Justizia eta Giza Eskubideen Saila

Eusko Jaurlaritzak Arabako Errioxara eraman du migratzaileen nazioarteko egunaren ospakizuna, eta tokian-tokian egiten den harrera-lana omendu du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritza.

  • Arabako Errioxako Caritasek, Mugarik gabeko maitasuna GKEk, Paulo Freire IGEk, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikariek eta eskualdeko gizarte-langileek eta Arabako Errioxako ikastetxe publikoek saria jaso dute
  • 2025ean Ermuak hartuko du lekukoa, eta Migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldia antolatuko du
  • Melgosaren arabera, "Euskadik migrazioaren gobernantza aldarrikatzen du, giza eskubideen errespetuan, elkartasunean eta erantzukidetasunean oinarrituta, baina, batez ere, lankidetzan"

Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, Migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatu dute gaur arratsaldean Guardian eta Arabako Errioxan. Ekitaldiak Euskadira iristen diren migratuen integrazioari tokian-tokian ematen zaion bultzada aitortzeko balio izan du. Horrela, eskualdeko bost erakundek jaso dute aitorpen ofiziala.

Sarituak izan dira Arabako Errioxako Caritas, Mugarik gabeko maitasuna GKE, Paulo Freire IGE, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikariak eta eskualdeko gizarte-langileak eta Arabako Errioxako ikastetxe publikoak: Guardiakoa, Lantziegokoa, Eltziegokoa, Oiongoa eta Bastidakoa.

Ekitaldian, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak nabarmendu duenez, "migrazioak gero eta titular gehiago eta handiagoak dituen nazioarteko testuinguruan, Euskadin mugaraino hurbildu gara, giza eskubideen errespetuan, elkartasunean eta erantzunkidetasunean, baina batez ere lankidetzan oinarritutako migrazioaren gobernantza aldarrikatzeko".

Bestalde, Guardiako alkateak, Raúl Garcíak, Guardiako bisitariak hartzen eta agurtzen dituen mezua goraipatu du, bertako bost ateetan jartzen baitu “bakea iristen direnei, osasuna bertan bizi direnei eta zoriontasuna joaten direnei”. “Kartel horrek gaur inoiz baino zentzu handiagoa hartzen du. Ongi etorriak izan daitezela beren etxeak utzita iristen diren pertsona horiek guztiak, eta gure artean munduko osasunik onena izan dezatela, eta zoriontasuna beste leku batera migratzeko gure artetik joaten direnentzat”, nabarmendu du.

Alkateak gaur saria jaso dutenen lana ere balioetsi nahi izan du. “Gaur hemen gaude zuei, egunez egun, baina baita eskuz esku ere, migratzaileen bizi-kalitatea hobetzeko lanean ari zaretenoi, eskerrak emateko. Nahiz eta udalok planak, jarduerak edo baliabideak sortu, beraiekin zuzenean lan egiten duzuenok zarete haien erreferente, adiskide edo administrazioarekiko lotura, bai eta euren etxeak uztera behartuta Arabako Errioxan bizitza bat sortzera etortzen direnei konfiantza ematen diezuenak ere”.

2022tik, Eusko Jaurlaritzak Migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatzea sustatzen du Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2000. urtean horretarako aldarrikatutako egunarekin bat eginez. Urte horretan ekitaldia Zarautzen egin zen, eta 2023an Bilbora eraman zen.

2024an, Arabako Errioxak eta, zehazki, Guardiak, hartu dute erreleboa. Jai- eta aldarrikapen-ekitaldi horien bidez, tokiko administrazioen eta migratzaileak euskal gizartean integratzen parte hartzen duten erakunde eta ekimenen jardunbide egokiak eta lana aitortu eta saritu ere egin nahi dira. Jai hau Migraziorako Euskal Itun Sozialari atxikitako Euskadiko udalek izenpetutako konpromisoen esparruan egiten da.

Ekitaldia amaitzeko, lekukoa eman zaio Migraziorako Euskal Itun Sozialaren esparruan udal-eremuko jardunbide egokiak aitortzeko ekitaldia egingo duen hurrengo udalerriari. 2025eko abenduaren 18an, Ermua izango da protagonista. Gaur, bertako alkatea, Beatriz Gámiz, eszenatokira igo da erreleboa bistaratzeko.

Jai-ekitaldia

Eguren Ugarte upategiak hartu du gaur arratsaldean Arabako Errioxako ekitaldia, eta bertan izan dira, saritutako pertsonez eta erakundeez gainera, eskualdeko udaletako ordezkariak ere, Guardiako alkatea, Raúl García buru zutela. Era berean, beste ordezkari instituzional batzuen artean izan dira Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua, Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernu Irekiko foru-diputatua, eta Xabier Legarreta Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordea, beste askoren artean.

Musika eta antzerkia ez dira falta izan gaurko ospakizunean. Gaiteroek, Mulixka dantza-taldeak, Manuel Iradier Elkarte Afrikanistak Gorsy Edu Abaga aktore eta koreografoaren eskutik edo Elh Malick musikariak girotu dute jardunaldia. Kalimba elkarteko haurrek ere parte hartu dute. Elkarte horrek auzoko kulturarteko eta belaunaldien arteko aisialdirako gune txiki bat eskaintzen du, musika-topaketak partekatuz, familia migratzaileen harrera errazteko eta parte hartzaile guztien sozializazio egokia bultzatzeko.