interpretazio Zentroa”. Mendatako sarreran dago, eta baserria ezagutzeko gunea da. Aukera bikaina da baserria, bai barrutik bai kanpotik, ondo ezagutzeko: euskal etxe berezi honen barne-espazioa, sukaldea, logelak, nekazaritza-tresnak, eta etxe-abereen, ganaduaren eta gizakiaren arteko elkarbizitza egoitza berean.
    Horri erantsia, berriki inauguratu den udal aterpea dugu, 36 lagun jasotzeko prestatua: lau logela, liburutegia eta audioteka, pilotalekua, futbol eta saskibaloi zelaiak, lorategia eta zabuak.

Gernika

  • Gernikako Azoka. Busturialde osoan baserriko produktuak erakusten dituen azoka nagusia da. Urteko astelehen guztietan egiten da, baina urriko lehen astelehenekoa eta, batik bat, azken astelehenekoa dira jendetsuenak. Gernikako bonbardaketak 1937. urtean suntsitutako azoka zaharra zegoen leku berean eraiki zen oraingoa.
  • Santa Anako ermita. Santa Ana auzoan dago. Hormak harlangaitzezkoak ditu, harlanduzko ertzekin. Lau isuriko teilatua du. Fatxada nagusiak arku zorrotzeko bao bat du, eta leiho atalburudun bat. Gernikako bonbardaketaren ondorioz behea jo zuen. Gaur egun hondatuta dago. Teilatua erori zenean, barruko irudiak –antzina-antzinakoak– kendu egin zituzten. Elizkizunak bezala, zeren ez baitira joan deneko 40 urteetan egin.

Forua

  • San Kristobal eliza Izen bereko auzoan dago, Foruko udalerrian. Garai batean atari bat behar zuen, baina egun zutoien oinarriak baino ez dira gelditzen. Lurperatzeak egon ziren, antza, sarrerako lauzen azpian, giza hondakinak agertu baitira. Honelako beste batzuetan bezala, ermita honen kanpoaldean ere batzarretarako mahai bat zegoen. Duela gutxi arte, inguruko herritarrek San Kristobalengana jotzen zuten sendabide eske, belarriko mina kenduko zuen olioa bedeinkatzeko, eta San Andresengana haurrak lehenbailehen berbetan ikas zezaten.
  • Urdaibai dorretxea.Lurraldeko leinu garrantzitsu baten oinetxea da. Iñigo López jaunak Donemiliaga Kukullako monasterioari eman zion 1051. urtean. Orduko harlanduzko eraikin arranditsua, Errege Bidearen ondoko mendixkan zaindari, ez da gaur egun ia ezer:
    1929.urtean sute batek kalte handia egin zion. Hondakinen artean, horma bik baino ez dute zutik iraun, eta deitura esanguratsu bat (“Perejil” gaztelua). Izen ofiziala (Urdaibai dorretxea) Urdaibaiko Biosfera Erreserba izendatzeko erabiltzen da (urde ibai edo basurdeen ibai, garai batean ugaztun hori ugaria zelako).
  • Foruko Atxako harrobia. Antzina ibai-arroko ia herri gehienek zuten kareharrizko harrobi bat. Bertatik ateratako harria eraikuntzarako edo karea egiteko erabiltzen zuten. Foruko kareharri gehiena Foruko Atxaren ingurutik erauzi da. Lehengo harrobi zaharra utzi (haren aztarnak ikus daitezke), eta berria ireki zen. Gaur egun ere indarrean dago.
  • Atxetako haitzuloa. Hasieran pentsatu zenaz bestera, haitzuloa ez zen inoiz bizitokitzat erabili. Gehiago zen lantoki moduko bat: hainbat tresna egiteko, sukarria eta beste material batzuk lantzen ziren “lantegi” honetan. Atxetan landutako sukarria, jatorriz, Errigoitiko aztarnategi txiki batekoa da.
  • Giñerradi haitzuloa. 1919.urtean aurkitu zuen Jose Migel Barandiaranek. Aztarna interesgarriak gorde zitzakeelakoan, hainbat ikerketa-proiektu egin ziren. Baina 60ko hamarkadan, ondoko harrobia ustiatzeko lanek eragindako lurrikarek bertan behera eraitsi zuten haitzuloa.
    Behea jo baino lehen, erromatarren garaiko lanabesak aurkitu zituzten goi-mailetan. Horrek pentsarazten du zeramika erromatarraren Bizkaiko aztarnategi garrantzitsuenetako bat zela. Horretaz gainera, Isis (Halabeharra) jainko erromatarraren brontzezko irudi bat agertu zen, orein-adar itxurako txilibitu bat (K.a. 8.000 eta 10.000 urte bitartekoa), hortz bat kontserbatzen duen masailezurra, kristalezko eraztun bat eta beste hainbat aztarna arkeologiko. Hori guztia ikusgai dago Bilboko Euskal Museoan (Unamunoren plaza 4, 94 415 54 23 telefonoa, www.euskal-museoa.org).
  • Kurutzeko Ama Birjina.. Santa Kurtzia izeneko parajean dago, Baldatika auzora doan bide ondoan. Hilarri zahar baten zatia da, K. a. I-III. mendekoa, berrerabili eta gurtzeko gai moduan erabili izan dena. Inguruko herritarren artean aparteko begirunea du, ikusi besterik ez dago zenbat basalore-sorta jartzen dizkioten oinarrian. Arretaz begiratuz gero, hiru aldeetan hainbat sinbolo ikusten dira, garai ezberdinetakoak antza. Hortik segitzen da hilarria behin baino gehiagotan erabili izan dela. Apaingarri-ikur horietako batean Ama Birjina ikusten da, eta halaxe jaso zuen mugarri honek bere izena.
  • Txakolina parraletan jartzeko pilastrak, kono-enbor formako pilareak dira, txakolinaren mahats-parrei eusteko eginak (txakolina da Bizkaian eta Gipuzkoan, batik bat, egiten den ardo arin eta zertxobait garratza). Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan, etnografia aldetik hain interes bizia duten zutarri hauek hementxe kontserbatzen dira hobekien.

Galeria fotografikoa

Ambre baserria
Ambre baserria
San Lorenzo ermita
San Lorenzo ermita
Ikeriya errota
Ikeriya errota
Ikeriya errota
Ikeriya errota
Goikoetxe baserria
Goikoetxe baserria
Albizeko Magdalena eliza
Albizeko Magdalena eliza
Albiz dorretxea
Albiz dorretxea
Mendatako San Migel eliza
Mendatako San Migel eliza
Gernikako Azoka
Gernikako Azoka
Gernikako Azoka
Gernikako Azoka
Gernikako Azoka
Gernikako Azoka
Gernikako Azoka
Gernikako Azoka
Gernikako Azoka
Gernikako Azoka
Gernikako Azoka
Gernikako Azoka
Urdaibai
Urdaibai

Maume

  • Maumeko galtzada.
    Muxikako udalerrian, ondoko Berrizekiko mugaldean, oraindik kontserbatzen da euskal kostaldea barrualdearekin (Durangaldea, Araba, Gaztela…) lotzen zuen lehengo galtzada zaharra, orduko komunikabide nagusietako bat.
    Bidea lauza zaharren gainean egiten da –bikain kontserbatzen dira–. Eta, bidertzean, alboetako arroketan grabaturiko harrizko gurutzeak ageri dira
  • "Olea" burdinola. Maumebekoa baserriarekin aurrez aurre, Oromiño ibaiaren ertzean, Muxikako burdinola txikietako bat izan zen (alegia, burdina-kopuru txikia ekoizten zuena).
    Muxikako burdinoletako produkzioa apala zen beste inguruetakoaren aldean: horregatik, Ibarrurietako mendietako egur asko eta asko Zornotzako burdinolak hornitzeko erabiltzen zen.
    XVIII. mendean hiru elizateetan izan ziren bost burdinoletatik Oleakoak soilik gordetzen du egituraren zati bat: uraren sarbidea eta estolda. Burdinolak mugiarazteko erabiltzen ziren trepeta hidraulikoak errotetan erabiltzen ziren berberak zirenez gero, ez zen harritzekoa burdinola batzuk errota moduan eraberritzea. Horixe egin zuten Olea burdinolan.
  • Goikoetxe baserria, Bertan ardi-gazta aparta egiten eta saltzen da. Horrek asko famatu du Maume auzoa inguruko herritarren –eta urrutiagokoen– artean.
  • San Lorenzo ermita, Auzoak duen erlijio-eraikin bakarra. 435 metroko garaiera du, oinplano angeluzuzena eta bi isurkiko estalkia, erdi-puntuko arkudun atea eta hiru leiho atalburudun; baita ere zementuzko kanpai-horma bat, hiru bao kanpaidun dituena, gurutze batez errematatua. Ermita honetan San Lorenzoren festa ospatzen da urtero abuztuaren 10ean, meza eta herri-erromeria eginez.
  • Maumeko eskola. Bizkaiko beste auzoetako eskolen jatorrian bezalaxe, honetan ere 1919ko azaroaren 26an aurkeztutako mozio bat aurkitzen dugu: bertan, Bizkaiko kulturaren eta hezkuntzaren egoera desorekatua aipatzen zen. Gaur egun honelako eskola gehienek beste erabilera batzuk dituzte: liburutegi, aisialdi-elkarteak… Beste eskolen gisara, Maumekoaren estiloa ere inguruko paisaiara egokituta dago.
  • Inguruko basoak Erdi Aroan jada ustiatzen ziren egurretarako eta abeltzaintzarako: bertan abereak larratzen ziren eta sutarako egurra ateratzen zen. Izan ere, giza jarduera horiek izan ez balira, jatorrizko hariztiak hartuko luke gaur egun ere Urdaibai gehiena. Baso batzuk herri-basoak ziren, beste batzuk inguruko eliza edo ermita baten jabetzakoak, edota partikularren baten ondasun.
    Magunas mendia herri-basoa zen, bertako zuhaitzetatik ateratako egur-ikatza salduta lortzen zen dirua Magunas mendiari atxikitako ermita mantentzeko erabiltzen baitzen. Herri-basoetan egurraren ustiapena doakoa zen; ez ordea gainerako probetxuak, zerga bat ordaindu behar baitzen. Mendi pribatuetan, bestalde, –Ibarruriko elizatean, adibidez, mendien pribatizazioa oso goiz egin zen– ustiapen partikularrak eragin zuen “saroi” edo “basokorta” izenekoak sortzea, hau da, aurrez mugaturiko erabilera pribatuko lur-eremuak.
    Mugarritze horiek haustarri izeneko harri bat ardatz hartuta taxutzen ziren; harriari soka edo kate bat lotu eta biraka zirkulu bat osatzen zen. Zirkulu barruko eremua modu pribatua erabiltzekoa zen. Saroiak “kortaosoak” izan zitezkeen (negukoak, handiagoak, haranondoetan kokatuak), edo “kortaerdiak” (udakoak, txikiagoak eta goi-aldeetan kokatuak). Oiz mendiko mazeletan lur-eremu mugatu hauek ugariak behar zuten. Bakan batzuek iraun badute ere, pinu-landaketa masiboak asko eragozten du markak behar bezala ikustea, gehienak estalita baitaude.

Galeria fotografikoa

Maumeko galtzada
Maumeko galtzada
Olea Burdinola
Olea Burdinola

Durango

Durango kapare zaharren herria da, iragan aristokratikokoa. Oraindik Erdi Aroko herrigune historikoa gordetzen du, eta XIX. mendera arte harresitutako esparruari eutsi zion, nahiz eta gaur egun jatorrizko sei arkuetarik bakarra gelditzen den, “Santa Anako atea” deritzonean dagoena.

  • Santa Ana atea. Barrokoa da, eta jatorriz 1556. urtekoa izan arren 1774. urtean zaharberritu zen. Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideko sinbolo adierazgarrienetakoa da, bertatik pasa behar baitzuten bai kostatik arraina zekarten merkatariek bai barrualdetik ardoa garraiatzen zutenek. Erdi-puntuko arku bat du, harrizko balaustrada bati eusten diona. Arku gainean bi dorre daude, alde banatan, eta erdian kanpai-horma bat, Austriarren armarria duena albo batean, eta Santa Ana Ama Birjinarekin beste alboan.
  • Santa Anako eliza.
    Santa Anako arkuaren ondoan. Barrokoa da.
  • Uribarriko Andra Mari eliza. XIV.mendekoa. Arandoño dorretxeari erantsita dago eta atari zabal bat dauka. Bizkaiko elizetako arkitektura tipikoaren arabera taxutua dago.
  • Durangon Bizkaiko elizarik zaharrena dago: Tabirako San Pedro. Erromanikoa da eta aztarna zaharrenak XII. mendekoak ditu.
  • Herri urtetsu honetako beste monumentu aipagarri batzuk honakoak dira: Krutziagako Gurutzea, Mikeldiko idoloa –Durangon kopia bat dago, jatorrizkoa Bilboko Euskal Museoan baitago– eta Udaletxea, estilo klasikokoa baina napolitar eraginez hornitua.

Izurtza

  • Durangotik gertu, Izurtzako udalerrian, Etxaburu dorretxea dago, Mugarraren behealdean.
    Dorretxearen jatorria Antonio Pio enperadorearen garaiko eraikin erromatar batean bilatu behar da, gerora suntsitu zena. X. mendean, Santxo Lopez Ibarguenekoak, Estibalitz Etxaburukoaren senarrak, etxea berreraiki zuen.

Galeria fotografikoa

Santa Anako eliza
Santa Anako eliza
Etxaburu dorretxea
Etxaburu dorretxea

Urkiola

Urkiolako santutegia.Kultura eta historia aldetik interes handia duen tokian dago kokatua, Urkiolako Parke Naturalaren erdigunean. Parkeak izena santutegiari eta bertako mendateari zor die, hain zuzen ere. Santutegiaren inguruan honako tokiak bisita daitezke: Antonio Paduakoaren eta Anton Abadearen eliza, Kristo Santuaren eta Santa Apoloniaren santutxoak –azken hori sendatzeko ur-iturburu batean–, Urkiolako benta zaharra, eta inguruko herritarrak hornitzen zuen eta berriki zaharberritu den elurzuloa. Hiru gurutzetarainoko pasealekua ere guztiz gomendagarria da.


Galeria fotografikoa

Santuario de Urkiola
Urkiolako santutegia
Galtzada
Galtzada

Otxandio

Otxandio Bizkaiko herri zaharrenetakoa da. Jatorriz, Durango eta Gasteizen arteko bidean sortu zen. Etxe armarridun ugari ez ezik, aipagarriak dira Santa Marina eliza (XVI. mendea) eta udaletxea (XVIII. mendea), fatxada barroko eder bat duena.


Galeria fotografikoa

Otxandio
Otxandio

Vitoria-Gasteiz

Vitoria-Gasteiz Arabako Lautadako hiri nagusia da, Erdi Aroa ezkeroztik toki giltzarria, bai komunikabideei begira bai merkataritzari begira.

Alfontso VIII.ak 1200. urtean konkistatu zuenez geroztik, hiria goraka hasi zen merkataritzaren alorrean. Ordura arte gotorleku militar moduan soilik hartua zegoen.

1202. urtean sute batek hirigunea suntsitu zuen, baina berehala berreraiki zuten Erdi Aroko burguen ereduari jarraituta. Hirigunea handituz zihoan kalerik kale, tokian tokiko gremioen izendapenak hartzen zituztela (Hedegile, Errementari, Zapatagile, Aiztogile, Pintore…). Gaur egun ere kaleok Gasteizko hirigune zaharraren muina dira.

  • Santa Maria katedrala.Alde Zaharraren erpinean dago. Zaharberritze-lanetan murgilduta dagoenez, ibilbide gidatuak antolatu dira monumentua balioesteko prozedura oso-osoa nola gauzatzen ari den erakusteko. Beste eraikin interesgarri batzuk ere badira: Andatarren dorrea, Doña Otxandaren dorrea eta beste jauregi batzuk.
  • Gasteizko hirigune historikoa Euskal Herriko aberatsena da, ikuspegi artistikotik begiratuta.
  • Estibalizko Santutegia Hiritik gertu dago. Arabako zaindariaren omenez egindako eliza erromanikoa da.
    Ama Birjinaren XII. mendeko tailua du, behin baino gehiagotan zaharberritu dena, baina jatorrizko polikromiaren zati bati eusten diona.
    Estibalitz hitzaren jatorrian Aestivalis egon liteke, alegia erromatarren ‘lursail’ edo fundus. Sortze beretik bilera-leku garrantzitsua izan da. Gaur egun ere eliztar andana biltzen da toki honetara Arabako Ama zaindariaren egunean. Horretaz gainera, Batzar Nagusietako burua izaten zen, gotzainak, nobleek eta nekazariek agintari zibil eta militarrak aukeratu behar izaten zituztenean; eta egun horretan prozesioan ateratzen zuten.7

Galeria fotografikoa

Vitoria-Gasteiz
Vitoria-Gasteiz
Estibalizko Santutegia
Estibalizko Santutegia

Laño

Lañoko haitzuloak hondeaketa artifizialak dira. “Goba” izenarekin ere ezagunak dira eta Erdi Aroan eremutarren egoitzak izan ziren, hau da, monje eta ermitauen bizitokiak.

Lañon guztira hamaikahaitzulo artifizial daude, eta haien artean eremutarren gune bat. Denboraren poderioz higadurak eta luiziek haitzulo batzuk hondatu dituzten arren, gune horren harpeetako batean aldare bat dago horman zulatua. Beste haitzuloetako batean santuen izenez eta kristau-sinbologiaren inguruko marrazkiez osaturiko graffitiak ikus daitezke. Eta lurrean, hainbat hilobi.


Galeria fotografikoa

Lañoko haitzuloak
Lañoko haitzuloak

Laguardia

Honaino iristen zen Bizkaiko itsas-portuetan zamaturiko arraina. Mandazainak, ordea, ez ziren esku-hutsik itzultzen, Laguardia Arabako ardogintzaren toki garrantzitsuenekoa baita. Itzuleran Arabar Errioxan ondutako ardoak zeramatzaten garraioan.

  • Milaka urteko ardoak, antzinako ardandegiak. Laguardia estu-estu lotuta dago ardogintzaren kulturarekin. Arabako Errioxaren bihotzean gaude. Laguardian eta inguruko herrietan ardandegi ugari ditugu, batzuk arkitektura tradizionalaren zinezko maisu-lanak, beste batzuk abangoardiako eraikin harrigarriak. Zenbaitetan mahats-bilketatik ardoa lortu arteko prozesua ikas daiteke bisita antolatuen bidez.
    Bitxia bada ere, Laguardiako lurpea hutsik dago, etxeen azpietan egin izan diren soto-ardandegiek zulatua. Ia herri gehiena dago ardandegion gainean bermatuta.
  • Ardoaren Museoa. Herriaren ikurra, tradizio mahastizale eta ardozalearen erakusgarria. Museoa Samaniego alegiagile ospetsuarena izandako etxean dago.
  • Laguardia Antso Azkarraren garaian (1194-1234) harresitu zen.
    Eraikin interesgarri asko ditu, San Joan eta Abacial defentsa-dorreak adibidez, edo Santa Maria de los Reyes eliza, herriko ertz batean kokatua. Eliza horrek portada polikromatu zoragarria du. Hasierako eraikina XII. mendekoa zuen, forua ematearekin batera altxatua.

Galeria fotografikoa

Laguardia
Laguardia
Santa Maria de los Reyes eliza
Santa Maria de los Reyes eliza

Assa

Assa herrian garai bateko erromesek sarri erabiltzen zuten zubi handi baten aztarnak daude. Gaur egun, orduko zapi arkuetatik bi baizik ez dira gelditzen.

Ebro ibaiaren zabalera aintzat hartuta, irudika dezagun zer nolako zubi gaitza zen harri landuzko hau, alderik alde 64 metro bazituen (XI. mendekoa dela jotzen da).


Galeria fotografikoa

Zubia
Zubia

Oyon

Santa Maria eliza nabarmendu behar da, XVIII. mendean Juan Bautista de Arbayzak eraikia. Aurreko eliza zaharra ordeztu zuen, zeinaren portada gotiko-errenazentista baino ez baita gelditzen. Eliza barruan elementu barrokoak eta errenazentistak dituen erretaula bat dago. “Giraldón” izeneko elizdorrean irule baten irudia dago.


Galeria fotografikoa

Oyon
Oyon

Zenarruza

XIII. mendean jada aipatzen ziren Gaztela Bizkaiko portuekin lotzen zuten bideak, handik gero produkzioa atzerriko herrialdeetara eramateko. Hemengo bide hau Urkiolatik sartzen zen Bizkaian, eta gero hiru adarretan banatzen zen: Lekeitio, Ondarroa eta Bermeo. Bermeoko hori da, hain zuzen, ardoa eta arraina merkaturatzeko erabiltzen zena.

Ziortza kolejiatara Bolibarretik iristeko, XIX. mendean berreraikitako galtzada bat ibili behar da (Bolibar da Amerikako burujabetasunaren aldeko Simón Bolívar buruzagi eta Venezuelako askatzailearen arbasoen sorlekua). Historia eta arte aldetik balio handiko tokia dugu. Besteak beste, bertako eliza gotikoa bisita daiteke, bai eta kaperak eta Errenazimentuko klaustroa ere, handik gerokoa baita, erretaula plateresko zoragarri batekin.

Kondairak dioenez, arrano batek burezur bat bota zuen tokian altxatu zuten kolejiata. Sarrerako harri batean zizelkatutako irudiak halaxe gogorarazten digu. Kolejiata ezaguna da, bestalde, erromesentzako ospitale bat zuelako, Bizkaitik Done Jakue bidean Gernikarantz zihoazela bertan ostatu hartzeko (Iparraldeko adarra edo “Kostako Bidea” deritzona).


Galeria fotografikoa

Ziortza
Ziortza

Aleusti

Aulestin etxeak lerro-lerro daude Gerrikaitz Lekeitiorekin lotzen zuen bidearen ertzean. Udalerri osoan harrizko zubi ugari kontserbatzen dira, batzuk ojiba-arkudunak Errekondoko atsedenlekukoaren ondokoa adibidez.


Galeria fotografikoa

Aulesti
Aulesti

Gizaburuaga

Gizaburuagako Bengolea burdinolan gaur egun hondakinak baino ez dira gelditzen. Garai batean, ordea, produkzio-gune garrantzitsu bat izan zen, zeren, burdinola ez ezik ikaztegia, kortak, biltegiak, irin-errotak eta presa ere bai baitzituen. Bengolea Euskal Herriko burdinola konplexuenetakoa da, XVIII. mende hasieran Pedro Bernardo Villareal de Berriz jabeak ia instalazio guztiak berritu zituen-eta, bide batez orduko aurrerakuntza teknologiko handienak jarriz.

Oraindik ikus daiteke, landarediak erdi-estalirik, burdinola eta irin-errota hornitzen zituen presa zaharra.Inguru hau interesgarria da antzinako bizimoduaren berri jakiteko. Bertatik bertara ikus daiteke jaun feudalek euren botereari eusteko erabiltzen zituzten unitate ekonomikoak.


Galeria fotografikoa

Ferrería de Bengolea
Gizaburuagako Bengolea burdinola

Lekeitio

Euskal kostaldeko beste udalerri batzuetan bezala, Lekeitioko arrantzale izaera udal armarriak ere islatzen du, bertan balea baten irudia ikus baitaiteke. Lekeitiotik besteak beste eramaten zen arraina Penintsula barrualdera Erdi Aro osoan zehar.

Lekeition nabarmentzekoak dira Erdi Aroko herrigunea eta Santa Mariaren basilika, XIII. mendean sagaratua. XVI. mendean, zaharberritu eta estilo gotikoz hornitu zen eraikin osoa, elizataria eta dorrea salbu. Barruan erretaula zoragarriak ditu, bikainena erretaula nagusia, estilo hispaniar-flandestarreko

Eliza honen ondoan, hain zuzen, itsasontzi ugari egin dira historian zehar. Lehengo kai zaharra oraingo portuaren barruan zegoen eta XV. mendekoa zen. Nahiz eta oso baldintza onak ez izan, 1500. urtetik 1900. urtera bitartean Bizkaiko bigarren arrantza-portua izan zen.

Santa Maria elizaren inguruan herriko antzinako nobleziaren hainbat etxetzar eta eraikin daude, herriz gaindiko jatorria eta eragina zeukatenak. Oraindik ere bertan bizi izan ziren familien armarriak ikus daitezke.


Galeria fotografikoa

Santa Mariaren basilika
Santa Mariaren basilika

Markina-Xemein

Markinan Erdotzako Andra Mariaren ermita gotikoa dago, XVI. mendekoa. Azpimarragarriena teilatu-hegalak dira, beren beregi diseinatuak fatxadak hemen hain ohikoa den euritik babesteko.

Ermitaren ondoan erromesentzako ostatu bat zegoen. Toki garrantzitsua zen, hortaz, Done Jakue bidean. Inguruan Erdi Aroko aztarna arkeologikoak daude.


Galeria fotografikoa

Erdotzako Andra Mariaren ermita
Erdotzako Andra Mariaren ermita
Markina-Xemein
Markina-Xemein

Barroeta

Barroetatarren dorretxea XVI.mendean berreraiki zen, sute bat izan ondoren. Handi samarra da, eta goiko solairuan ojiba-leihoak ditu.

Erdi Aroa ezkeroztik Barroetatarrak dira jabeak, aski familia ezaguna inguru honetan. Gaur egun ardi-gazta egin eta saltzen da dorretxean. Bitxikeria gisa esan dezagun Belgikako Fabiola erreginaren aitona dorretxe honetan jaio zela


Galeria fotografikoa

Barroetatarren dorretxea
Barroetatarren dorretxea

Berriatua

Berriatuko Aranzibia dorretxea 1500. urtekoa da, gutxi gorabehera, eta Bizkaiko garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Ezaugarri bereizgarrienetariko bat bere ojiba-leiho bikoitz ugariak dira

Ondarroa

  • Andra Mari eliza Ondarroako eraikin nabarmenetakoa da, 1480. urte inguruan eraikia. Estilo gotikokoa da, nahiz eta historian zehar hainbat aldaketa izan. Elizak bereizgarri bitxi bat baino gehiago ditu, adibidez: itsasontziak gordetzeko “upelategi” izeneko toki bereziak, arku batzuetan sustengatzen den terrazamendu-sistema batez osatuak; animalien irudiez hornitutako xurrutarriak eta “kortxeleko mamuak” izenekoak. Horietaz gainera, azpimarratzekoa da balkoi baten itxuran Erdi Aroko gorte bat irudikatzen duen eskultura-multzoa.
  • Ondarroako Parte Zaharrean Erdi Aroko kale ezin estuagoak aurkituko ditugu.
  • Zubizaharra, Artibai ibaia zeharkatzeko eraiki zen. Eraikuntza erromanikoa da eta hainbat aldiz berreraiki behar izan da.
  • Zubi horren ondoan Arrantzaleen Kofradia dago, 1920.urtekoa, eta bertan arrain-merkatua. Gaur egun ere “marinel-giroa” erraz suma daiteke, herriko arrantzaleak arrain-lonjetan lanean ari direla. Ondarroan tradizionalki baxurako arrantza egiten bazen ere, 1940. urte ezkeroztik alturakoa asko hazi da, duela gutxi arteko arrantza-krisia iritsi arte.

Galeria fotografikoa

Zubizaharra
Zubizaharra
Portua
Portua