Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Altxerri

Altxerri Bisonteaen haitzuloa da. Hauxe da haitzuloan gehien ageri den animalia.
Dena den, espezie sorta oso zabala da, Madalen garaiako artistek gustokoen zituzten apodunez gain, beste asko utzi dizkigute hormetan, esate baterako haragijaleak, hegaz-tiak, arrainak, ta baita suge itxurako bat ere.
Lehen ere esan degun bezela, Altxerri Azken Madalen garaiko koba da. Altxerri Ekain baino geroxeagokoa dela dirudi. Eusko Jaurlaritzak Altxerriko haitzuloa "ondasun kalifikatua" izendatu du, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak aurreikusten duen zermugatu haundiena.

Aurkikuntza

Inork ez zekien inguru hartan haitzulorik bazenik, harik eta 1956an eraiki zuten arte Altxerri baserriaren paretik igarotzen den errepidea. Lan hauetarako harrobi bat prestatu zuten, baserri atzean dagoen kare-harria ateratzearren.
Deinamitaz egindako leherketetako batek metro bat zabal eta 80 cm garaiko zulo bat egin zuen, eta horretatik ikusi zuten galeria luze eta haundi bat bazela; dena den, hasiera batean lekuko interesa bakarrik eragin zuen.

Sei urte beranduago, Aranzadi Zientzi Elkarteko kideek aurkikuntza horren berri izan zutelarik, esploratzeari ekin zioten. 1962ko urriak 28an, Felipe Aranzadi, Javier Migliaccio eta Juan Cruz Vicuña gazte donostiarrak material espeleologikoarekin haitzuloko leizeak aztertzera joan ziren.
Leize bat aztertzeko gauzak prestatzen ari zirela, hurbileko horman marra beltz batzuk ikusi zituzten. Laister konturatu ziren Bisontea baten irudia zela. Beste irudisorta batzuk ere aurkitu zituzten kobazuloko hainbat tokitan.
Jose Migel Barandiarani - edo, hark idatzi ohi zuenez, Barandiarango Jose Migeli - eman zioten aurkitutakoaren berri, huraxe bait zen orduan Arantzadi Zientzi Elkartearen Historiaurre Saileko zuzendari. Barandiaranek aurkitutakoa benetakoa zela egiaztatu zuen, baita, bere esperientziari esker, beste irudi asko aurkitu.

Lehenengo babes-neurriak

Argi zegoen irudi gehienak benetazkoak zirela, halere, aurreko urteetan izandako bisitarien idazki batzuk ere bazeudenez, kontu ta zuhurtzia handiz jardun beharra zegoen, labar multzo paleolitikoaren azterketa egiteko unean.

Aranzadi Zientzi Elkartearen lehendabiziko erabakia ate bat jartzea izan zen, haitzuloa behar bezela ixteko. Haitzuloari Altxerri izena ipini zioten, inguruko baserriarena hartuz horretarako.

Beharrezkoak baino bixita gehio ez onartzea erabaki zen. Barandiaran arduratu zen irudiei buruzko azterketaz eta 1964an argitaratu zuen irudien lehenengo memoria Munibe aldizkarian. 1976 urtean Altuna irakasleak, J. M. Apellániz irakaslearen lankidetzaz, argitaratu zuen irudien buruzko bigarren azterketa, Munibe aldizkarian berriro ere.

1996an Jesus Altunak "Ekain y Altxerri - Dos santuarios paleolíticos en el País Vasco" dibulgaziozko liburua argitaratu zuen.

Aztarnategi arkeologikoa

Barandiaranen lanetan zehar, haitzulo barnetik haitzuloaren berezko sarrera aurkitu zen. Harrobiak zabaldutako sarrera artifizial hartatik metro gutxitara dago.

Lan hauetan zehar kata bat egin zen, hau da, zulo txiki bat berezko sarreraren ondoan eta aztarnategi arkeologiko bat aurkitu zen. Irudien ondoan egindako katak ez zuten emaitza positiborik eman. I eta IIgarren irudi sorten pean berriz, punta eta karraskailu bat aurkitu ziren, biak suharrizkoak.

Deskribapena

Haitzuloaren bai gaur eguneko eta bai aintzinako sarrerak ia bertikala den haitz batean daude. Sarrera itsas-mailatik 20 metrotara dago, ta bailara-mailatik 15 metrotara. Gaur egun 2,5 km egin behar dira itsasertzerarte, baino Madalen garaian, itsas-maila orain baino 60 m beherago zegoen. Orduan Altxerritik itsasora 6 km izango zirela kalkulatzen da.

Haitzuloa ongi estratifikatutako eta diaklasa edo arraildura ugariko kare-harritan zabalduta dago. Geruza hauek mehe xamarrak dira, eta gutxietan hartzen dute 40 zentimetro baino gehiagoko lodierarik. Tartean beste geruza margatsu fin batzuk dituzte.

Geruza multzo hauetan toles eta arraildura txikiak ikus ditzakegu. Horren guztiaren eraginez, hainbat bloke erori da, eta horrenbestez lurra horrelakoz estalita dago, sarrera parean batik ba, inguru malkarra eratuz bertan. Beste inguru batzuetan buztina sedimentatu egin da, etengabe iragazten den urak eraman bait du, eta halatan lurra bera ere berdindu egin du.

Azaldutako elementu hauek direla eta, Altxerriko haitzuloak ez du Euskal Herriko beste haitzulo gehienen antzik, beste gehienak kare-harri trinkoetan bait daude.

Irudietako batzuk, aipatutako geruza horien aurrealde edo fronteetan eginda daude, eta estratifikazio-planoetan beste batzuk. Lehenengo kasuan irudiak ez dira handiak. Izan ere, geruzak mehe xamarrak izanik ezin neurri handirik sartu, tarte horietan sartu behar badira.

Haitzuloan grabatuak eta pinturak daude. Grabatuak ongi daude, pinturak ordea oso hondatuta, urteak milaka igarotzean kalte handia egin baitiete. Toki askotan, hormako hezetasuna oso handia da, eta horrek eragindako kaltea begi-bistakoa, ezen pintura bera eraman baitu, leku askotan ia-ia dagoeneko ez ezagutzerainoko moduan. Horregatik haitzuloa itxita egon da beti jendearentzat. Historiaurrelariek bakarrik izaten dute bisitatzeko aukera, bere ikerlari lana argitalpen bidez egiaztatuta duten historiaurrelariek eta bere laguntzaileek.

Altxerri haitzuloa Euskal Herrian dago, Bizkaiko Golkoaren historiaurreko haitzulo multzoaren barnean. Euskal Herrian badira historiaurreko beste hainbat santuegi, hola nola, Ekain, Santimamiñe edo Izturitze.

Haitzuloa Beobategaña mendiaren ekialdeko maldapean dago, Aia herrian. Bide erosoena halere Orio kostaldeko herritik egiten da.

Altxerriko ingurunean ez dago Magalen garaiko aztarnategirik. Hurbilena Errallako aztarnetegia da, 11 km-tara hego hego mendebalderuntz. Ekialderuntz Aitzbitarte da gertuena, 20 baino gehio kilometrotara.


Irudiak

I irudiak II irudiak III irudiak IV irudiak V irudiak VI irudiak VII irudiak Bi Bisonteak Goiko galeria Panoramak

Irudi sorta I

Irudi sorta I

Lehen irudi sortak guztira berroigeta hamar bat irudi ditu, gehienak grabatuak.
Barrunbe estu ta luzexka batean daude, eta irudi hauek ikusteko banaka sartu behar da barrunbe honetara.
Irudi multzo hau bi sortetan banatu da: Ia irudi sorta barrunbearen ezkerreko horman dago, Ib eskubikoan. Gaur egun gela hau lehor mantentzen da.

Irudi sorta Ia - bisontea:

Irudi sorta Ia - bisontea
Irudi sorta Ia - bisontea

40 cm luzero dituen Bisontea bat degu hemen. Ipurtaldea sakon grabatu da, buztana listua, lau hanka eta sabelaldeko marra - hau da, animaliaren ilea motzena den gorputz atalak. Animaliaren beste alderdietan marra ugari egin da, egitura baiti jarraiki, askoz finagoa inondik ere, eta badirudi Bisonteaek bereziki negu parteko jantzian izan ohi duten aurrealdeko ile-piloa adierazi nahi dutela, halako ukitu espresionista batez. Badirudi margolariak zera esan nahi duela, bisontea "atzealde zehatz bat da, eta horrez gain, dena ilea". Marraduraren aurreraldean begia grabatu dute, fintasun handiz hau ere. Inguru beretik ageri zaigu adar luze bat, marradura gaindituz.

Irudi sorta Ia - Elur-oreina eta azeria:

Irudi sorta Ia - Elur-oreina eta azeria
Irudi sorta Ia - Elur-oreina eta azeria

Hau elur-orein bikain baten gorputzaren aurrealdea degu, sakon grabatuta dago. Adarretatik apoetaraino 85 cm ditu. Interpretazio bat emate aldera, esan dezakegu eserita dagoen animalia altxatzen ari dela.
Burua oso ondo zainduta dago. Begiearen eta sudur aldearen artean zenbait trazu mehez egindako grabatu bat du, hain zuzen arte erabilgarrian animalia honen irudietan sarritan egiten zuten bezela.
Elur-oreinaren lepoan, 25 cm luze dituen azeri baten grabatua dago. Punta lehorrez egindako grabatu sakona du. Belarriak motz xamarrak dira, espezie artikoak bezelaxe. Elur-oreinarekin batera marrazturik dagoelako, azeri artiko bat dela pentsatu dezakegu, eta ez gaur egun gure artean bizi den azeria.

Irudi sorta Ia - Basahuntza:

Irudi sorta Ia - Basahuntza
Irudi sorta Ia - Basahuntza

Basahuntza (10 cm) honen gibealdea, atzeko hankak eta sabelaldeko marra sakon grabatuta daude. Beste gorputz zatiaren grabatua - bizkar-aurrea, lepoa, burua, begia eta adarrak - oso mehea da, eta ikusteko zaila. Sabelean modelatu bat du, sakon grabatuta hau ere, animali hauek gorputzeko inguru horretan duten alde iluna adierazteko nonbait.

Irudi sorta Ia - Arrainak:

Irudi sorta Ia - Arrainak
Irudi sorta Ia - Arrainak

Arrain itxura duen harkaitza batean bi arrain zapal grabatu dira. Goikoa (luzera 30 cm) irudikatzeko grabatu sakona erabili dute, suabegoa eginez animaliaren gainealdean eta sabela inguratzen duten hegats luzeetan. Isats hegatsa argi ta garbi ikusten da. Saihets lerroa alderik alde heltzen da.
Arrain zapal bat da, platuxa latz, oilar edo lengoraduen antzekoa. Altxerriko arrainak platuxen antz handiagoa du.
Arrain irudi honen aurrean beste arrain zapal baten silueta dago, amaitu gabe bigarren hau. Sailkapen zoologikoari dagokionez, berbera izan daiteke.

Irudi sorta Ia - Saigak:

Irudi sorta Ia - Saigak
Irudi sorta Ia - Saigak

Irudi hau grabatu sakonez eginda dago. Adarretik soinara 30 cm ditu.
Marrazkiarekin antzik handien duen animalia saiga arra da (emeek ez dute adarrik), egin ohi duen jauzi bertikaleko keinuan.
Honen eskuinean beste saiga baten silueta grabatuta dago, sinpleagoa. Kopeta-sudurren profila eta adarra bakarrik ditu.

Irudi sorta Ia - bisontea:

Irudi sorta Ia - bisontea
Irudi sorta Ia - bisontea

Bisontea hontan (luzera 35 cm) xehetasun asko ikusi ditzakegu: kopeta-sudurren profilerako, haitzaren ertza erabili dute. Burualdearen osagarri, berriz, mutur-punta, sudurzuloa, begia eta adarra ere baditu. Adarra ondo marraztu dute, goraldera eta aurreraldera.

Irudi sorta Ib - Basahuntza:

Irudi sorta Ib - Basahuntza
Irudi sorta Ib - Basahuntza

Basahuntz ar honek 25 cm-ko luzera du. Honen adarrek - arretan emeetan baino askoz handiagoak - ongi erakusten digute pirenear espezia dela eta ez alpetarra. Honek ere zera adierazten du, bi espezie hauek garai hartan dabaneko zeharo bereizita zeudela.
Aurreko hankak apendize sinple batzuk dira, jauzi egiteko bilduta bezela.

Irudi sorta Ib - Arraina:

Irudi sorta Ib - Arraina
Irudi sorta Ib - Arraina

27 cm dituen arrain grabatu honek urraburu motako arraina dirudi. Burua bere begi handiarekin, bizkar hegats luzea eta hegatsaren abiagune hestu eta luzea ikusirik behintzat horixe dirudi. Espezie hau gainera ibaietako estuarioetan sartu ohi da.

Irudi sorta Ib - bisontea:

Irudi sorta Ib - bisontea
Irudi sorta Ib - bisontea

Irudi honek (luzera 30 cm) Bisontea baten ezkerreko aldea erakusten digu. Animalia ibileran dagoela dirudi aurreko hanken posizioari begiratzen badiogu. Buruan, adarrak, begia, kopeta-sudurren profila eta muturra marraztu dira.
Animaliaren gainean beheranzko bi lerro zuzen daude, konkor atzealdearen gainean bata eta gibealde gainean bestea, berau ukituz beste muturrean, buztan inguruan alegia. Lerro hau gorputzean sartzen den tokian pintura-marra bat dago, armak gorputzean egindako zauriari odola dariola adieraziz.

Irudi sorta Ib - Txoria:

Irudi sorta Ib - Txoria
Irudi sorta Ib - Txoria

Hegazti (luzera 17cm) honen bizkarraldea, burua eta lepoa itxuratzeko, haitzaren berezko kantoi batez baliatu dira. Izan ere, ertz honen berezko formak hegazti baten irudia ekarri zion gogora Paleolitoko artistari, eta beronek osatu zuen, begia, bular aldea, sabela, bizkarraren atzealdea eta buztana grabatuz. Buztanak berak hainbat ebakidura paralelo ditu, lumak markatzearren eginak.

Irudi sorta II

Irudi sorta II

Hemen pintura nagusitzen zaio irudiari.
Alabaina, pinturetako batzuk oso toki hezean daude, eta gehiena ezabatu egin da dabaneko.

bisontea:

bisontea
bisontea

Bisontea honek 50 cm luzera ditu. Burua eta konkorraren lehen zatia ikusten dira, eta gorputz-enborraren atze-aldea. Honen gainean troska bat hazi da (estalagmita), erdialdeko zona oso-osorik estaliz.

Uroa:

Uroa
Uroa

Hemen 30 cm luze dituen uro baten silueta marraztu da partzialki. Kopeta-sudurren profila eta begia bi marra ximpleekin egin dira. Adarrak bere lekuan daude eta ondo aurreraldera. Bizkar aurrea argi adierazita dago. Baita pelbisaren konkortxoa.

Irudi sorta III

Irudi sorta III

Bigarren irudi sorta honen paren, baino goraxego, hirugarren irudi sorta osatzen duten hiru irudi daude.

Bisontea:

Bisontea
Bisontea

Hemen bisonte bat (luzera 40 cm) pintatu eta grabatu da, altu samar, galeria bere ikuspegian hartuz nolabait. Irudiak poliki erreproduzitu ditu bizkar lerroa, sabelekoa, eta baita atzealdea ere, buztan eta hankez; hauetako bat aurreraxeago dago.
Erabilitako errepresentazio teknika ez da orain arte ikusitakoa bezelakoa; izan ere, grabatua batzuetan pinturarekin batera ageri da, beste batzuetan pinturaren osagarria da, eta baita pinturaren gainetik jarria ere zenbaitetan. Irudi sorta V-eko bisonteetan ikusiko degu berriz.

Irudi sorta IV

Hemen ditugun 14 irudien artean batzuk oso grabatu fin batekin egin dira eta zaila da hauek ikustea. Argazkiak egitea ere ia ia ezinezkoa da.
Denak geruza berean daude, bi honen aurrealdean eta besteak estratifikazio planoan.

Irudi sorta V

Irudi sorta V

Bostgarren eta seigarren irudi sortetara heltzeko, estalagmita edo troska mantu batean gora abiatu behar da, konkrezio beraren beste alderdi batek osatzen duen arku txiki baten azpitik igaro, eta bi leizeren artean dagoen zubi estu batean jarri.

Irudi sorta V
Irudi sorta V

Geruzen fronte estuak formatzen dute irudi sorta hau. Hauetako fronte batean daude irudi gehienak: zazpi bisonte, zaldi bat, sarrio bat, ahuntz bat eta, seguruena, uro bat, eremu marradun batzuez eta zeinuren batez gain.

Bisontea

Bisontea
Bisontea

Bisonte hau egiteko pintura eta grabatua erabili dira, haitzaren beraren ertz eta pitzadurekin batera. Animalia egiteko, egiaz, haitzaren berezko marketatik abiatu dira, eta horiek osatu dira.
Gezuraren goiko ertza bizkarraldea da. Gezurako arraildura batek itxuratzen ditu ipurmasaila eta atzeko hankaren hasiera.
Beste pitzadura batzuek osatzen dute hanka honen aurreko aldea, eta bide batez izterrak sabelean egiten duen lerroa markatzen dute. Beste arraildura batek eskapula ingurua erakusten digu, aurreko hankaren hasiera-rekin batera. Aurreko eta atzeko hanken artean, sabel lerroa pintatu dute.

Bisonteak

Bisonteak
Bisonteak

Hemen bi bisonte ditugu, biak margotuak; eremu marradunak bi irudi hauen zati handi bat hartzen du. Eskubiko animalia (luzera 50 cm) ezkerraruntz jarrita dago, eta beste bisonte (35 cm) bat du parez pare. Biak friso berean daude baina arraildura batez banatuta. Irudi hauek, gezuraren lodierak ematen duen bestekoak dira.

Zaldia

Zaldia
Zaldia

Kare-harrizko konkrezio zuri batek eratutako konka batean - honen ertzean estalaktita batzuk daude zintzilik - 42 cm luze den zaldi pintatu bat dago.
Ez du inolako grabaturik. Esan bezala, konkrezioa zurixka da, eta beharbada horrexek eragingo zuen haitza "zuritu" beharrik ez izatea; beste toki batzuetan, marra bidez egiten zuten zuritze lan hori.

Irudi sorta VI

Seigarren irudi sorta, bostgarrenaren aurrean dago. Hemen estratifikazio planoez eratutako azalera hartzen dute irudiek, geruza fronteak erabili beharrean.
Guztira lau elur orein, lau bisonte, suge itxurako bat eta zeinu batzuk dira.

Elur-oreina eta sugea

Elur-oreina eta sugea
Elur-oreina eta sugea

Elur orein hau (luzera 26 cm) ia ia osorik dago. Animalia ezagutzeko xehetasunak asko eta garbiak dira, hola nola: gorpuzkera orokorra, muturra, adakera, bularralde ilelatza, gorputz enborra modelatzeko lerroa, etab.
Elur orein honen lepogainean suge itxurako bat dago, gorantz doana, uhin forma hartuz. Horren gorputz enborra egiteko, bi lerro paralelo daude, eta hauen gainean jarririk, goiko muturrean, angelu bat, burua ixteko.

Bisontea

Bisontea
Bisontea

Bisonte irudi hau (luzera 27 cm) pintatzeko oso ongi baliatu dituzte bertako haitzaren bolumenak, adibidez bizkar lerroan, eta eskapular eta azpil gerrietan. Kopeta-sudurraren profila falta da edo galdu egin da.

Irudi sorta VII

Irudi sorta hau, laugarren irudi sorta bukatzen den lekuan dagoen leitzean dago, leitzerako jaitsieran bertan. Hauek egiteko ia ia laua den plano zabal bat erabili dute.

Oreina

Oreina
Oreina

Hemen orein baten burua eta bizkar lerroaren hasiera ikusten degu. Margotuta dago eta grabatu pixkoat daramaki buruan. Animaliaren zehaztapena xehetasun hauei esker egin dezakegu: mutur zorrotza eta adartzaren itxura. Ikusten degun zati honek 50 cm neurtzen du, hau da, haitzuloan dagoen buru-irudi handienetariko bat da.

Bisontea

Bisontea
Bisontea

Irudi honek bisonte baten ezkerraldea erakusten digu. Zati hauek marraztu dira (edo mantentzen dira): aurrealdea eta sabel lerroa, sexurarte.
Burua kontu handiarekin marraztu da. Pintura obainak kalparra itxuratzen du.

Bi bisonteak

Hasieran zirudien amildegi hau zela historiaurreko gizakiak haitzuloaren inguru honetan egindako bidaiaren amaiera.
Aranzadiko espelologoek leize honen sakonean hasten den galeri luze bat aurkitu zuten, baina giza aztarnarik ez. 1982 urtean leizearen hondoan bi bisonte irudi aurkitu ziren. Honek itxaropena piztu zuen, pentsatuz behealdeko galeria bikainetan irudi-multzo gehiago aurkituko zirela. Alabaina, esperantza hau horretan geratu zen, irudi bi horiek galeria horietan dauden bakarrak bait dira.
Irudiak dauden planoa ia ia bertikalki eroritzen da, leizearen oinarriraino, 10 metro sakonean. Lurretik 2 metrotara daude bi irudiak. Tamalez irudi hauen pintura ia ia galdu egin da.

Bisontea

Bisontea
Bisontea

Bisonte honek luzera 60 cm ditu. Muturra egiteko haitzean dagoen konkrezio zirkular bat erabili dutela dirudi. Aurreko hankeko batean, atzerago dagoenean, apoa ikusten da.

Goiko galeria

Goiko galeria hontara iristeko derrigorrez eskailera edo teknika espeleologikoak behar dira.
Estratifikazio plano baten dagoen laugune haundi batean, pintura gorri multzo bat dago. Hauen interpretazioa zaila da.

Bisontea

Bisontea
Bisontea

Lerro luze bat ikusten degu, badirudi honek ezkerraldera begiratzen ari den bisonte baten bizkarra adierazten duela. Hiru metro dituenez haitzuloan dagoen irudirik haundiena da.

Panoramak

Panorama 1
Panorama 2
Panorama 2
Panorama 3
Panorama 4

Bibliografia

  • Alcalde del Río, H., Breuil, H. & Sierra, L.
    1912. Les cavernes de la région cantabrique (espagne). Imp. A. Chene. Monaco
  • Apellániz, J. M.
    1982. El arte prehistórico del País Vasco y sus vecinos. Desclée de Brouver. Bibao.
  • Barandiaran, J. M.
    1978. Exploración de las cuevas de Polvorín y Venta Laperra. Homenaje a J. Caro Baroja 109-129. Madrid. Centro de Investigaciones sociológicas.
  • Beltrán, A.
    1971. Los grabados de la cueva de Vennta de Laperra y sus problemas. Munibe 23, 387-398
  • Gorrotxategi, X.
    2000. Arte paleolítico parietal de Bizkaia. Kobie, Anejo 2.