Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

51. Apain eta Ameitzetako estelak (Mutriku)

4. ETAPA: DEBA • MARKINA-XEMEIN

Arno mendigunean, Mutriku eta Mendaro udalerrien barruan, dozena erdi estela daude, eta horien jatorria eta funtzionaltasuna ez da ezagutzen. Guztiak kareharrizko blokeak dira, gutxi gorabehera eskuairatuak, eta aurpegietako batean gurutze bat dute, oso egikera eta ezaugarri desberdinekoa. Apain (Aparain) eta Ameitzetako (Amegitzeta) estelak mendi-lepo banatan daude, eta bertatik Donejakue Bidea izendatu duten bide bat igarotzen da.

Apaingo estela izen bereko lepotik 100 m eskasera dago, Debarantz doan hegalean, Donejakue Bidearen trazaduratik 5 m maldan gora. 90 zentimetroko altuera duen kareharrizko blokea da, eta ekialdeko aurpegian gurutze antropomorfo baten goi-erliebea du. Goiko besoa biribila da, buru formakoa, eta gainerako hirurak oindunak dira. Blokearen goialdean, ziurrenik, burdinazko gurutze bat sartzeko erabiltzen zen zulo bat dago.

Ameitzetako estela, izen bereko lepoan dagoena, 95 zentimetroko altuera duen kareharrizko bloke bat da, eta, bere mendebaldeko aurpegian, gurutze patriarkal baten, hau da, haga bikoitzeko gurutze baten, behe-erliebeko irudia du, beheko haga zirkulu batean inskribatuta dagoelarik.

Ez da ezagutzen noiz jarri ziren, baina litekeena da gurutzeak ondoren grabatzea. Funtzionaltasunari dagokionez, oinezko edo erromesentzako mugarriak edo bide-erreferentziak izan zitezkeela uste da, edo agian, pertsonaren baten heriotza gogoratzen zuten. Oraingoz misterio bat dira.

Partekatu

unesco