Espainiako Ondare Historikoaren Legea
Ondasun higigarriak
26. artikulua
-
Estatuko Administrazioak, eskumena duten gainontzeko Administrazioekin batera, Espainiako Ondare Historikokoa izan, kultur intereseko ondaretzat sailkatu ez, baina garrantzi berezia duten ondasun higigarrien Inbentario Orokorra landuko du.
-
Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, eskumeneko Administrazioek Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasun higigarrien gaineko eskubideen titularrei eskatu ahal diete ondasun higigarri horien azterketa egitea, baita beharrezkoak diren informazioak ematea ere; hori guztia egin ondoren, eta hala badagokie, ondasun higigarriak Inbentario Orokorrean sartuko dira.
-
Balio historiko, artistiko, arkeologiko, zientifiko, tekniko edo kultural nabarmena duten ondasun higigarrien jabeek, eta gainontzeko titularrek, eskumeneko Administrazioaren aurrean behar bezala dokumentatutako eskaera aurkez dezakete aipatu ondasunak Inbentario Orokorrean sartzeko. Eskaerari erantzuna emateko lau hilabeteko epea egongo da.
-
Araudian zehazten diren balioa eta ezaugarriak dituzten ondasun higigarrien jabeek edo edukitzaileek eskumeneko Administrazioari jakinarazi behar diote ondasun horiek dituztela, horiek saldu baino lehen edo hirugarrenei eskualdatu baino lehen. Betebehar berbera dute Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasun higigarrien merkataritzan jarduten duten pertsonek; kasu honetan, gainera, Administrazioaren aurrean ondasun higigarriekin egiten dituzten eskualdaketen erregistro-liburu bat formalizatu beharko dute.
-
Inbentario Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua araudiaren arabera zehaztuko dira.
-
Espainiako Ondare Historikoa osatu eta Inbentario Orokorrean sartu diren ondasun higigarrien kasuan, honako arau hauek ezarriko dira:
a. Eskumeneko Administrazioak une oro aztertu ahal izango du ondasun hauen kontserbazioa.
b. Ondasunen jabeek, eta hala badagokie, ondasun horien gaineko eskubide errealen gainontzeko titularrek, ikertzaileei ondasunak aztertzeko baimena eman behar diete, aldez aurretik eskaera arrazoitua aurkeztu ondoren; eta gainera, Lege honetako 6. artikuluan aipatzen diren Erakundeek antolatutako erakusketetarako ondasun horiek uzteko betebeharra dute. Ez da nahi eta nahi ezkoa izango mailegu hauek urteko hilabete bat baino gehiagogatik egitea.
c. Inter vivosko egintzen edo mortis causa egintzen ondoriozko eskualdaketak, baita ondasunen egoeran egiten den edozein aldaketa ere, eskumeneko Administrazioari jakinarazi beharko zaio eta Inbentario Orokorrean idatzi.
27 artikulua:
Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasun higigarriak kultur interesekotzat aitortu ahal izango dira. Edozein kasutan, kultur intereseko ondasun bezala sailkatuko dira, kultur interesekotzat aitortu den higiezin baten zati diren ondasun higigarriak, higiezinaren historiaren funtsezko zati direnak.
28 artikulua:
-
Kultur Interesekotzat aitortu diren ondasun higigarriak eta Inbentario Orokorraren barruan sartutakoak, eliza-erakundeen eskuetan daudenak, edozein establezimendu edo egoitzatan daudenak, ezin izango dira eskualdatu kostubidezko edo doako tituluagatik, ezta partikularrei edo merkataritza-erakundeei utzi ere. Aipatu ondasunak Estatuari, edo Eskubide Publikoko erakundeei, edo bestelako eliza-erakundeei bakarrik utzi ahal izango zaizkie.
-
Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasun higigarrien kasuan, Administrazio Publikoak ezin izango ditu besterendu, administrazio publikoen arteko transmisioen kasuan izan ezik eta honako Lege honetako 29. eta 34. artikuluetan xedatutako kasuetan izan ezik.
-
Artikulu honetan aipatzen diren ondasunak preskribiezinak izango dira. Ondasun hauei ezin izango zaie ezarri Kode Zibileko 1955. artikuluan xedatutakoa.
29 artikulua:
-
Estatuarenak dira Espainiako Ondare Historikoaren barruan sailkatuta egon eta honako Lege honen 5. artikuluan zehazten den baimenik gabe esportatu diren ondasun higigarriak. Ondasun horiek alienaezinak eta preskribiezinak dira.
-
Estatuko Administrazioari dagokio legez kanpo esportatu diren ondasunak berreskuratzeko ekintza egokiak burutzea.
-
Aurreko titularrak legez kanpo esportatu den ondasuna galdu duela frogatzean edo ondasun hori lapurtu egin diotela frogatzean, Estatuak ondasuna bere egitea eska dezake eta ondasuna berreskuratzeko izandako gastuak bere kontura ordaindu beharko ditu, eta hala badagokio, Estatuak ondasuna erosi duen pertsonari egindako ordainketa ere bai. Legez kanpo esportatutako ondasuna galdu dela edo lapurtu dutela ulertuko da aurreko titularra eskubide publikoko Erakunde bat denean.
-
Berreskuratu diren eta laga ez diren ondasunak zentro publiko batera eramango dira, aldez aurretik Ondare Historikoaren Kontseiluak txosten bat landu ondoren.
30 artikulua:
Espainiako Ondare Historikoa osatzen duen edozein ondasun esportatzeko baimena tasa baten menpe egongo da eta tasa hori honako arau hauen arabera zehaztuko da:
a) Zergapeko egitatea: aipatu ondasunak esportatzeko baimena izango da.
b) Salbuespenak: ez dituzte tasak ordainduko honako hauek:
Ondasuna inportatu eta hurrengo hamar urteetan egiten diren ondasun higigarrien esportazioak, betiere inportazioa legala izan bada, agirien bidez frogatzen bada eta ondasunak Lege honetako 32. artikuluaren arabera kultur intereseko ondasun bezala sailkatu ez badira. Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasun higigarriak aldi baterako eta legez baimenduta Espainiatik ateratzea. Bizirik dauden egileen objektu higigarriak esportatzea.
c) Subjektu pasiboa: tasa nahi eta nahi ez ordaindu beharko dute esportazio-baimenak lortzen dituzten pertsona edo erakunde nazionalek zein atzerritarrek
d) Zerga Oinarria: zerga-oinarria esportatu nahi den ondasunaren balio errealaren arabera zehaztuko da. Ondasunaren balio erreal bezala ulertuko da deklaratzaileak aitortzen duen balioa, dagokion Estatuko Administrazioko Erakundeak egingo duen baieztatzearen kaltetan izan gabe; erakundearen balioa hartuko da baliagarritzat deklaratzailearen balioa gainditzen den kasuetan.
e) Karga-tasa: honako tarifa honen arabera zehaztuko da tasa:
1.000.000 pezeta bitartean, %5 1.000.001 pezetatik 10.000.000 pezeta bitartean,%10 10.000.001 pezetatik 100.000.000 pezeta bitartean, %20 100.000.001 pezetatik aurrera, %30f) Sorrarazpena: tasa sorraraziko da esportaziorako baimena lortzen den unean.
g) Likidazioa eta ordainketa: Gobernuak arautuko ditu tasaren balorazioa, likidazioa eta ordainketa egiteko prozedurak.
h) Kudeaketa: Tasa honen kudeaketa Kultura Ministerioak egingo du.
i) Xedea: Tasa honen produktua Diruzaintza Publikoan sartuko da eta automatikoki sortuko da Estatuko Administrazioko dagokion Erakundearen aldeko kreditua; kreditu hori Espainiako Ondare Historikoarentzat interesgarriak diren ondasunak erosteko bakarrik erabiliko da.
31 artikulua:
-
Estatuko Administrazioak baimendu dezake honako Lege honen 5. artikuluan aurreikusitako erregimenera atxikitako ondasun higigarriak aldi baterako Espainiatik irtetea, araudiak ezartzen dituen modua eta baldintzak errespetatuko direlarik. Edozein kasutan, baimenean esportazioa egiteko epea eta bermea zehaztuko dira. Modu honetan esportatzen diren ondasunen kasuan ezingo da gauzatu erosteko lehentasunezko eskubidea.
-
Modu honetan esportatu diren ondasunak Espainiara itzultzeko orduan baldintza egokiak errespetatzen ez badira, legez kanpoko esportaziotzat joko da.
32 artikulua:
-
Legalki esportatu diren ondasun higigarrien kasuan, eta ondasuna behar bezala identifikatzen duen dokumentazioa aurkezten denean, ezin izango dira kultur intereseko ondasun bezala sailkatu, ondasuna inportatu eta hamar urte igaro arte.
-
Ondasun horiek esportatu ahal izango dira, baina horretarako aldez aurretik Estatuko Administrazioak baimena eman beharko du; baimena lortzeko, eskaerak indarrean dagoen legerian zehaztutako baldintza guztiak bete beharko ditu, eta horien gainean ezin izango da eskuratzeko lehentasunezko eskubiderik gauzatu. Hamar urteko epea igaro ondoren, ondasun horiek honako Lege honen erregimen orokorraren menpe geratuko dira.
-
Aurreko ataletan xedatutakoaz gain, honako Lege honetako 1. artikuluan zehaztutako balioak dituzten ondasun higigarriak kultur interesekotzat aitortu ahal izango dira hamar urteko epea igaro baino lehen, betiere ondasunaren jabeak hala eskatzen badu eta Estatuko Administrazioak ondasun horrek Espainiako Ondare Historikoa aberasten duela erabakitzen badu.
33 artikulua:
32. artikuluan aurreikusitako kasuan izan ezik, ondasun bat esportatzeko baimena eskatzen den guztietan, eskatzaileak egindako ondasunaren balioaren aitorpena Estatuko Administrazioaren aldeko eskaintzatzat joko da; eta ondasuna esportatzeko baimenik ematen ez bada, sei hilabeteko epea egongo da eskaintza onartzeko eta onartzen denetik urtebeteko epea dagokion ordainketa egiteko. Ondasuna esportatzeko eskaerari ezetz esateak ez du esan nahi eskaintza onartzen denik.
34 artikulua:
Gobernuak beste Estatuekin hitzartu dezake Espainiako Ondare Historikokoak diren eta estatuko titulartasuna duten ondasun higigarriak, gutxienez balio bereko eta esanahi historiko bereko beste ondasun higigarriengatik trukatzea. Trukea onesteko San Fernandoko Historia eta Arte Ederren Errege Akademien eta Espainiako Ondare Historikoaren Kalifikazio, Balorazio eta Esportaziorako Batzordearen aldeko txostena beharrezkoa izango da.