Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Espainiako Ondare Historikoaren Legea

Aurkibidera itzuli

Ondasun higiezinak


14. artikulua

  1. Lege honen ondorioetarako, ondasun higiezin bezala sailkatuko dira, Kode Zibileko 334. artikuluan aipatu diren ondasunez gain, eraikinekin batera funtsezkotzat jotzen diren eta eraikinaren inguruko zati diren edo izan diren elementuak ere; hala ere, eraikinetik bereizi ahal diren kasuetan, beste eraikin batean jar daitekeen osotasuna izatea gerta daiteke, edo berez duen erabilera ez baizik eta beste erabilera bat eman ahal zaie, ondasuna egiteko erabilitako materia edozein izanda ere, eta nahiz eta ondasuna eraikinetik bereizita egonda ere higiezinaren meritu historikoa edo artistikoa kaltetzen ez bada ere.
  2. Espainiako Ondare Historikoaren barruan sailkatutako ondasun higiezinak Monumentu, Lorategi, Multzo eta Leku Historiko bezala aitor daitezke, baita Zona Arkeologiko bezala ere, guztiak Kultur Intereseko Ondasunen multzoan biltzen direlarik.

15. artikulua

  1. Monumentu bezala sailkatuko dira egite arkitektoniko edo ingeniaritzako edo eskulturazko lan erraldoiak osatzen dituzten ondasun higiezinak, betiere interes historikoa, artistikoa, zientifikoa edo soziala badute.
  2. Lorategi Historikoa da gizakiak elementu naturalei emandako antolamenduaren ondorioz sortutako espazio mugatua; batzuetan fabrikako egiturekin osatzen da, eta jatorri edo iragan historikoaren arabera, edo balio estetiko, sentsorial edo botanikoen arabera interesgarritzat jotzen da.
  3. Multzo Historikoa da asentatz-unitate bat osatzen duten ondasun higiezinen multzoa, jarraitua edo sakabanatua, gizakiak, bere kulturaren lekuko bezala, izandako bilakaeraren egitura fisiko adierazkor batek baldintzatzen duena, edo taldearentzat erabiltzeko eta gozatzeko balio duena. Aldi berean, Multzo Historikotzat joko dugu ezaugarri berberak dituen eta muga daitekeen eta biztanleria-unitate handiago batean kokatutako higiezinen edozein gune banandu.
  4. Leku Historikoa da iraganeko gertaerekin edo oroitzapenekin, herriko ohiturekin, kultur sormenekin edo naturaren sormenekin eta gizakiak egindako lanekin erlazionatutako lekua edo ingurune naturala, betiere balio historikoa, etnologikoa, paleontologikoa edo antropologikoa badu.
  5. Zona Arkeologikoa da metodologia arkeologikoari jarraiki azter daitezkeen ondasun higigarriak edo higiezinak dauden lekua edo natur ingurunea, ondasunak erauzitakoak ala ez izan eta azaleran egon, lur azpian egon edo Espainiako lurraldeko uren azpian egon.

16. artikulua

  1. Ondasun higiezin bat kultur intereseko ondasun bezala aitortzeko espedienteari hasiera ematean erabakiko da eragindako zonetan lurraren zatikatzea egiteko, bertan eraikitzeko edo eraisteko udal-baimenak eten ala ez, baita jada emandako baimenen ondorioak etetea ala ez ere. Zona hauetan halabeharrez lanak egin behar diren kasuetan, Lege hau gauzatzeko eskumeneko Erakundeen baimena ezinbestekoa izango da.
  2. Aurreko atalean aipatu dugun etetea, hasiera emandako espedientearen erabakiaren edo iraungipenaren menpe egongo da.

17. artikulua

Multzo Historiko bat Kultur Intereseko Ondasun bezala aitortzeko espedientearen izapideak egiterakoan kontuan hartu beharko dira, Multzo Historikoak kokatzen den lurraldearekin dituen erlazioak, baita inguruneko elementu geografikoen eta natur paisajeen babesa ere.


18. artikulua

Kultur Intereseko Ondasun bezala aitortu den higiezin bat ezin da bere ingurunetik banandu. Ezin izango da ondasuna lekuz mugitu, ez bada halabeharrez edo interes soziala dela eta beste aukerarik ez dagoela, eta hala badagokio, Lege honetako 9. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoari jarraituko zaio.


19. artikulua

  1. Kultur Intereseko Ondasun bezala aitortutako Monumentuei dagokienez, ezin izango da burutu higiezina zuzenean eragiten duen lanik edo higiezinaren elementuren bat eragiten duen kanpo-lanik zein barne-lanik, horretarako Lege hau gauzatzeko eskumeneko Erakundeen berariazko baimenik lortzen ez bada. Baimen berbera baliagarria izango da fatxadetan edo estalduretan edozein motako errotulu, zeinu edo sinbolo jartzeko, baita aitorpenak eragindako ingurunean lanak egiteko ere.
  2. Lorategi Historikoetan eta hauen ingurunean eragina duten lanen kasuan eta bertan edozein motako errotulu, zeinu edo sinbolo kokatzeko orduan, honako Lege hau gauzatzeko eskumeneko Erakundeen berariazko baimena behar izango da.
  3. Debekatuta dago Lorategi Historikoetan eta kultur intereseko bezala sailkatutako Monumentuen fatxada eta estalduretan publizitate komertziala eta edozein motako kable, antena eta kanpo-tutueria jartzea. Debekatuta dago ere honako artikulu honetan aipatzen diren higiezinen izaera eragingo duen edonolako eraikuntzarik egitea.

20. artikulua

  1. Multzo Historiko bat, Leku Historiko bat edo Zona Arkeologiko bat Kultur Intereseko Ondasun bezala aitortzean, horiek kokatzen diren udalerriak edo udalerriek aitorpenak eragindako esparruaren Babeserako Plan Berezi bat idatzi beharko du, edo hirigintzako legerian aurreikusitako beste edozein elementu aplika daiteke, edozein kasutan honako Lege honetan zehaztuko baldintzak beteko direlarik. Aipatu Plana onesteko, eragindako kultur ondasunen babeserako eskumeneko Administrazioaren aldeko txostena behar izango da. Plana aurkeztu eta hiru hilabete igaro ondoren, aldeko txostena eman dela ulertuko da. Plana nahi eta nahi ez idatzi behar da, ez du balio babesari dagokionez kontraesanean dagoen beste antolamendu bat dagoela esatea, edo aldez aurretik planeamendu orokorra dagoela esatea.
  2. Aurreko atalean aipatu dugun Planak zehaztuko du, erabilera guztietarako, eraikinetan eta espazioetan babesa zein modutan instalatu. Modu berean, egoitza-zona eta ekonomia-jarduera egokiak berreskuratzea ahalbidetuko duten birgaikuntza integratuko zonak zehaztuko dira. Horrez gain, fatxada eta estalduren kontserbaziorako irizpideak zehaztu beharko dira Plan honetan.
  3. Aipatu Plana behin betirako onetsi bitartean, Multzo Historikoa, Leku Historikoa edo Zona Arkeologikoa aitortzen duen espedienteari hasiera eman baino lehen baimenak emateko edo emandako baimenak gauzatzeko, eskumeneko Administrazioaren aldeko erabakia ezinbestekoa izango da, hartara eragindako ondasunak babesteko, eta hala badagokio, alienazio berrietarako, eraikigarritasunaren aldaketak egiteko, zatiketak egiteko edo lurrak gehitzeko baimenik ez emateko.
  4. Artikulu honetan aipatzen den Plana behin betirako onesten denetik, interesa duten Udalek eskumena izango dute onetsitako planeamendua garatzeko lanak baimentzeko, betiere Monumentuak eta Lorategi Historikoak ez diren higiezinak bakarrik zuzenean eragiten badira; gainera, honako Lege hau gauzatzeko eskumeneko Administrazioari jakinaraziko zaizkio emandako baimen guztiak, horretarako baimena eman etagehienez hamar eguneko epea egongo delarik. Onetsitako Planaren kontrako baimenen babespean egiten diren lanak legez kanpokoak izango dira eta eskumeneko Administrazioak lan horiek berriro egitea edo eraistea agindu dezake, baimena eman zuen Erakundearen kontura eta arau-hausteen ondoriozko erantzukizunei dagokienez hirigintzako legerian ezarritako guztiaren kaltetan izan gabe.

21. artikulua

  1. Multzo Historikoen planeamendu-lanabesei dagokienez, Multzoa osatzen duten elementu unitarioen katalogazioa egingo da, hirigintzako legerian xedatutakoaren arabera; katalogazioan sartuko dira eraikitako higiezinak eta kanpoko zein barruko espazio irekiak edo bestelako egitura esanguratsuagoak, baita horiekin batera azaltzen diren osagai naturalak ere; gainera, horietan guztietan egin daitekeen esku-hartzea definituko da. Elementu berezien kasuan, babes integrala emango zaie. Gainontzeko elementuei dagokienez, kasu bakoitzean babes-maila egokia zehaztuko da.
  2. Salbuespen bezala, Multzo Historiko bat babesteko Planean hiri-birmoldaketak egitea baimen daiteke, baina lurraldearen ingurunearekin edo hiri-ingurunearekin duen erlazioa hobetzen denean bakarrik, edo Multzoaren erabilera iraingarriak saihesten direnean.
  3. Kultur Intereseko ondasun bezala aitortutako Multzo Historikoak kontserbatzeko hiri-egitura eta egitura arkitektonikoa kontserbatu behar dira, baita inguruko ezaugarri nagusiak ere. Salbuespentzat joko da higiezinak ordezkatzea, nahiz eta ordezkaketa partziala izan, eta Multzoaren izaera orokorraren kontserbazioari laguntzen dioten kasuetan bakarrik egingo da. Edozein kasutan, jada dauden hiri-lerrokadurak errespetatuko dira.

22. artikulua

  1. Kultur Intereseko Ondasun bezala aitortutako Leku Historiko batean edo Zona Arkeologiko batean egiten den edozein lanek eskumeneko Administrazioaren baimena behar du aipatu ondasunak babesteko; eta eskumeneko Administrazioak baimena eman baino lehen, arkeologia-prospekzioak edo -indusketak egin ahal izango dira, Lege honetako V. Tituluan xedatutakoaren arabera.
  2. Debekatuta dago Zona Arkeologikoetan edozein motako publizitate komertzial, kable, antenak eta kanpo-tutueria jartzea.

23. artikulua

  1. Ez da lanak egiteko baimenik emango, honako Lege honetan aurreikusitakoaren arabera, administrazioaren baimena lortu arte.
  2. Aurreko atalean ezarritakoa bete gabe burutu diren lanak legez kanpokoak izango dira eta Udalek, edo hala badagokio, Espainiako Ondare Historikoaren babesari dagokionez eskumena duen Administrazioak, lanak egitea edo eraistea erabaki dezakete, arau-haustea egindako pertsonaren kontura, eta hirigintzako legerian aurreikusitako terminoen arabera.

24. artikulua

  1. 36. artikuluan xedatutakoaz gain, Kultur Intereseko Ondasunaren aitorpenaren espedienteari hasiera ematen bazaio, honako Lege hau gauzatzeko eskumeneko Administrazioak aipatu espedientean esku hartzeko eskubidea izango du, espedientearen hasiera eta bertan hartzen diren erabakiak jakinaraziko zaizkiolarik.
  2. Ezin izango da higiezin bat eraitsi, aldez aurretik aurre-espedienterik aurkeztu ez bada eta eskumeneko Administrazioaren baimenik lortu ez bada; eta eskumeneko Administrazioak ez du baimenik emango 3. artikuluan aipatzen diren kontsultako erakundeetako bik, gutxienez, aldeko txostenik aurkezten ez badute.
  3. Premiazko kasuetan edo kasu arriskutsuetan, aurre-espedienteari hasiera eman dion erakundeak agindu beharko ditu pertsonak zaurituta gertatzea saihesteko hartu beharreko neurriak. Halabeharrez egin beharreko lanen kasuan, ez da erauzketarik aginduko higiezina kontserbatzeko ezinbestekoa ez bada, eta edozein kasutan, 16.1 artikuluan aurreikusitako baimena lortu behar izango da; horrez gain, kendutako elementuak berriro jarri beharko dira.

25. artikulua

Eskumeneko Erakundeak agindu dezake Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten higiezinen lanen erauzketa partziala zein osoa etetea, edo higiezinen erabilera aldatzea. Aipatu etenak gehienez sei hilabete iraungo ditu, eta hilabete horietan hirigintza-esparruan eskumena duen Administrazioak erabaki beharko du plan berezi bat onetsi edo hirigintzako legeriaren aurreikusitako bestelako babes-neurriak hartu. Erabaki honek, etena agindutako Erakundeari jakinarazi beharko zaiona, ez du oztopatuko 37.2 artikuluan aurreikusitakoa gauzatu ahal izatea. 

 

Aurkibidera itzuli