Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok inauguratu du gaur Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak antolatutako “Adimen artifiziala eta kontsumitzaileen eskubideak” izeneko jardunaldia. Sailburuak nabarmendu du kontsumoaren ikuspegitik adimen artifiziala erronka garrantzitsua dela. “Adimen artifizialak gure erosketa-ereduak eta gure gustuak aztertzen ditu, eta, marketin prediktiboaren bidez, geure nahiei aurrea hartzen saiatzen da. Edo horixe iragartzen du. Eta, horren aurrean, kontsumitzaileok tresna egokiak izan behar ditugu”.
Ildo horretatik, sailburuak aztertu du adimen artifiziala onuragarria izan daitekeela prozesuak hobetzeko, baita geure erosketa- eta kontsumo-esperientzia eta are erreklamazio- edo itzulketa-esperientzia hobetzeko ere. Baina, era berean, “arriskutsua izan daiteke, batez ere kolektibo kalteberenentzat, beren mezuetako batzuengatik eta desberdintasunak sortzeko eta areagotzeko duen ahalmenagatik, lehiakortasun-abantailak ematen dizkie-eta horretan inbertitu dezaketenei, inbertitu ezin dezaketenen aldean”.
Horregatik, azaldu duenez, adimen artifizialaren garapenaren eta erabileraren etika kezka bihurtu da administrazioentzat, baita kontsumitzaileentzat ere. “Kontsumitzaile gisa, erantzukizun handiagoa eskatu behar dugu haren erabileran, eta, administrazio gisa, hori zaindu egin behar dugu, erregulazioarekin, prestakuntzarekin eta informazioarekin. Eta, horretarako, funtsezkoa da adimen artifiziala zer den eta nola funtzionatzen duen jakitea. Kontsumobidek antolatzen duen jardunaldi honen helburua da gai hau aditu ezagunekin jorratzea, lagundu egingo baitigute adimen artifizialari heltzeko tresnak bultzatzen eta hura kontsumitzaileentzat aliatu bat noiz izan daitekeen eta noiz ez antzematen”.
Jardunaldian analista eta hizlari espezializatuek parte hartu dute, besteak beste, Jaime García Canterok eta Alex Rayónek, baita zuzenbidean adituak diren Anabel Karina Ariasek eta Leire Escajedok ere, Edmundo Rodríguez magistratuaz gainera.
“Argi izan behar dugu beti pertsonen eskubideek teknologiaren garapenaren eta ezarpenaren erdigunean egon behar dutela. Horregatik, gure betebeharra da lan egitea tresnak bultzatzen jarraitzeko, eta kontsumitzaileei beren eskubide eta gaitasunen inguruko prestakuntza eta informazioa emateko, gai izan daitezen adimen artifizialarena bezalako erronkei aurre egiteko. Zalantzarik gabe, jardunaldi honek horretan lagunduko du, eta Kontsumobiden lanean jarraituko dugu Euskadiko kontsumitzaileen eskubideak indartzeko”, esanez amaitu du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)