Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

37. Andra Mari baseliza (URIBARRI HARANA, HARANA)

4. ETAPA: ARAIA • ALDA

Arabako ermita erromaniko zaharrenetako bat

Arabako lurraldean lekukotasun dokumental garrantzitsuak daude, hala nola 1025eko Donemiliagako Goldea, agerian uzten dutenak XI. mendetik aurrera Arabako Lautadan eta Mendialdean herrixka-sare bat zegoela. Aipatutako dokumentuan herrixka bakoitzak Donemiliagako Monasterioari eman beharreko burdin-kantitateak jasotzen dira eta horri esker, garai hartan Araban 300 herrigune baino gehiago zeudela dakigu. Herrixka horiek landa-eliza baten inguruan antolatutako gune txikiak ziren. XIV. mendean despopulazio-prozesu bat gertatu zen, bertako biztanleak handik joan eta loraldian zeuden hiribilduetara lekualdatu zirelako. Parrokia izandakoak ermita kategoriara beheratu zituzten, eta askotan, parrokien menpe geratu ziren. Kasu gehienetan ermita horiek dira Goi Erdi Aroko herrixka haien azken lekuko.

Gaur egunera iritsi diren tenplu horietako asko erromanikoak dira, Arabako lurraldean XII. mendearen amaieran sartu zen estiloa, hain zuzen ere. Hala ere, hainbat adibidetan lehenagoko elementuak ikus daitezke egituran berrerabilitako materialetan: hilarri erromatarrak, adibidez. Populaketaren jarraitutasuna erakusten duten ebidentziak dira, jatorria erromatarren garaian kokatzen dutenak. Hala ere, XII. mendearen aurreko eraikin primitiboak ez dira kontserbatu, eta erromanikoaren aurreko garaietako ebidentzia materialak oso urriak dira.

Uribarri Harana benetako komunikabide-korapiloa izan zen Goi Erdi Arotik, bertan hainbat ibilbide garrantzitsu elkartu baitziren. Horren ondorioz, ermita ugari izan zituen, horietako batzuk desagertuak. Geratzen direnen artean azpimarratzekoa da Andra Mariren tenplu erromanikoa. Arabako tenplurik zaharrenetakoa izan daitekeela uste dute eta beti Ama Birjinari eskainia izan den arren, mendeetan zehar izena aldatu du: XVII. mendeko testamentu-legatu batzuetan Pradoko Andre Maria izenez ageri da, eta ondoren, XVIII. eta XIX. mendeetan, Bengolarreako Andre Maria izenez (kokatuta dagoen lekuaren toponimoa hartu zuen).

Andra Mari ermita, Haranako erromanikoaren adibide bat

Uribarri Haranako herrigunearen kanpoaldean dago ermita, iparraldean, muino baten gainean. Eraikuntza-maila handiko tenplu erromanikoa da, kalitate bikaineko harlanduz landua, denboran zehar aldaketa handirik jasan ez duena, eta ondorioz, erromanikoaren esentziari eusten diona. Gehitu den zati bakanetako bat mendebaldean ikus daiteke: garai modernoan tenpluari beste sarbide bat emateko irekitako atea da, geroago itsutua. Eraikin txiki honek bi zati ditu: habeartea, zuzena; presbiterioa eta burualdea, zirkuluerdi-formakoa, baxuagoa eta estuagoa. Tenpluaren antzinatasunaren zantzu izan daitezkeen hainbat elementu daude, XI. mendean koka daitezkeenak: absidean erabilitako harlanduen tamaina handia eta absideko bao ñimiñoa, bai eta apaingarririk gabea eta oso funtzionala izatea.

Hegoaldeko horman portada erromanikoa dago. Bertan, dobelak dituen erdi-puntuko arku bat eta arkibolta bat ageri dira. Pixka bat peraltatuta daude, gradazioan, eta hauts-babes batek errematatzen ditu, Jakako takeatuz apaindua. Absideak, kanpoko aldean hagaburutxo lauen lerro bat gordetzen du.

Barrualdea gaur egun hustuta dago, eta absideko leiho gainean garai desberdinetako horma-pinturen zatiak daude.

Partekatu

Azken aldaketako data: