Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok inauguratu du 2025eko Euskadi Gastronomika Sarien banaketa-ekitaldia, Euskadiko turismo gastronomikoaren ekimen onenen balioa nabarmentzen duena. Sari horiek sektoreko profesionalen eta enpresen autentikotasuna, berrikuntza, lankidetza eta konpromisoa aitortzen dituzte, beren lanarekin euskal gastronomiaren prestigioa lortzen laguntzen baitute.
Euskadi helmuga turistikoa da, gastronomiak definitzen duena, eta ez da soilik bisitariak erakartzeko arrazoi bat, adierazpen kultural eta sozial bat baizik. Sailburuaren ustez, "gure sukaldaritzak nazioartean duen prestigioa produktu apartak, lehen mailako ekosistema profesionala eta etengabeko bilakaera uztartzen dituen legatuaren emaitza da".
Turismo gastronomikoa kultura babesteko tresna gisa finkatu da, produktuaren eta lurraldearen kalitatea eta autentikotasuna sustatzen dituena. "Bisitariek benetako esperientziak bilatzen dituzte, eta Euskadin aurkitzen dute tradizioaren eta berrikuntzaren uztartze berdingabea", azaldu du.
Era berean, Ostalaritzako Eskolen eta Unibertsitateen zeregina nabarmendu da, non belaunaldien arteko erreleboa eratu eta gastronomiaren ondarea sendotzen den. "Euskadiko gastronomia zaporeak baino askoz gehiago da: pertsonak konektatzen dituen esperientzia da, harremanak sustatzen ditu eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen da", azpimarratu dute.
Azkenik, Euskadi Gastronomika Sariek Euskadi turismo gastronomikoan nazioarteko erreferente izatea posible egiten dutenak saritu dituzte: ekoizleak, sukaldariak, ostalariak eta komunikatzaileak, beren dedikazioarekin euskal gastronomiak identitate-ikur eta garapen-eragile izaten jarrai dezan laguntzen dutenak.
6 sari eman dira kategoria guztietan:
- Jatorria: Saria lurraldearen tradizio, kultura eta autentikotasunarekin bat egiten duten turismo gastronomikoaren arloko proposamenei, tokiko produktuaren eta jasangarritasunaren apustu eta sustapenaren bidez – Garena Jatetxea (Dima. Bizkaia)
- Ongi Etorri: Saria gastronomiaren arloan bezeroari zuzendutako arretaren bikaintasunari – Hiruzta upategia (Hondarribi. Gipuzkoa)
- WOW: Saria gure esentzia eta identitatea transmititzen duten komunikazio-ekintza original eta inpaktu handikoei – Malum Rex (Astigarraga. Gipuzkoa)
- Berritu: Saria bezeroaren bidaian zeharreko berrikuntzari: inspirazioaren fasetik iritziaren fasera, erabakitik eta gozamenetik igarota – Ikea jatetxea (Gasteiz. Araba)
- Konpromisoa: Saria ahaleginari, honako alderdi hauetan: jasangarritasuna eta erantzukizuna; kulturaren eta paisaiaren ondareaz gozatzeko aukera; turismo inklusibo eta irisgarriaren eskaintza; eta kultura gastronomikoari eta konpromiso sozialari balioa eman diotenen elkartasuna – Mater Barco Museo Ekoaktiboa (Pasaia. Gipuzkoa)
- Elkarrekin: Saria turismoaren arloan produktu gastronomiko bereziak eta kalitatezkoak sortzeko sektorekako lankidetzari – 2 irabazle, sari bera: Tolosaldea eta Gorbeia (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba)
Ekitaldian, sari berezia eman zaie gastronomian eta bere sustapenean diharduten funtsezko hiru figurari: Eva eta Karlos Arguiñano eta Benjamin Lanari. "Sukaldeetatik, hedabideetatik eta dibulgazio gastronomikotik egin duen ekarpena funtsezkoa izan da gure sukaldaritza erreferente kultural eta turistiko gisa kokatzeko", adierazi du sailburuak.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)