Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Espainiako Ondare Historikoaren Legea

Aurkibidera itzuli

Ondare Dokumentala eta Bibliografikoa eta Agiritegiak, Liburutegiak eta Museoak

 

II. KAPITULUA

Agiritegiak, Liburutegiak eta Museoak


59 artikulua:

  1. Agiritegiak dira dokumentuen multzo organikoak, edo dokumentu bat baino gehiago biltzen diren kasuak, betiere dokumentu horiek pertsona juridiko, publiko edo pribatuek bere lanean biltzen badituzte, eta ikerketa, kultura, informazioa eta administrazio-mailako kudeaketa burutzeko erabilgarri badaude. Modu berean, Agiritegitzat joko ditugu, lehen aipatu ditugun multzo organikoak gordetzen, kontserbatzen, antolatzen eta hedatzen diren kultur erakundeak, betiere lehen aipatu ditugun helburuekin erabiltzen badira.
  2. Liburutegiak dira liburu, esku-izkribu eta bestelako material bibliografikoen multzoak edo bildumak kontserbatzen, biltzen, aukeratzen, inbentariatzen, katalogatzen, sailkatzen eta hedatzen diren kultur erakundeak, betiere areto publikoan irakurriko badira edo aldi baterako mailegatzeko aukera eskaintzen bada eta heziketaren, ikerketaren, kulturaren eta informazioaren zerbitzura badaude.
  3. Museoak dira, izaera iraunkorra izan eta balio historikoa, artistikoa, zientifikoa eta teknikoa, edo kultur izaerako beste edozein ezaugarri duten multzo eta bildumak eskuratzen, kontserbatzen, ikertzen, komunikatzen eta erakusten diren erakundeak, betiere aztertzeko eta heziketarako erabiltzen badira.


60 artikulua:

  1. Honako Lege honetan Kultur Intereseko Ondasunentzat zehazten den erregimenaren menpe egongo dira Estatuko titulartasuna duten Agiritegiak, Liburutegiak eta Museoak instalatzeko erabiliko diren higiezinak, baita bertan jasotzen diren, eta Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasun higigarriak ere.
  2. Eskumeneko Administrazioek hala proposatuta, Gobernuak aurreko atalean aurreikusitako erregimena beste Agiritegi, Liburutegi eta Museo batzuetara luza dezake.
  3. Honako Lege hau gauzatzeko eskumeneko Erakundeen ardura izango da artikulu honetan aipatzen diren fondoen katalogoak, erroldak eta fitxategiak lantzea eta eguneratzea.


61 artikulua:

  1. Estatuko Administrazioak, aldez aurretik dagokion Autonomia Erkidegoan kontsulta egin ondoren, nahi bezain beste Agiritegi, Liburutegi eta Museo sortu ahal izango ditu, betiere kultur mailako eta gizarte-mailako premiek hala eskatzen dutenean, eta beste zenbait erakunde edo partikularren ekimenen kaltetan izan gabe.
  2. Estatuko Administrazioak sustatuko du Espainiako lurraldean Estatuko titulartasuna eta izaera nazionala duten Agiritegi, Liburutegi eta Museoak Errege Dekretuaren bitartez sortuko dira.
  3. Espainiako lurraldean dauden eta estatuko titulartasuna duten Agiritegi, Liburutegi eta Museo guztien arteko komunikazioa eta koordinazioa. Xede horrekin, bertatik egokitzat jotzen duen informazio guztia lortu ahal izango du, baita horien funtzionamendua aztertu ere; gainera, bere helburuak hobeto betetzeko neurriak hartu ahal izango ditu, horretarako Autonomia Erkidego desberdinekin sinatzen dituen kudeaketa-hitzarmenak kontuan hartuko direlarik.


62 artikulua:

Estatuko Administrazioak ziurtatuko du Espainiako herritar guztiak Estatuko titulartasuna duten Agiritegi, Liburutegi eta Museo guztietara sartu ahal izatea, bertan gordetzen diren ondasunen kontserbazioa babesteko ezar daitezkeen mugen kaltetan izan gabe.


63 artikulua:

  1. Estatuko titulartasuna duten Agiritegi, Liburutegi eta Museoek jabego pribatuko ondasunak edo beste administrazio publiko batzuetako ondasunak onar ditzakete, horretarako araudiaren arabera ezartzen diren arauak errespetatuko direlarik.
  2. Kultur Intereseko Ondasunak, baita estatuko titulartasuna duten Agiritegi eta Museoetan gordetzen diren eta Ondare Dokumentala eta Bibliografikoa osatzen duten ondasunak ere ezin izango dira Agiritegi eta Museoetatik atera aldez aurretik baimenik lortzen ez bada; baimen hori lortzeko Ministerioak aldeko Agindu bat eman behar du. Gordailuan dagoen objektu bat denean, gordailua eratzean hitzartutakoa errespetatuko da.
  3. Aurreko atalean aurreikusitako erregimen berbera aplikatuko zaie estatuko titulartasuna duten Liburutegietan gordetako Kultur Intereseko Ondasunei, mailegu publikoen zerbitzuei dagokienez ezartzen denaren kaltetan izan gabe.


64 artikulua:

Titulartasun publikoko Agiritegiak, Liburutegiak eta Museoak kokatzen diren eraikinak, baita horiek kokatuko diren eraikinak edo lursailak ere, erabilgarritasun publikokotzat aitortu ahal izango dira desjabetzeko helburuarekin. Erabilgarritasun publikoaren aitorpena inguruko eraikin edo lursailetara luzatu ahal izango da, betiere higiezinak edo higiezinetan gordetzen diren ondasunak behar bezala kontserbatzeko segurtasunezko neurriek hala gomendatzen badute.


65 artikulua:

  1. Ministerioko Sail bakoitzak ziurtatuko du Ministerioko Agiritegi guztien eta Ministerioarekin erlazionatutako Erakunde guztien funtzionamenduaren koordinazioa, hartara honako Lege honetan xedatutakoa eta Legea ezartzeko emango diren Erregelamenduetan xedatutakoa behar bezala betetzeko.
  2. Estatuko Administrazioaren menpeko Erakundeen dokumentazioa aldiro-aldiro igorriko da, araudiaren arabera Estatuko Agiritegiei ezartzen zaien prozedura betez.


66 artikulua:

Agiritegi, Liburutegi eta Museoen Espainiako Sistemaren barruan daude, hurrenez hurren, araudia betez Sistema honetan sartzen diren Agiritegi, Liburutegi eta Museoak, baita horiekin zuzenean erlazionatutako eta izaera teknikoa edo irakasteko izaera duten zerbitzuak ere.

 

Aurkibidera itzuli