Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

8. Andre Mariaren Jasokundearen eliza (AZKOITIA)

1. ETAPA: LOIOLA • ZUMARRAGA

Jauntxoen iragana atzean uzteko parrokia berria

1331tik aurrera, Azkoitiko hiribildua sortu zenetik, bizilagunen parrokia Baldako Andre Maria eliza izan zen, herrigunearen gaineko muino batean kokatuta zegoena. 1509an, ordea, Gaztelako Joana erreginak parrokia herriko baratze batzuetara mugitzeko agindu zuen, Basterrika aldera; izan ere, nahiz elizaren patronatua Baldatarren leinuak izan mendeetan zehar, Koroarena zen berez. Tenplua hiribilduaren ondoan eraikitzeko arrazoiak guztiz ulergarriak ziren (herritik urrun egotea ez zen erosoa), baina lekualdaketa hori boterearen ikuspegitik ere uler daiteke: parrokiaren patronatua izateagatik, Azkoitiko Ahaide Nagusi ziren Baldatarrek hainbat pribilegio (material eta espiritualak) zituzten, eta leku aldaketa, agian, pribilegio horiek kentzeko egin zen. Hernando Baldak, une hartan leinuko buru zenak, kexa bat egin zuen aldaketa horrek eragiten zizkion kalte larriak erreklamatuz. Errege Kontseiluak onartu egin zuen haren eskaera, eta soilik patrono gisa armarri heraldikoa jartzeko eskubidea kendu zioten, baina hamarrenak jasotzeko eta elizgizonak aurkezteko eskubideari eta abarri eutsiz. Hala ere, epe ertainean leinuak eliza berriaren gaineko eskubidea galdu zuen (zaharra ermita soil gisa geratu zen). Joan Balda, Hernando zenaren semea, erabaki horren aurka altxa zen: 1534an patronatua Pedro Zuazola diruzainari eman zitzaionean, tenplu zaharrean gazteluratu zen (eliza berria eraikitzen ari ziren oraindik) Gipuzkoako leinukideen ondorengo batzuekin batera, baina ez zuten nahi zutena lortu, eta Baldatarrek behin betiko galdu zuen Azkoitiko parrokiko patronatua.

Ordutik aurrera, Gipuzkoako oligarkia berriko leinuen eskuetan egon zen. Oligarkia hori errege-zerbitzuan eta Hispaniar Inperioaren administrazioan gailendu zen, aipatutako Pedro Zuazola edo Idiakeztarren leinua, kasu baterako.

Eliza monumentala

Lekualdaketa baimendu ondoren, diseinua eta eraikuntza hasi ziren, eta 1522 eta 1630 artean luzatu zen. Hasierako garaikoa da elizaren oinaldeko portada, kutsu gotiko argikoa. Hurrengo mendeetan tenplua osatuz joan ziren: hegoaldeko portada berria eta fatxadako arkupea jarri zituzten (1725-1738), baita kanpandorrea ere (1703-1947). Areto formako oinplanoko eliza da, errenazentista (1522-1574), ganga trenkatuz eta kupula beheratu batez estalia (1615-1630). Barroko estiloko erretaula du buruan, Francisco Bautista Medina jesuitak diseinatua eta 1660-1681 bitartean zenbait maisuren artean egina eta urreztatua; sagrarioa XVIII. mendearen erdialdekoa da. Nabarmentzekoa da erretaularen arkitektura, ordena erraldoikoa, errematean Ama Birjinaren eskultura bat buru duena eta laranja laurdeneko estalkia. Inguruan Mariaren Jasokundea irudikatzen duten horma-pinturak ageri dira. Alboko kaleetan lau horma-hobi daude, Ama Birjinaren gurasoen, haren senar San Joseren eta San Joan Bataiatzailearen eskulturak dituztela. Bankuan 12 apostoluak irudikatzen dira. Aldamenean alboko erretaulak daude, San Joseri eta Kristo Santuari eskainitakoak, churrigueresko estilokoak. Azpimarratzekoa da azken horretako Kalbario errenazentista.

Ugari dira tenpluak bere barnean gordetzen dituen artelanak, Sevillako poliptiko bat, adibidez (XVI erdialdea), baina denen artean azpimarratzekoa da Cavaillé-Coll etxeak (1898) egindako organo erromantikoa, sortzailearen azkena izan baitzen.

Partekatu

Azken aldaketako data: