Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

55. Antsotegi dorrea eta burdinola (Etxebarria)

4. ETAPA: DEBA • MARKINA-XEMEIN

Burdinaren boterea

Energia hidraulikoa erabiltzen hasi aurretik burdinaren ekoizpena eta banaketa nola antolatu zen ez badakigu ere, XIII. mendetik aurrera berrikuntza tekniko horren ondorioei buruzko informazio nahiko zehatza dugu. Produktu siderurgikoak duen balio erantsiak eta eskariaren gehikuntzak, bereziki Behe Erdi Arotik aurrera bizi izango denak, bide eman zuten Euskal Herriko isurialde kantauriarreko ibaien ibilguetan sakabanatutako ekoizpen-zentro askotan inbertitzen hasteko. Aparatu mekaniko horien eraikuntza enkargatu zutenek kapital nahikoa zuten hasierako inbertsio hori egiteko, bai eta harreman-sare bat ere materiala hornitzen zuenarekin eta saldu eta garraiatzen zuenarekin. Horrela, ez gaitu harritu behar Ahaide Nagusietako askoren boterea burdinaren lanketatik etortzea, eta haien etxeak fabrika-instalazio horietatik gertu egotea.

XV. mendera arte ez dugu Antsotegi burdinolari eta dorreari buruzko daturik. XVII. mendetik aurrera jakingo dugu energia hidraulikoa zereala errota baten bidez ehotzeko ere erabiltzen dela. Mota horretako instalazioek etengabeko matxurak zituzten mazoaren perkusioagatik edo ibaien uholde suntsitzaileengatik, eta maiz egin behar ziren mantentze-lanak funtzionamendua bermatzeko. Horrela, Antsotegitarrek industriaurreko gunea pertsonalki kudeatu zuten, eta errentagarritasuna bermatzeko baldintza onenetan mantentzeaz arduratu ziren. Horrela, 1730an gaur egun ezagutzen ditugun instalazioak eraikitzen amaitzen dira.

Antsotegitarren oparotasuna etxebizitzaren bikaintasunean inbertitzeko ahalmen ekonomikoan ere nabari da. Hala, XVII. mendearen hasieran oinplano angeluzuzeneko oin berriko eraikin bat altxatu zen, agian Erdi Aroko beste bat ordezkatuz.

Monumentu multzo bat

Antsotegi etxeak altuera nabarmena du, beheko solairua eta bi solairu ditu, eta nolabaiteko etxe-gotor itxura du, nahiz eta bere egikeran argiztapena eta dotorezia nagusi izan. Baoen banaketa ordenatua du, 4 fatxada nagusietan eta 3 alboetan. Beheko solairuetan leiho-ateak ditu, eta azkenekoan leihoak.

1730eko lanen ondorioz, burdinola eta errota modu integratuan eraiki ziren, eta horren emaitza ibaiaren urak aprobetxatzeko arrazionalki antolatutako gune bat da. Berrizko Villarrealen planteamenduen arabera eraikitako arku-presa batek ur-fluxua hartu eta kanal batetik bideratzen du (gaur egun itsututa dago), urtegi batera zuzenduta. Handik errotara edo burdinolara joaten ziren urak. Lehenengoak antepara izeneko instalazio luzanga bat zuen (oinarria baino ez da kontserbatu), eta bertatik urak erortzen ziren gurpilen gainean. Instalazio hori tailerraren albo batean zegoen, eta, harekin, zenbait baoren bidez komunikatzen zen . Bao horiei esker, ardatz batzuk instalatu ahal ziren. Ardatz horiek, hain zuzen ere, gurpilen errotazioa forjaketa-mazora eta labearen barrura airea sartzen zuten hauspoetara transmititzen zuten.

Errotak oraindik bere ehotze instalazioak mantentzen ditu, horien erabilera aldi luzeago batean mantendu zelarik (XX. mendeko 50eko edo 60ko hamarkadetara arte) burdinolarena baino (XIX. mendea).

Partekatu

unesco