Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

245. Amezaga jauregia (Güeñes)

7B. ETAPA: BILBAO • BALMASEDA

Amaitu gabeko jauregia

Amezaga jauregiaren hondakinak Gueñesko irteeran, Zallarako norabidean dagoen muino baten gainean altxatzen dira. 1709. urtean hasi ziren eraikitzen baina ez zuten inoiz amaitu, 1720. urtean Baltasar Hurtado de Amezaga sustatzailea hil baitzen. Horren ondorioz, imajinario herrikoian kutsu paranormaleko hainbat elezahar sortu ziren, eta haien eraginez jauregiari Sorginen Jauregia ere esaten zaio.

Elezaharrak alde batera utzita, gaur egun zutik dirauen egituraren sendotasunak, materialen aberastasunak, neurriek eta muinoaren goialdean harana menpean hartuz duen kokapenak erakusten digute jauregia eraikin bikaina izateko sortu zela. Baltasar Hurtado de Amezaga, Riscal de Alegre markesa, Gueñesko jaurerriko familia batekoa zen, XVII. mendearen amaieran eta XVIII. mendean garrantzi handia lortu zuen familiakoa. Ibilbide militar garrantzitsua egin zuen, eta esku-hartze nabarmenak izan zituen Flandriako tertzioetan. Felipe V.a erregeak bere zerbitzua saritu nahi izan zuen 1708an Riscal de Alegreko markesgoaren titulua eman zionean. Orduan bururatu zitzaion Hurtado de Amezagari jauregia aurreko oinetxe baten gainean eraikitzeko proiektua. Kondairak dioenez, emandako tituluagatik erregeari eskerrak emateko bere jaioterrira gonbidatu nahi izan zuen, eta horretarako, errege bati ostatu emateko moduko eraikin bat eraikitzen saiatu zen. Edo agian, besterik gabe, eskuratutako noblezia-tituluarekin bat zetorren jauregia egitea pentsatu zuen. Edonola ere den, Baltasar Hurtado de Amezagak aparteko jauregi bat eraiki nahi izan zuen eta horretarako XVIII. mendeko euskal arkitekturan eragin handia izan zuen Martin Zaldua barrokoko arkitekto eta erretaulagile gipuzkoarra aukeratu zuen. Haren lanen artean nabarmentzekoak dira Azpeitiko Loiolako santutegiko eskailera handia (1692), Hernaniko (1705) eta Olatiko (1712) elizen portadak eta, ziurrenik, Lekeitioko San Jose eliza (1720-1722).

Baltasar Hurtado de Amezaga hil zenean, lanak gelditu egin ziren eta jauregia ez zen inoiz amaitu. Eraikina amaitu gabe geratu zen, bada, abandonatuta eta hondatuta, gaur egunera arte. Gaur egun jabetza pribatua da, eta pabiloi gisa erabiltzen dute nekazaritza eta abeltzaintza-lanetan.

Eraikitako jauregi zatiaren hondarrak

Barroko estilokoa da eta oinplano angeluzuzena du. Bi dorre aurreratu ditu, fatxada nagusian izkina alakatuak dituztenak. Beheko solairua, lehenengo solairua eta teilatupea eraiki ziren. Gaur egun eraikinak estalkirik gabe jarraitzen du eta baoak hutsik daude: kanpoaldera erabat irekita dago, beraz. Erabilitako materialei dagokienez, kareharrizko harlanduzko lana du fatxada nagusian, erantsitako bi dorreetan eta ate eta leiho-inguruetan, izan ere, material nobleagoa izanik eraikinaren zati garrantzitsuenetarako gorde ohi da. Alboko fatxadek, berriz, harlangaitzezko hormak dituzte.

Eraikinak bao ugari ditu alde guztietan, batez ere nagusian, eta horrek erakusten du jauregia irekia eta argitsua izateko asmoa zutela. Fatxada nagusian baoak nabarmentzen dira: lehen solairuan antzematen den balkoia eta dorreen bi solairuetako alde guztietan ageri diren baoak. Dekorazio-elementuei dagokienez, oso sinpleak eta soilak dira eta moldurez osatuta daude: batetik dorreen alaketan ikusten direnak, eta bestetik goiko solairuan dagoena, lehen aipatutako balkoiaren gaineko bao laukizuzenean.

Partekatu

unesco