Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

83. Andre Mariaren eliza (Gernika-Lumo)

6. ETAPA: GERNIKA-LUMO • BILBAO

Eliza bat Erdi Aroko hiribildu batentzat

Gernikako hiribildua 1366an sortu zen, Lumoko portualdean, eta une hartan elizate horretatik bereizi zen. Forua eman zenean jada populatua zegoen, eta, ziur asko, kokagunearen dinamismo eta hazkunde ekonomiko eta komertzialak eragin zuen hura lege-esparru batez hornitu eta lehengo jurisdikziotik bereizteko beharra.

Foruak ekarri zuen aldaketa juridikoak mugatutako eta landa-eremutik bereizitako esparru berriaren barne-antolamendua eragin zuen. Planteamendu horretan, Gernikako Andre Maria eliza hego-mendebaldeko izkinan geratu zen.

Behe Erdi Aroko euskal hiribilduetan, parrokiek, zeinak, orohar, harresi barnean bakarrak ziren herri bakoitzeko (salbuespenak salbuespen), populazio ugari eta gero eta handiagoari eman behar zioten zerbitzua. Premia horrek bi ondorio sortzen zituen, paraleloak baina erlazionatuak. Lehenengoa, tenpluak handitu beharra zen, jende gehiago sartu ahal izateko. Bigarrena, mezetan, sakramentuak ematen, hildakoen mezetan, kapilautzan eta abarretan parte hartzen zuten elizgizonen kopurua handitzea zen.

Behar horiei erantzuteko, parrokiek berezko fiskalitatea zuten. Limosnak eta beste eskaintza batzuk kontuan hartu gabe, parrokiaren diru-sarrerak bi bidetatik zetozen. Lehenengoa, apaizen zerbitzua ordaintzeko balio zuten hamarrenak ziren. Horretarako, oreka bilatu nahi zen ekarri beharreko elizgizon kopuruaren eta zerga horrek sortzen zituen diru-sarreren artean. Antzinako Erregimenean, oso ohikoa zen apaizen antolaketan aldaketak egitea, zituzten diru-sarrerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Bestalde, primizia biltzen zen, kultuaren mantentze fisikorako: tenpluko obrak, argiztapena, liburu eta jantziak erostea, etab.

Antzinako Erregimeneko parrokietako elizgizonen karguak onura izenez ezagutzen ziren, eta biziartekoak ziren. Hiribilduetan, orohar, elizgizon horiek kontzejuko kargu publikoak betetzen zituzten leinu berberetakoak izaten ziren, hau da, eragin eta botere ekonomiko handieneko familietakoak. Hala, elizgizonak eta kontzejuko kideak bat zetozen tenpluak handitu, aberastu eta solemnizatzeko beharrarekin, herri eta hiribilduen identitate-elementuetako bat osatzen baitzuten. Nolabait esateko, bertako biztanleen, kasu honetan gernikarren, oparotasun eta ahalmenaren ikurretako bat zen.

Horrela, batez ere Erdi Aroaren amaieran eta Errenazimentuan, hiri barruko eliza asko berreraiki ziren, kostu ekonomiko eta konplexutasun tekniko handiarekin. Hori dela eta, Euskal Herrian eraikitako ondarearen zati handi bat osatzen dute.

Eliza monumental bat

Gernikako Andre Maria elizak estilo gotikoa eta errenazentista konbinatzen ditu, eta elementu erantsi barrokoak ere ditu (kanpai-horma). XV. mendearen erdialdean hasi ziren eraikitzen, eta fase horretakoak dira absidea, inguratzen duen triforio-korridorea, portada zorrotza eta perimetroko hormen zati bat. Tenpluak areto-oinplanoa eta burualde hirukoitza, oktogonala, ditu. Gurutze-ganga errenazentistak, trazeriazkoak, koloma errenazentista soilen gainean daude.

Proiektu gotikoan, ordea alboetako habearteak erdikoa baino baxuagoak izatea aurreikusten zen. Horrela, gangen egungo antolaketa barne-espazio bakarra sortzeko borondatearen ondorioa da.

Bestalde, barrualdean, arkusilioen azpiko alboetako kapera partikularrak ere bisita daitezke. Kanpoaldean, portada gotikoa nabarmentzen da, txaranbeldua, apaindura eskultoriko aberatsa duena; bere artean, mainela nabarmentzen da, Ama Birjina duena Jesus Haurrari eutsiz.

Partekatu

unesco