2023an 20 urte bete ziren UNESCOk Ondare Immateriala Zaintzeko Konbentzioa Parisen onartu zuenetik. Bi hamarkada horietan, 180 herrialderen atxikimendua lortzeaz gain, Konbentzioak munduan kultura-dibertsitatea sustatzeko duen gaitasuna egiaztatu da.
Ondasun immaterialek zerrenda zabal eta aldi berean askotarikoa osatzen dute. Ondare immaterialaren balizko zabaltasun horretan datza bere handitasuna eta bere zailtasuna, ezen kolektibitate baten ia edozein kultura-adierazpen adierazgarri jo baitaiteke Kultura Ondare Immaterialtzat (KOI aurrerantzean, aukeran). Komunitate horrentzat esanahia eta zentzua izatea da horretarako baldintza.
Eraikuntza zibil eta erlijioso handien botereari eta ikusgarritasunari lotutako higiezin-ondarearen aurrean, beste bide bati ekin zion Konbentzioak, eta egunerokoaren adierazpenak, emakumearen rola, landa-arloko alderdiaren rola, artisau-lanbideen rola, eta abar, aitortzea, zaintzea eta balioan jartzea da bide horren helburua. Ildo horretan, agerikotasunik ez duten adierazpen eta kolektiboei ahotsa ematen diela esan ahalko litzateke. Aurrerapausoa da, gainera, begirada antropologiko batetik begiratuta, eta kudeatzeko modu berriak dakartza horrek halaber. Komunitate eramaile horiek KOIaren zaintzan duten rol nagusiak behartzen du, hain zuzen ere, fokua ondare horren gobernantza-ereduetan jartzera. Komunitateak pisu nagusia izan behar du ondarearen kudeaketan KOIaren zentzuaren bermatzaile gisa. Horrexegatik da gobernantza, harreman-esparru irekia den aldetik, aurkezten den azterlanaren hari eroalea.
Hiru atal handitan egituratzen da txostena eta azken gogoetekin amaitzen da.
Lehen blokeak esparru kontzeptual eta juridikoa aztertzen du, gobernantza-kontzeptuarena eta kultura-politiketan duen aplikazioarena, zein KOIarena berarena. Erreferentziazko erakundeen hurbilketak eta azken urteetan izan duten bilakaera biltzen dira.
KOIak EAEn duen egoeran eta etorkizunean sakontzen du bigarren blokeak. Kontzeptua berez erlatiboki berria bada ere, ikerketa etnografikoak tradizio handia du Euskal Herrian, eta azken mendean egindako ikerketa ezinbesteko ezagutza-iturria da esparru horretan. Egungo eskumen- eta lege-esparrua ere aurkezten da, eta, azkenik, egungo egoeraren azterketa bat egiten da gure inguruneko KOIaren inguruko ikerketaren, identifikazioaren, zaintzaren eta ezagutza balioan jartzearen inguruan. Azterketa honek ez duela diagnostiko sakon bat izan nahi argitu behar da, eta are gutxiago alor horretako kudeaketa-plan bat. KOIak EAEn bizi duen egoerara ikuspegi orokor batetik eta herrialde-ikuspegi batetik egindako lehen hurbilketa bat da.
Hirugarren blokeak, aldiz, KOIaren gobernantza-eredu batek EAEn ardatz izan ahalko lituzkeen oinarriak planteatzen ditu. Kontuan hartu beharreko dimentsioak eta funtsezko gaiak planteatzen dira, baita eredu hori garatzeko beharrezkoak diren urratsak ere, kontzeptutik beretik eta Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legeak ezartzen dituen betebeharretatik eratorritakoak. Kultura-politiken esparru orokorrarekin nola uztartzen den eta beste hainbat arlorekin –hala nola turismoarekin eta ingurumenarekin– duen lotura aipatzen dira atal hori ixteko.
Azkenik, azken gogoeta batzuk aipatzen dira laburki KOIak Euskadin etorkizunean izan dezakeen garapenerako.