12. Antiguako ermita (ZUMARRAGA)
1. ETAPA: LOIOLA • ZUMARRAGA
Parrokiatik ermitara
Andre Maria eliza, gaur egun Antigua izenez ezagutzen dena, Erdi Arotik dator; Goi Erdi Arotik beharbada, baina gaur egun ikusten diren egiturak ez dira, kasurik onenean, XIII. mendea baino zaharragoak.
Eskura ditugun datuen arabera, bailararen alde honetako erlijio-antolaketa nahiko konplexua izan zen Behe Erdi Aroan. Alde batetik, hainbat kapera zeuden sakabanatuta Urola ibaiaren iparralderanzko ibilgua (mintzagai dugun Andre Maria, Oraako San Kristobal eta Aginagako San Martin) eta haranaren hondoa (Zufiaurreko Andre Maria eta Santa Engrazia, San Gregorio izenez ere ezaguna) menderatzen duten hegalen artean. Badakigu Aginagako kapera parrokia izan zela XV. mendearen hasieran, baina gainbeheran zegoen Antiguako tenplua Zumarraga inguruko eliza nagusia bilakatu zen garaian.
Antiguaren patronatua Henrike I.a Trastamarakoak Lazkaoko jaunari eman zion 1366an. Horri esker, bandokideak domeinua hedatu eta errenta-iturri berriak lortu zituen Goierriko eskualdean. Zumarragako herritarrek noizbait pentsatu bazuten Frantzisko Lopez Lazkaokoaren ospeko jaun baten eragina izatea beren mesederako izango zela, egia esan, patroiak ez zituen pribilegio horri zegozkion betebeharrak bete. 1486an herritarrek auzi bat hasi zuten Lazkaotarrei beren betebeharrak bete zitzaten eskatzeko: apaizen zerbitzua hobetzeko behar zituzten funtsak ematea, nahikoa ez zirela uste baitzuten. 1489an auzia bukatutzat eman zen: Lazkaotarrek patronatua mantendu zuten, baina hamarrenen herenarekin elizgizon gehiago hartzera behartu zituzten.
Antiguako elizak 1576. urtera arte iraun zuen Zumarragako parrokia gisa; izan ere, bailaran sortzen ari zen herriguneak tenplu berri bat eraikitzea eskatu zuen, biztanleentzako leku irisgarriago batean.
Artea eta arkitektura
Oinplano angeluzuzeneko eraikina da eta burualde trapezoidal nabarmena du. Kanpoko hormak hareharrizko harlanduz eta kareharrizko harlanduxkoz eraikita daude, baita harlangaitz heterogeneoz ere. Horrela, argi eta garbi ikus daitezke eraikuntza-fase batzuk, eta zaharrena sarrerako atearen horma-atala da. Horma horretan bao txaranbeldu bat irekitzen da, lau ojiba-arkibolta soilekoa, ia apaingarririk gabea, eta harmailadia du atera iristeko. Ondoan, bi leiho lobulatu daude, eta tenpluaren Behe Erdi Aroko kronologia berresten dute. Hala ere, zenbait egilek erromanikoaren aztarnak ikusi dituzte atean. Sarrera 6 mentsularen gainean kokatzen zen arkupe batek babesten zuen, eta oraindik ikusgai daude mentsula horiek. Burualdean, non 1480ko inskripzio bat ageri den, erdi-puntuko arku batean kokaturiko kalbario bat nabarmentzen da eta, multzoaren azpian, erdi-puntuko leiho bat.
Tenpluaren elementu adierazgarria estalkia eusten duen egurrezko egitura da. Eraikuntza hau, 1524 baino lehenagokoa ziurrenik, zurezko piezaz osatzen da: elkarren artean mihiztatuta daude eta horietako batzuek dekorazio geometriko eta figuratiboak dituzte zizelkaturik (burukoa duten 7 emakumeren erliebeak, esaterako). Gainera, 1524an, goi-koru bat eraiki zen, nabeko 3 horma inguratzen dituena.
Azkenik, elizaren buruan Ama Birjina irudikatzen duen tailu bat dago, eta Zufiaurreko Andre Mariaren ermita zaharretik ekarria da.
Azken aldaketako data: