Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Ikuspegiak. Arteen eta kultura-industrien estatistikaren irakurketa analitikoa 2021

Txosten honek Arteen eta kultura-industrien 2021eko datuak biltzen ditu. Kultura-sektoreen egoeraren gaineko irakurketa osoa egiteko asmoz sortua, interes handiko bi elementu plazaratzen ditu: kultura-sektore osoaren gaineko ikuspegi holistikoa, eta kultura-politikaren gai nagusiei buruzko zeharkako irakurketak.

Edizio honetan, pandemian jasandako inguruabarrak gehitu behar dira, 2021ean oraindik irauten baitzuten edukierei, ordutegiei eta pertsonen mugikortasunari buruzko murrizketek. Gogora ekarri behar da 2022ko otsailera arte ez zela dekretatu Euskadiko osasun-larrialdiko egoeraren amaiera. Salbuespenezko egoera horrek eragin handia izan zuen kultura-jarduera presentzialean; izan ere, aldakortasuna eransten die datuei, azken edizioetan erregistratutako joera-ildoak hausten ditu eta alde nabarmenak sortzen ditu sektoreen artean. Informazio hau, hortaz, une korapilatsu baten erretratua da, eta hala tratatu behar da.

Edizio honetako beste berritasun bat berdintasun-politikei buruzko atala da, emakumeek enpleguan duten presentziari buruzko azterketa osatzen duena.

Txostenak bi atal nagusi ditu:

  • Lehenik eta behin, arteen eta kultura-industrien adierazle orokorrak aurkezten dira, honako arlo hauei buruzko zifra nagusiak bilduta: sektoreen araberako dimentsioa, parte hartu duten agenteen titulartasuna eta lurralde-banaketa. Hartara, aukera ematen da kultura-sektore osoaren erretratua egiteko.
  • Bigarrenik, datuei buruzko zeharkako begiradak ematen dira: sektoreen asimetriak, erreproduzitu daitekeen kulturaren eta zuzeneko kulturaren arteko bereizketa, agenteen jarduera ekonomikoaren bilakaera, euskarak kultura-jardueran duen pisua, agente pribatuek arlo publikoarekin duten mendekotasun-maila, berritze- eta nazioartekotze-maila, eta genero-ikuspegia, emakumeen presentziari aplikatua nahiz berdintasun-politiken ezarpenari aplikatua.