Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Espainiako Ondare Historikoaren Legea

Aurkibidera itzuli

Sustapen-neurriak


67 artikulua:

Gobernuak zehaztuko ditu kultur interesa duten ondasunen kontserbazioa, mantentzea eta birgaikuntza egin ahal izateko lanen finantzaketak, eta kultur interesekotzat sailkatu diren ondasunetan egindako prospekzio eta indusketa arkeologikoen finantzaketak, kreditu ofizialari dagokionez lehentasuna edukitzeko beharrezkoak diren neurriak, araudian zehazten den moduan eta baldintzak beteko direlarik. Horretarako, Estatuko Administrazioak zehaztu ahal izango ditu kredituen etekinez gozatu ahal izateko baldintzak, horretarako pertsonekin eta erakunde publiko eta pribatuekin hainbat akordio sinatuko direlarik.


68 artikulua:

  1. Lan publiko bakoitzaren aurrekontuan, zati batean edo osorik Estatuak finantzatzen duena, estatuak jartzen dituen fondoen ehuneko baten pareko kontu-sail bat, gutxienez, zehaztuko da, eta Espainiako Ondare Historikoa kontserbatzeko edo aberasteko erabiliko da, edo sormen artistikoa sustatzera zuzenduko da, betiere lehentasuna lanak berak edo inguruneak izango duelarik.
  2. Lan publikoa partikularrek egin eta esplotatu behar badute, administrazioaren ematearen arabera eta Estatuaren dirulaguntzarik gabe, ehuneko bata lana gauzatzeko guztizko aurrekontuan aplikatuko da.
  3. Aurreko ataletan zehaztutakoari dagokionez salbuespena dira honako lan publiko hauek:
    1. Guztizko aurrekontuak ehun milioi pezeta gainditzen ez duten lanak.
    2. Estatuko segurtasunean eta defentsan eragina dutenak, baita zerbitzu publikoen segurtasunean eta defentsan eragina dutenak ere.
  4. Erregelamendu bidez zehaztuko da artikulu honetan aipatzen den ehuneko bata ematetik geratzen diren fondoen erabilera.


69 artikulua:

  1. Betebeharrak sustatzeko eta honako Lege honetan Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunen titularrek edo jabeek ordaindu beharreko kargak konpentsatzeko, Hiri Lurraren Kontribuzioaren eta Pertsona Fisikoen Ondarearen gaineko Zerga Bereziaren xedapen arautzaileetan aurreikusitako zerga-exentzioez gain, datozen artikuluetan zehazten diren mozkin fiskalak ezarriko dira.
  2. Mozkin fiskal horiek eskuratzeko, 72. 1 artikuluan xedatutako kasuetan izan ezik, eragindako ondasunak aldez aurretik 12. artikuluak zehazten duen Erregistro Orokorrean inskribatu beharko dira Kultur Intereseko Ondasunen kasuan, eta 26. eta 53. artikuluetan aipatzen den Inbentario Orokorrean ondasun higigarrien kasuan. Multzo Historiko, Leku Historiko eta Zona Arkeologikoen kasuan, araudiaren bitartez ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten higiezinak bakarrik hartuko dira inskribatutako ondasun bezala.
  3. Udal Ordenantzek zehazten dituzten terminoetan, kultur interesekotzat sailkatu diren ondasun higiezinen kasuan ez dira ordaindu beharko jabegoa zergapetzen dituzten zergak edo ondasunaz gozatzeagatik edo ondasunak igortzeagatik ordaindu beharreko gainontzeko toki-zergak, betiere ondasunaren jabeek edo ondasunaren gaineko eskubide errealen titularrek bere kontura aipatu higiezinen kontserbazio, hobekuntza edo birgaikuntzarako lanak egin badituzte.
  4. Ez da Udal interesdunen aldeko konpentsaziorik egingo Estatuko Aurrekontu Orokorren kontura.


70 artikulua:

  1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadunen kuotaren gaineko murrizketa egin ahal izango dute, kultur intereseko bezala aitortu diren ondasunak erosteko, kontserbatzeko, konpontzeko, birgaitzeko, hedatzeko eta ikusgai jartzeko egindako inbertsioaren ehuneko hogeiko, hain zuzen, horretarako araudian ezartzen diren baldintzak errespetatuko direlarik. Murrizketaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko zerga-oinarriaren ehuneko hogeita hamar.
  2. Aldi berean, aipatu zergaren zergadunek, Espainiako Ondare Historikora egindako ondasunen dohaintza garbien ehuneko hogei murriztu ahal izango dute kuotatik, betiere dohaintza Estatuaren eta gainontzeko Erakunde Publikoen alde egiten baa eta establezimendu, erakunde, fundazio edo elkarteen alde egiten bada, baita aldi baterako egiten bada ere, esate baterako fondoak arbitratzeko; kasu honetan, egiten den dohaintza Estatuko eskumeneko erakundeek benefiko edo erabilgarritasun publikoko bezala sailkatuko du eta ugazaba, lege-ordezkari edo izatezko kudeatzaileen karguak doakoak izango dira, eta dagokion babesletza-organoaren aurrean azalpenak ematen badira. Murrizketaren oinarriak ez du gaindituko zerga-oinarriaren ehuneko hogeita hamar.


71 artikulua:

  1. Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboek, ezarpen bikoitzagatik murrizketen zenbatekoan kuota osoa kentzetik lortutako kuota likidoa murriztu ahal izango dute, eta hala badagokie, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen 25. artikuluan aipatzen diren hobariei dagokienez, kultur interesekotzat sailkatu diren ondasunak eskuratzeko, kontserbatzeko, konpontzeko, birgaitzeko, ezagutzera emateko eta ikusgai jartzeko erabiliko diren kopuruen portzentaje bat, horretarako araudiak ezartzen dituen baldintzak errespetatuko direlarik.
  2. Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, lortutako etekin osoetatik murriz daitezkeen kontu-sailak izango dira, zerga-oinarria zehazteko, Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunen dohaintza garbi eta sinpleak, betiere 70. artikuluko baldintzak betez egin badira.
  3. Murrizketaren zenbatekoak ez du zerga-oinarriaren ehuneko hogeita hamar gaindituko.


72 artikulua:

  1. Ez dira ordainduko luxuaren gaineko Zerga eta Enpresen Trafikoaren gaineko Zerga arte-lanak eskuratzen direnean, betiere arte-lanen egileak arte-lana erosten den unean bizirik badago.
  2. Ez dute zergarik ordainduko, Inbentarioan sartzen diren edo kultur interesekotzat sailkatzen diren ondasun higigarrien inportazioek, 26.3 eta 32.3 artikuluetan xedatutakoaren arabera, hurrenez hurren. Horretarako, inportazioa egiten den unean, higigarrien jabeek aurkeztuko duten eskaerak, zerga-zorrari dagokionez efektu etenarazleak izango ditu.


73 artikulua:

Oinordetzen gaineko Zerga, Ondarearen gaineko Zerga eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ordaintzeko, Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunak erabil daitezke, horretarako araudiak zehazten duen bidea errespetatuko delarik.


74 artikulua:

Honako titulu honetan zehazten diren sustapen-neurriak aplikatzeko beharrezkoak diren balorazioak Espainiako Ondare Historikoaren Kalifikazio, Balorazio eta Esportaziorako Batzordeak egingo ditu, araudian zehazten diren terminoen eta prozeduraren arabera. Aurreko artikuluan adierazten den kasuan, aipatutako balorazioak ez dira lotesleak izango interesdunari dagokionez, eta interesdunak esku-dirutan ordaindu ahal izango du hala nahi izanez gero.

Aurkibidera itzuli