Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Antzerkiaren industriako emakumeen eta gizonen egoera EAEn

Atala

Kultura-kontsumo gehienean ez dago desberdintasun handirik gizonen eta emakumeen artean. Dena dela, azpimarratu behar da emakumeek bi desabantaila dauzkatela hasieratik. Alde batetik, gizonek baino denbora askoz gutxiago daukate aisialdirako; eta, beste alde batetik, ekonomia ahulagoa dute, soldata-arrakalaren ondorioz. Gauzak horrela, argi geratzen da emakumeek kultura kontsumitzeko jarrera eta interes handiagoa dutela; argi geratzen da baita ere zein egoera den nagusi sektorean. Kontsumitzaile gehienak emakumeak izan arren, gizonek jarraitzen dute kultura-programazioak erabakitzen, eta kulturako agerraldi gehienetan haiek izaten dira protagonista eta ekoizle.

Aitortu behar da azken urteotan izan direla aurrerapenak, baina sexuan oinarritutako zapalkuntza estrukturala gutxitzea da bide bakarra gizonen pribilegio egoerari (ekonomian, politikan eta arlo sozialean nahiz kulturalean) amaiera emateko.

Ikerketa honen xedea da aztertzea nolakoa den gaur egun genero-eragina EAEko antzerki-industrian, eta nolako toki zehatza daukaten emakumeek eta gizonek antzerkigintzaren industria-katean (produkzioan, zabalkundean, emanaldietan eta abar). Baina diagnositik haratago, asmoa da gidak eta parametroak zehaztea, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadin, eta testuinguruak berdintsuagoak izan daitezen.

Beraz, ikerketa honek azterketa-formula mistoa proposatzen du. Izan ere, erantzun kuantitatiboak ez baitira nahikoa txostena egoki osatzeko. Beharrezkoak dira parte hartzeko guneak eta elkarrekin hausnartzeko guneak. Errealitate hau ezagutu eta bizi dutenen begirada funtsezkoa da jarrera sexistak betikotu ez daitezen. Bestela, demokraziak baztertzailea izaten jarraituko du, eta kultura-desparekotasuna gure garaiko errealitate bat izango da aurrerantzean ere.

Antzerkiaren industriako emakumeen eta gizonen egoera EAEn [pdf, 2,9 MB]