20. Arantzazuko santutegia (OŅATI)
2. ETAPA: ZUMARRAGA • ARANTZAZU
Gipuzkoako zaindaria
Kondairaren arabera, Rodrigo Balzategi izeneko artzain batek, (Errodrigotxok) Arantzazuko Ama Birjinaren irudia elorri zuri batean aurkitu zuen, zintzarri batekin batera, eta harriturik honela esan omen zion: Arantzan Zu! (Zu arantza artean!), eta handik aurrera Ama Birjinari eta haren inguruan eraiki zen santutegiari izen hori eman zitzaien. Gertakizun hori 1468an gertatu zela dio tradizioak. Gipuzkoa prozesu garrantzitsuetan murgilduta zegoen orduan: batetik, Ganboa eta Oñatzeko leinuen arteko gerraren ondorio larriak konpontzen, eta bestetik, egitura politiko eta juridikoak sendotzen. Ama Birjinaren agerpena, beraz, Probintziako bakea eta eraketa politikoa indartzera etorri zela pentsatu zuten.
Ama Birjina agertu eta gutxira, Joana Arriaranek jatorrizko baselizaren eta inguruko erromesentzako ostatuaren eraikuntza diruz babestu zuen. Bere ekimenez, semeak, Pedro Arriaran Mesedetako rdenako fraideak, 1493rako lehen komunitatea sortu zuen bertan (Mesedetakoa). Frantziskotarren, Domingotarren eta Jeronimoen ordenen arteko hainbat gorabehera eta liskarren ondoren, 1514an Frantziskotarren ordena ezarri zen behin betiko. Komentuak gorabehera ugari izan zituen, hiru aldiz erre ondoren berreraiki egin baitzuten 1553, 1622 eta 1834an.
Ofizialki 1918ra arte Gipuzkoako zaindari izendatua izan ez bazen ere, herriak Arantzazuko Ama Birjinari debozio handia izan zion mendeetan zehar; haren omenez santutegiak eta erakunde jainkozaleak sortu zituzten itsasoz haraindiko lurraldeetan. Horien artean, nabarmentzekoak dira Arantzazuko Andre Mariaren santutegia, San Mateo hiriko zaindaria (Rizal probintzia, Filipinak), 1705ean Joan Etxezabal jesuitak eramandako izena, edo Arantzazuko Andre Mariaren Kofradia, 1681ean Mexiko hirian sortua eta Neska Bizkaitarren Eskolaren (Colegio de las Vizcaínas) bultzatzailea, emakumeentzako lehen eskola laikoa Amerika kontinentean, 1767an sortua. Bestalde, 1738an Kantabriako Frantziskotar Probintziako (Euskadi, Nafarroa, Burgos eta egungo Kantabria) zaindari izendatu zuten.
Mundu osoan erreferentzia den multzo artistikoa
1950ean Frantziskotarren ordenak basilika berri bat eraikitzea erabaki zuen, eta artistikoki garrantzitsua izatea nahi zenez, aukeratutako proiektuan garaiko artista nagusietako batzuek parte hartu zuten. Alabaina, haien lanak ausartegiak ziren eta eraikuntza 15 urtez eten zen. Basilika berria, Saenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek egina, aurreko eraikinaren egituren gainean eraiki zen (kripta bihurtua). Amildegi ikusgarri baten ertzean kokaturiko eremu menditsu batean dago, eta bere sendotasunagatik nabarmentzen da bai eta material baliotsu eta apaingarririk ez izateagatik ere, arrotzak bailirateke giro malkartsu horretan. Aitzitik, paisaiarekin bat datozenak hautatu ziren, esaterako: harria, karea, zura eta burdin forjatua.
Elizak nabe bakarra du, 66 metro luze, 20 metro zabal eta gurutzadura, eta ez du zutaberik sarrera eta absidearen artean, non Ama Birjinaren gelatxoa dagoen. Abside hori, Lucio Muñozek egina, Arantzazuko paisaia malkartsuan inspiratzen da. Idi-begiak diruditen leihoen bidez argitzen da, frai Javier María Álvarez de Eulateren beirateekin itxiak. Fatxada bi dorrek inguratzen dute, eta albo batean 44 metroko altuera duen kanpandorrea du; guztiak diamantezko puntan zizelkatutako kareharrizko blokeekin eginda daude, kondairako arantzak gogoratuz. Harrizko fatxada leunean, portadaren gaineko 14 apostolu dituen frisoa eta goialdeko Pietatea nabarmentzen dira, Jorge Oteizak eginak. Burdinazko lau ateak Eduardo Chillidarenak dira. Kriptako hormetan Nestor Basterretxearen muralak ageri dira eta Ama Birjinaren gelatxoaren margoak Xabier Egañarenak dira.
Azken aldaketako data: