Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

27. Amamioko San Joan ermita (ARAIA, ASPARRENA)

3. ETAPA: ARANTZAZU • ARAIA

Amamioko eremua

Eremuak goi Erdi Aroko herrixka txikiak dira, garai batetik aurrera hustu egin zirenak ia erabat desagertzeraino. Arabako Lautadari dagokionez, populatze-mota sakabanatua da, hau da, elkarrengandik hurbil dauden populaketa-gune txikik osatzen dute eskualdearen antolaketa. Hala, gaur egun Arabako lurraldean juridikoki kontzeju diren 336 entitate daude: horiek dira Erdi Aroko herrixka txiki haien oinordeko biziak, gau egundaino biziraun dutenak.

Herrixka sakabanatuen populatze-mota honek Antzinate berantiarrean du jatorria, III-V mendeetan. Mende horietan Erromatar Inperioa gainbeheran zegoen, eta ondorioz, ekonomiaren berregituratze bat beharrezkoa izan zen, estatuaren zergak handitzea ekarri zuena. Inperioaren aparatuari eusteaz gain, birmoldaketa horrek militarki bizi zen ziurtasun ezari konponbidea eman nahi zion, herri germaniarrek gogor estutzen baitzituzten Inperioko mugak. Konfigurazio ekonomiko berria, landa eremuaren ustiaketa handiagoa eta, agian, erasoek eragindako segurtasun ezagatik, Veleia erako hiriek garrantzia galdu zuten eta populatze sakabanatuagoek gora egin. Hala eratu zen Arabako lurraldearen ezaugarri den populatze sakabanatua.

Erdi Aroan, hala ere, XII. mendetik aurrera, Nafarroako erregeek Araban (eremu hori bere jurisdikziopean baitzegoen) abian jarri zuten ordenazio-politikak panorama aldatu zuen. Erregea herrigune batzuei foruak ematen hasi zen, herri horiek hiribildu bilakatu ziren, eta hala, gainerako herriguneena baino estatus altuagoa ematen zuten pribilejioak eskuratu zituzten. Nafarroako erregeek hasitako politika horrekin jarraitu zuten Gaztelako erregeek ere 1200 urtetik aurrera. Erdietsitako estatus berriak loraldi ekonomikoa ekarri zien hiribilduei, eta horrek, halaber, inguruko herrixketako biztanleak erakarri. Pixkanaka, herrixkak husten joan ziren, asko eta asko ia erabat desagertu arte: baselizak baino ez ziren geratu, gaur egun ermita bihurtuak.

San Joan ermita, Amamioko herrixkaren azken aztarna

Gaur egun, Amamioko ermita da herrixkatik geratzen den aztarna bakarra. Amamio XI. mendeko Donemiliagako goldea dokumentuan aipatzen da lehen aldiz. Erregistro horretan Arabako Lautadako eta Mendialdeko herrixkek Donemiliaga Kukula monasterioari egindako ekarpenak jasotzen ziren (burdinazko goldea hamarrenen ordainketarako neurri-unitatea zen, seguruenik).

Ermita, lehen Amamioko baseliza, Araia eta Albeniz herrien arteko mendi-hegal baten gainean kokaturik dago, eta XIV. mende aldera bertan behera utzia izan arren, zutik dirau. San Joan Bataiatzailearen adbokazioa du, eta Arabako landa-erromanikoaren adibide bikaina da. XII. mendean eraikia, eraikuntza txikia da, oinplano angeluzuzena du eta kalitate handiko harlanduz eginda dago. Nabe bakarra eta estalkian kanoi-ganga ditu, eta burualde laua, bao txaranbeldua duena. Baoak kanpoaldean molduradun erdi-puntuko arkua du, garaian ohikoak ziren xake-itxurako motiboz apaindua. Alde banatan koloma bat du, eta kapiteletan bi lehoi eta arrano baten irudiak ageri dira. Tenplu hau Euskal Herriko erromanikoaren adibiderik onenetarikoa da.

Partekatu

Azken aldaketako data: